2. REALA. 2. BARTZELONA

Lasaitu... eta otsoa agertu

Reala 0-2 atzetik zen 11. minutuan munduko talderik onenaren kontra, eta zailena egin dute: markagailua irauliBigarren zatian Bartzelonak lo hartu duela baliatu dute Agirretxek eta Griezmannek

Donostia
2011ko irailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Golak: 0-1: Xavik (9. min.). 0-2: Cescek (11. min.). 1-2: Agirretxek (59. min.). 2-2: Griezmannek (61. min.). Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak: Realeko Zurutuzari eta Cadamurori; eta Bartzelonako Messiri. Bestelakoak: 30.000 ikusle inguru Anoeta estadioan.

Ez dago futbola ulertuko duen amaren semerik. Hain justu, Bartzelona eta Real Madrilen tamaina geroz eta erraldoiagoaren inguruan hautsak gehien harrotu diren astean, kexa ahotsak ozenen entzun direnean, zer eta txuri-urdinek aienea baretu. Puntu zoragarri bati esker. Gutxien espero zenean gainera. Horrek garaipen zaporea areagotu baino ez zien egin jokalariei eta Anoetan bildutako 30.000 jarraitzaileei. Atsedenaldian nork esan behar zien estralurtar jantziak erantziko zizkiotenik Guardiolaren gudaroste zanpatzaileari. Inork ez. Baikorrena ezkor. Errealitate eskolak eman zizkiolako lehen zatian talde blaugranak etxekoari. Garbi utziz, bien arteko distantzia neurtzerik ez dagoela gaur-gaurkoz. Soilik, hezur-haragi direnek egin ohi duten akats batek zutituko zukeen Reala 0-2koaren ondoren. Norberaren buruan uste gehiegi izateak. Eta horixe egin zuen Bartzelonak, gezurra badirudi ere.

Montanierrek Mariga eta Griezmann sartu zituen hasierako hamaikakoan Vela eta Aranburu eserita. «Mendia igotzeko, haren tamainak ezin zaitu kikildu», adierazi zuen neurketaren bezperan, eta jokalariak azken hilabeteotan ikasitakoa egitera zelairatu ziren. Loturarik gabe, ausardiaz, Prieto eta Griezmann hegalez aldatuz, lerroak aurreratuz, Bartzelonaren zelai erdiko jokoa, euren erdigune neuralgikoa kateatu asmoz. Guardiolak, neurketen kargak baldintzatuta, txandakatze sistema jarri zuen martxan —hiru astetan zazpi norgehiagoka dituzte—. Messi, Iniesta, Villa, Abidal nahiz Puyol aulkian. Zerbaitegatik ekarri dizkiote Cesc eta Alexis. Multzoaren lehiakortasuna handitzeko.

Hasterako, bi gol berdin

Bakarren batek horri leporatuko dio irrist egitearen arrazoia. Argudio ahulegia, inondik ere. Nola azaldu bestela aurreneko zatiko erabateko nagusitasuna. Esku-burdinak kataluniarrek jarri zizkietelako etxekoei, 10. minutuaren bueltan, bi gol sartuz. Lehena Xavik. Bigarrena Fabregasek. Zein baino zein antzekoagoak. Batean, Fabregasek baloia loratu Alexisek atzelarien bizkarra hartzen zuela ikusita, hark Bravo herrikidearen irteera gainditu, eta goleko pasea maisuari. Bestean, Thiagok egin zuen Fabregasena, hark Alexisena, eta Pedrok Xavirena. Realeko atezainak lehen jaurtiketa gelditu zuen, baina aldaratzearekin ezin. Markagailuko aldea zelaian ikusten ari zen aldearen proportzio berekoa zen, gutxienez. Azalpenak topatzea alferrikako lana zen.

Bigarren zatia hasi orduko, usurbildarrak gertu izan zuen gola. Errazegi egin zuen errematea area barruan, Camp Noukoen tentsio falta salatuz. Adierazgarria. Handik minutu gutxira, 59.ean, Xabi Prietok, oztoporik gabe, pase luzea jaso zuen bere saihetsean, eskuinean, erdiraketa atera zuen ezkerrez penalti puntura, indarrik gabea, eta Agirretxek, Kovacevicen burukada atera zuen. Ederra. Eta zaleak oraindik gola ospatzen ari zirenean, Griezmannek ez zien esertzen utzi. Jokaldi ero-eroa. Villak, Bartzelonako aurrelariak, bere atezainarekin jokatu nahi izan zuen 60 metroko pasea emanaz, baina Agirretxeri eman zion. Hark Valdesi izkin egin zion, jaurti, Busquetsek besoa luzatuz aldendu, langa jo, eta zaleen barkamenaren bila, frantziarrak jokaldiari jarraipena eman zion lehenik, eta errematea ondoren. Guztiak epaileari begira. Zer da galdetuz.

Erantzuna, txartela kataluniarrari, eta gola. Bina. Ez sinestekoa. Ordu erdi geratzen zen. Orduan eman zuten etxekoek mailarik onena. Guardiolak kriseilua igurtzi zuen etsiak harturik. Beranduegi. Messi jenioak ezin duelako beti agertu gurariak betetzeko. Okerra egina zegoen eta Montanierrenek baliatzen jakin zuten. Zaputzetik poztasun bizira hiru ordu laurden eskasean. Futbolari gogoak eman ziolako. Horregatik ezin dira ondorioak atera. Gutxiegi ikusi dugu eta atzokoa salbuespen gozo-gozoa baino ez da. Herculesen adibideak atximur egiteko balio du. Camp Noun ezusteko handia eman zuten bigarren jardunaldian eta hara non dauden egun. Hurrengo geltokia Sevilla. Hankak lurrean izanda egiten da bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.