Damaris Egurrola. Olympique Lyongo jokalaria

«Lasaitasuna nahi dut orain, eta futbolaz disfrutatu»

Lehen asteak ditu Egurrolak munduko talderik onenetakoan. Frantziako taldearen eskaintzak ezustean harrapatu zuela dio, baina ez zuela bitan pentsatu, eta bost egunen buruan dena lotua zuela.

DAMIEN LG -OL.
ainara arratibel gascon
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
21 urte besterik ez dituen arren, futbolaren munduan gauza asko bizitzea egokitu zaio jada Damaris Egurrolari (Florida, Ameriketako Estatu Batuak, 1999). Lyonen bere lekua egin nahi duela argi utzi du. «Ez naiz egonean egoteko etorri».

Azken urte eta erdia aldaketaz beterikoa izan da zuretzat. Bilbotik, Londresera, eta handik, Lyonera. Nola sortu zen Europako talderik indartsuenarekin fitxatzeko aukera?

Oso aste biziakizan dira, batez ere Lyonekin fitxatu aurrekoak. Neuk ere ez nuen sekula pentsatuko halako eskaintza bat jasoko nuenik. Gau batean nire ordezkariak hots egin zidan, eskaintza horren berri emanez. Ezuste izugarria izan zen. Gurasoei deitu nien, niretzat haien iritzia beti izan delako garrantzitsua. Batetik, Evertonen oso gustura nengoen: jokatzen, asko ikasten eta Ingalaterrako futbolaz disfrutatzen. Baina, bestetik, halako aukera bati ezin nion ezetz esan. Bost egunean lotu nuen dena: fitxaketa, hiri aldaketa... Egokitzapena erabakia bezain bizkorra izaten ari da. Taldekideek eta klubak asko lagundu didate.

Denboraldi erdian egonda, ez zenuen pentsatu sasoia Evertonen amaitu, eta hurrengo denboraldian egitea urratsa Lyonera?

Aipatu bezala, halako aukera bat gutxitan sortzen da, eta baliatu egin behar nuen. Gainera, haiek hasieratik oso garbi utzi zidaten nire aldeko apustua, eta berehala nahi nindutela taldean. Horrek ere konfiantza eta lasaitasun handia eman zizkidan erabakia hartzekoan.

Etxetik gertuago egoteko aukera ematen dizu, gainera. Hori ere beste arrazoi bat izango zen Lyonekin fitxatzeko, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Ingalaterran hori zailagoa zen, are gehiago bizitzen ari garen egoera honetan. Lyonetik, berriz, errazago joan naiteke etxera, eta familia eta lagunak niregana etorri. Horrek lasaitasun handia ematen dit.

Nola da halako klub handi batean egotea? Hasi zara jabetzen?

Izugarria da. Kanpotik pentsa dezakezuna baino handiagoa da kluba. Batez ere jokalariekin duten tratua nabarmenduko nuke. Une oro kezkatzen dira zutaz, eta behar duzun guztian laguntzen dizute. Gainera, ikaragarriak dira dagoen exijentzia maila eta mentalitatea. Balio duen bakarra irabaztea da, eta lehen egunetik hori da transmititzen dizutena. Eguneroko gauza txikietan ikusten da hori. Arlo guztietan beste maila batean daude.

Izarrez betetako taldea da Lyon. Zein jokalarik harritu zaitu gehien?

[Dzsenifer]Marozsan beti izan da niretzat munduko erdilaririk onenetakoa. Teknikoki sekulako kalitatea du, eta harekin jokatzea luxu bat da. Gauzarik zailenak erraz egiten ditu, eta inguruko jokalariok disfrutatzea lortzen du. Dibertigarria da haren alboan jokatzea. Ada [Hegerberh] ere izugarria da. Baina harengandik ere beste zerbait nabarmenduko nuke: zeinen gertukoa den. Lehen egunetik asko lagundu dit egokitzapenean, eta nire gurasoekin ere oso tratu goxoa izan du. Beti eskertuko diot. Izarrak dira, baina oso gertukoak.

Entrenamenduetan asko sufritu duzu?

Oso entrenamendu desberdinak dira. Baloi jabetzari ematen zaio batez ere garrantzia, eta bizkor jokatzeari. Oso entrenamendu biziak dira. Gimnasioan ere lan handia egiten dugu, fisikoak eregarrantzi handia baitu hemengo ligan. Ohitzen joan behar dut. Evertonen eman nituen hilabeteetan urrats bat egin nuen bi arlo horietan, eta oso baliagarria izan zait hemen egokitzen joateko. Minutuak pilatu ahala lortuko dut.

Partida batzuk jokatu dituzu jada. Zer esan dizu entrenatzaileak?

Nik dakidana egiteko esaten dit beti, eta horrek lasaitasun handia ematen dit. Neu izaten saiatzen naiz zelaian, zer taldetan nagoen ahaztuta.

Halako milako jokalariak izanda taldean, hasierako hamaikakoan finkatzeko aukera ikusten duzu?

Argi dago hemen zaila dela hamaikakoan lekua egitea. Baina haiek eman didaten konfiantzarekin, eta nik neure buruarengan dudanarekin, lortzea espero dut. Horretarako etorri naiz, eta hori dut buruan. Horretarako egingo dut lan. Ez naiz hona etorri egonean egoteko.

Azken bost Txapeldunen Ligak irabazi ditu Lyonek. Sasoi honetan irabaziz gero, lehen euskal herritarra izango zinateke hura irabazten. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Handia litzateke hori niretzat. Txapelketa horretan historia egiten jarraitu nahi du klubak. Lehen egunetik esan zidaten hori. Aipatu bezala, hemen dena irabazi beharra dago. Baina hori ez da nahikoa. Irabazteari bezainbesteko garrantzia ematen diote hori egiteko moduari. Ondo jokatu behar da. Nik debuta egin nuen egunean, adibidez, oso partida deserosoa izan genuen. Haize asko egiten zuen, eta belar artifizialeko zelai batean jokatu genuen. 5-0 irabazi genuen. Baina, hala ere, taldekide asko ez ziren pozik joan etxera. Ez genuela partida osoa jokatu zioten. Pentsa non dagoen exijentzia maila. Urteetako kontua da. Aste garrantzitsuak ditugu orain aurretik, eta ilusio handiz gaude.

Uda aurretik bizi izan zenuen egoera zail hark ordaina izan du azkenean, ezta?

Hala da. Aurrekoan horixe bera esaten nion familiari. Azkenean, kostata bada ere, ari dira gauza onak iristen. 16 urterekin egin nuen debuta Athleticekin, eta bost urte hauetan gauzak oso bizkor joan dira. Denboran ere galdu naiz. Orain nahi dudana da lasaitasun apur bat, azken hilabeteak oso zoroak izan baitira, eta arreta osoa jarri nahi dut nire egunerokoan, eta futbolaz disfrutatzen segitu.

Bizi izandako guztiak helduago egin zaitu?

Baietz esango nuke. Iaz arte Bilbon bizi nintzen, Athleticen jokatzen nuen, gurasoak eta lagunak ondoan nituen. Dena oso erosoa zen. Baina Londresera joan nintzenetik, aldaketa handia izan zen: bakarrik bizi, egunerokoa zuk kudeatu... Daukadanari balio handiagoa ematen ikasi dut.Hemen ere bakarrik bizi naiz, erdigunetik 10 minutura, eta entrenatzen garen lekutik 20 minutura. Oso hiri erosoa da, eta horretaz ere disfrutatu nahi dut.

Etxekoengatik ere poztuko zara, ezta?

Bai, hala da. Gurasoek hemen egoteko aukera izan zuten aurkezpen egunean. Aste osoa egin zuten hemen nirekin. Oso hunkigarria izan zen haientzat, asko disfrutatu zuten. Lagunak ere asko poztu ziren. Haietako batzuek negarra ere egin zuten berria eman nienean, jakitun zirelako zeinen gaizki pasatu nuen.

Evertoni beti egongo zara eskertuta, ezta?

Bai. Izan ere, une oso zail batean nire aldeko apustua egin zuten, eta hori ez dut sekula ahaztuko. Asko disfrutatu eta ikasi nuen, bai zelaian, baita zelaitik kanpo ere. Oso esperientzia aberasgarria izan zen: hango futbola ezagutu, herrialde eta kultura askotako jokalariekin aldagela partekatu... Wembleyen ere final bat jokatzeko aukera izan nuen, nahiz eta galdu. Hori ez dut sekula ahaztuko.Jende asko daramat handik, eta agurrean ere esan nien zeinen eskertuta nengoen.

Zer alde antzeman zenuen Espainiako eta Ingalaterrako futbolen artean?

Ingalaterrako futbola askoz biziagoa da, bai entrenamenduetan, bai partidetan. Baloi jabetzari garrantzi handia ematen zaio, eta apenas uzten dizute pentsatzen. Aurretik buruan izan behar duzu jokaldia, bestela berehala lapurtzen dizute baloia, edo gainean duzu aurkaria. Gainera, gimnasioan ere bestelako lana egiten da. Indarra lantzen da batez ere. Horrek ere arlo fisikoan beste pauso bat ematen lagundu zidan. Aipatu bezala Frantziarako ondo etorri zait, antzekoa baita. Bestalde, nabarmendu nahiko nuke baita ere Ingalaterran emakumeen futbolak hedabideetan duen ikusgaitasuna. Emakumeen futbolari buruzko programak ere badaude.

Esperientzia berri horiek bizitzeko utzi zenuen Athletic?

Ez da erraza zure betiko taldea uzteko erabakia hartzea. Baina agurreko eskutitzean nioen bezala, esperientzia berriak bizi nahi nituen, erronka berriei heldu. Joateko une egokia zela pentsatu nuen.

Baina zale batzuek ez zuten zure erabakia ulertu, eta irainak ere jaso zenituen sare sozialetan. Gainera, 23 urte baino gutxiagoko jokalarien formakuntza eskubideen auziak zure irteera zaildu zuen. Athleticek 250.000 euro eskatzen zizkion zu fitxatu nahi zituen taldeari.

Hala da. Oso momentu gogorrak izan ziren, asko sufritu nuen. Bidegabea zen, eskubide horien ondorioz ezin genuelako gure etorkizuna erabaki. Argi utzi nahi dut ni ez nengoela eskubide horien kontra, klubek diru bat jartzen baitute jokalari gazteen formakuntzan, eta ordain bat jaso behar dute jokalari horiek joatean. Kopuruak zentzuzkoak izatea baino ez genuen eskatzen. Soilik Futbolistas On sindikatuak babestu gintuen Auzitegi Nazionalera joateko gure borrokan. Ez genuen guregatik bakarrik egiten, baita atzetik datozen futbolari gazteengatik ere.

Aste asko eman zenituen bakarrik entrenatzen.

Hala da, eta ez zen erraza izan egoera, asteak aurrera joan ahala egoera zailtzen joan baitzen, eta ateak ixten joan ziren. Eskerrak, azkenean, Evertonen aukera egon zela.

Athleticentzat ez da denboraldi erraza izaten ari. Nola ari zara ikusten?

Ez da denboraldi erraza izaten ari haientzat. Ondo hasi ziren, baina gero emaitza bolada txar bat kateatu zuten. Baina baikor naiz. Iraia [Iturregi] oso entrenatzaile egokia da egoera iraultzeko, nortasun handia du, eta gauzak garbi ditu. Ziur nago gora egingo dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.