Lasaitu ederra hartu du

Lasok 22-11 irabazi dio Elezkano II.ari. Partidaren lehen zatian lotuta jokatu du egungo txapeldunak, baina sakeari esker eman dio buelta

Unai Laso, pilota bat jaso nahian, atzoko norgehiagokan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Buruz Buruko txapeldun izateko bidean, gozatu adina sufritu ohi da. Gutxi dira bi egoera horietatik pasatu gabe txapela jantzi dutenak. Egungo txapeldunak, Unai Lasok, egun zail horietako bat izan zuen atzo, Danel Elezkanoren aurka, Labriten. Bizkarreta-Gerendiaingoak 22-11 irabazi zuen, baina partidaren lehen zatian asko sufritu zuen. Lotuta jokatu zuen. Azken 11 tantoak, ordea, segidan egin zituen. Sakean asmatzeak eman zion horretarako bidea batez ere. Irabazita, lasaitu ederra hartu zuen. Izan ere, gaur Elordik Altuna III.aren aurka egiten duenaren zain, azken jardunaldian irabazita finalerdietan izango da. Baikok aurtengo Buruz Burukoan lortu duen lehen garaipena izan zen atzokoa.

Aurreko asteburuan Altuna III.aren aurka galdu ostean, Lasorentzat derrigor irabazi beharreko partida zen. Beste presio bat ere bazuen: bera da finalerdietan egoteko aukerak dituen Baikoko pilotari bakarra. Zama hori antzeman egin zuen lehen tantoetan. Elezkano II.a 3-0 jarri zen aurretik. Presaka aritu zen norgehiagokaren hasiera horretan Laso, tantoak ahalik eta azkarren amaitu nahian. 4-1 egon zen aurretik Elezkano.

Hasiera horretan, Zaratamokoak zuzen jokatu zuen, eta aukera txikiena aprobetxatu nahian aritu zen tantoa egiteko. Aurretik egoteak horretarako aukera ematen zion. Baina Lasok lau tanto egin zituen segidan, horietatik hiru sakez, eta buelta eman zion emaitzari: 5-4. Lasok 9-5ekoarekin lortu zuen ordu arteko alderik handiena.

Horrek patxada eman behar zion bere jokoa erakusteko. Baina ez zen horrela izan. Izan ere, Elezkano II.ak hiru tanto egin zituen segidan. Bizkarreta-Gerendiaingoak kontrakarrean jokatzen segitu zuen, nahiz eta partidako lehen atsedenaldira 11-8 joan zen aurretik.

Laso, 22ra erreskadan

Atsedenaldiaren ostean, Elezkano II.ak ondo mugitu zuen Laso, eta tanto batera jarri zen: 12-11. Txapelduna oso deseroso zegoen, eta, horren seinale, hiruzpalau aldiz bere buruarekin haserretu zen.

Baina, hortik aurrera, Aspekoak ez zuen alerik egin. Lasok, berriz, sakearekin asmatzen segitu zuen. Beste hiru tanto egin zituen sakez. Lortu ez zuenean, berriz, Elezkano II.aren errestoek aukera eman zioten tantoa mendean izateko. Horri esker, aldea handituz joan zen, eta arnasa hartzen. Elezkanok, berriz, partida amaieran onartu zuen moduan, ez zituen tantoak amaitzeko aukera apurrak baliatu, eta ordaindu egin zuen azkenerako.

Bukaeran, Lasok nabarmenduzuen «sufritu» egin zuela. «Tentsio handiko neurketa izan da. Elezkanok deseroso sentiarazi nau, eta eskerrak sakeari. Bizia eman dit. Irabazi beharreko partida zen, eta, aurrera aterata, oso pozik nago. Puntuak lasaitasuna ematen dit».

Multzo horretako bigarren jardunaldiko beste partida gaur jokatuko dute Altuna III.ak eta Elordik, Astelenan (18:00, ETB1). Altuna III.ak irabazten badu, finalerdietan izango da, eta Elezkano II.a, txapelketatik at. Elordik irabazten badu, berriz, sailkapena gehiago korapilatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.