Arduratuta baino, baikor. Halaxe dago Athleticeko entrenatzaile Angel Villacampa taldearen egoerarekin. Gabonetako etenean, konponbide bila aritu da, eta uste du garaipen bat lortzea mugarri izan daitekeela egoera iraultzeko.
Zortzigarren jardunaldia erreskadan hiru puntuak batu gabe egon eta gero, ondo etorri zaizue etena, ezta?
Bai. Espero dugu eten hau mugarri bat izatea, ideiak freskatzeko eta indartsu bueltatzeko. Liga berri bat balitz bezala ekingo diogu lehiari.
Realaren kontrako derbi batekin ekingo diozue berriz ligari, Errege egunez. Aurreko sasoian ere egoera txarrean heldu zineten derbira. Baina irabazi, eta bolada aldatu zen. Oraingoan ere hala izatea espero duzue?
Bai, dudarik gabe. Nahiz eta Reala oso ondo ari den Nataliaren [Arroyo] eskutik. Guk garaipen bat behar dugu, egiten ari garen lana finkatzeko eta sendotzeko. Izan ere, zu modu batean ari zara lanean, eta mezu eta ideia batzuk helarazten dizkiezu jokalariei. Baina jardunaldiak igaro eta emaitzak iristen ez badira, zalantzak sortzen hasten dira. Errudunak topatzen hasten zara. Baina ez da horretarako momentua, baizik eta patxada izatekoa. Garbi dago ni naizela egoeraren arduradun nagusia, eta ardura horrekin, eta aipatutako patxada edukita, erabaki egokiak hartzen ahaleginduko gara. Argi izanda bolada txarra dela, baina ez drama bat. Oraindik liga asko geratzen da, 21 partida: 63 puntu. Ziur nago egoera iraultzea lortuko dugula, jakitun naizelako nolako jokalariak ditugun.
Logroñoren aurkako partidaren aurretik zenion ez zaudetela ohituta halako egoerak bizitzera. Hori izan daiteke gakoetako bat?
Egoera berria da, bai taldearentzat, baita niretzat ere. Urteetan, irabaztera ohituta egon gara. Ziurrenik, horregatik etorri nintzen hona, baita futbola ulertzeko eta bizitzeko antzeko modu bat dugulako ere. Baina liga aldatuz doa, eta guztiek maila handia dute. Gaur egun, partida guztiak dira zailak. Espanyolek azken bi denboraldietan baino puntu gehiago pilatu ditu ia, Granadilla goran dago... Egoera horrek ez gaitu ezustean harrapatu, baina zenbat eta bizkorrago ohitu errealitate horretara orduan eta errazagoa izango da behetik irtetea. Naturaltasunez egin behar dugu. Ez dut uste presioa sentitu dugunik, baina blokeo une batzuk izan ditugu. Horrek eragina du jokoan eta emaitzetan.
Egoera ezohikoa da, are gehiago kontuan hartuta taldeak ondo hasi zuela liga.
Hala da. Horrek erakusten du aipatutako berdintasun hori. Irabazi gabe daramatzagun zortzi partida horietatik bat irabazi bagenu, gauzak beste modu batean ikusiko genituzke. Pentsa: Gabonetako etenera aurreko sasoian baino hiru puntu gutxiagorekin baino ez gara iritsi. Aurreko denboraldian, hamazazpi genituen, eta oraingoan, hamalau. Baina taldearen inguruan sentipenak desberdinak dira. Patxadarekin eta lanarekin gauzak aldatu egingo dira.
Sailkapenean puntu gehiago izan beharko zenituzketela uste duzu?
Logroñoren aurkako partida sasoiko txarrena izan zen. Baina galdu edo berdindu ditugun beste partidetan gure aukerak izan ditugu. Betisen edo Valentziaren aurkako partidak ditut buruan. Akats txikiak garesti ordaindu genituen.
Itzulerako lehen egunetan egin behar duzuen lana psikologikoa izango da tekniko-taktikoa bainoago?
Bai, arlo horretan egin behar dugu lan nagusia, eta partidaz-partida joan, egunero hobeak izatea bilatuz. Harago begiratu gabe, eta egiten dugun horri balioa emanez. Izan ere, jokalariak sekulako lana egiten ari dira fisikoki eta tekniko-taktikoki. Ezin diet ezer leporatu.
Taldeak zuregan sinesten duela uste duzu?
Zorte handia dut jokalari hauekin, gauza guztiak argi eta garbi esaten baitizkiogu elkarri. Gardentasun handia dugu alde horretatik, bai bakarka zein moduan. Nik haiengan sinesten dut,eta haiek nigan sinesten dutela sentitzen. Oso batuta gaude. Gainontzean, ziurrenik, ni izango nintzateke alde batera egingo lukeena. Ez du zentzurik zure ideietan edo mezuetan sinesten ez duten leku batean egoteak. Alde horretatik, oso lasai nago. Taldearen batasuna beste gakoetako batizango da konponbideak topatzeko, eta oinarri hori badugu. Baina egoera honetan, esan bezala, dena da zalantza, eta duzuna baino maila txikiagoa daukazula pentsatzera iristen zara. Baina normala da.
Tekniko-taktikoki zer ari da huts egiten?
Edozein huts garesti ordaintzen dugu, eta egiten dugunerako sari eskasa jasotzen dugu. Defentsan egiten ditugun akats txikiak konpondu behar ditugu, eta erasoan argitasun apur bat gehiago izan azken metroetan. Gugan sinetsi behar dugu. Izan ere, taldeak maila handia du. Bestela, ez zuen Atletico Madrilen aurka 3-3 berdinduko, 1-3 atzetik egon eta gero. Taldeak bizi jokatu zuen, eta hain funtsezkoak diren zuloak topatu zituen zelai erditik aurrera. Joko horri segida eman behar diogu. Gaitasuna eta jokalariak ditugu horretarako.
Joko aldetik gauza asko aldatu behar dituzuela uste duzu?
Ez. Ditugun jokalariak kontuan hartuta, modu batera jokatzen dugu. Nekane, Yulema, Erika... espazioetara ondo mugitzen diren jokalariak dira, eta horretara jokatzen dugu. Beharbada, Ane Azkonaren abiaduraren falta antzematen ari gara [denbora luzerako dago min hartuta], Maite Orozen patxada eta jokoa ikusteko gaitasuna, Damarisek buruz zuen ahalmena... Moldatzen joan gara, Sophie, Ibi eta Valdezaterekin. Baina beste jokatzeko era bat da. Azken batean, jokalariak dira protagonistak, eta jokatzeko era haien gaitasun eta ahalmenetara egokitzen da.Valdezate da, adibidez, Damarisen lekuan gehien jokatu duena. Baina jokalari gaztea da, beste ezaugarri batzuk ditu, eta pazientzia izan behar dugu harekin. Hainbat jokalari ere denbora luzez egon dira min hartuta. Denak behar du prozesu bat.Bolada txarrean dagoen talde bateko entrenatzaile baten ahotan, pentsa daiteke hori aitzakia bat dela. Baina ez da hala. Jokalari gazteak finkatuz doaz pixkanaka, eta horri balioa eman behar diogu.
Behar baino gehiago ari zarete nabaritzen Damarisen eta Maite Orozen falta?
Futboleko beste gauza asko bezala, emaitzen menpe dago hori ere. Denboraldi hasieran, partidak irabazi eta puntuak pilatzen genituenean, jendea ez da horretaz ia akordatzen. Orain, egoera txarra denean, haien izenak aipatzen dira. Baina guk aurrera egin behar dugu. Ezin dugu joan direnetan pentsatu, baizik eta daudenei beren onena ateratzen lagundu behar diegu, asko delako.
Zer diote egoera honetaz eskarmentu handien duten jokalariek: Erikak, Gimbertek, Marta Unzuek, Garazik, Nekanek...?
Arduratuta daude, denak bezala. Baina gure filosofiak duen abantailetako bat da, katigatuta daudela klubarekin, eta egoera zaila denean gehiago ematen dutela. Oso harro nago haiekin.
Joseba Agirre kirol zuzendariarekin asko hitz egiten duzu? Hark ere ondo ezagutzen du taldea, entrenatu egin zuelako. Zer esan dizu?
Egunerokoan asko hitz egiten dugu, eta iritzi asko kontatzen diogu elkarri. Argi dugu batuta egoteko momentua dela, aurrera egiteko modurik onena baita. Zenbat eta batuago egon, hobeto.
Haren eta Aitor Elizegi presidentearen babesa sentitu duzu?
Egia esan, horretaz ez dugu hitz egin. Arreta osoa egoera iraultzeko konponbideak topatzean daukagu. Kirol arloaz baino ez dugu hitz egiten.
Alde horretatik, emakumeen futbola desberdina da? Ez duzu zure kargua arriskuan ikusten?
Entrenatzaile izatea aukeratu nuenetik, jakitun naiz emaitzen menpe bizi naizela. Hori da gure ogibidearen patua. Emakumeen futbolean gauza bera gertatzen da. Denboraldi honetan jada kaleratu dute Logroñoko entrenatzailea, nahiz eta taldea Espainiako Kopako finalerako eta Superkoparako sailkatu duen. Baina ez dut horretan pentsatzen. Neure burua gai ikusten dut egoera hau iraultzeko, eta horretan bakarrik pentsatzen dut. Ez banu gai ikusiko, zintzoa izan, eta joan egingo nintzateke. Pertsonen gainetik taldea eta kluba daude. Horretan ez dago zalantzarik.
Egoera hauetan, norekin partekatzen dituzu zure iritziak eta sentipenak?
Etxekoak beti hor daude, eta beste entrenatzaile batzuekin eta jokalari ohiekin ere hitz egiten dut. Entzutea gustatzen zait, beste ikuspuntu batzuk baliotsuak izan daitezkeelako. Gero, egunerokoa kontuan hartuta, nire erabakiak hartu.
Entrenatzaile zarenetik izandako garairik zailena bizitzen ari zara?
Jokalariei bezala, niri ere kostatu egiten zait porrot bat barneratzea, irabazteko egiten baitut lan, eta ez dugunean egiten, frustrazio moduko bat izaten dut. Gaizki pasatzen da, baina horrek ordu gutxi irauten du, jokalariek ezin bainaute horrela ikusi. Nik ezin dut zalantza egin. Baina ziurrenik, entrenatzaile moduan bizi izan dudan egoera zailena da, nahiz eta aurreko sasoi hasiera ez zen erraza izan, eta Atletico Madrilen ere beti zegoen irabazteko presioa.
Zertan da desberdina oraingo egoera aurreko denboraldiarekin alderatuta?
Sekula baino parekotasun eta lehiakortasun handiagoa dagoela. Pandemia ere hor dago: zaleen falta, lan egiteko moduan ekarri duen aldaketa... Denak gaude egoera horretan. Baina kontuan hartzeko beste datu bat da.
Hori guztia kontuan hartua, Athleticek beste helburu batzuengatik borrokatu behar du?
Zaila da lehen lau-bost onenen artean sailkatzea, baina ez dut uste lortu ezin dugunik. Aurreko sasoian, liga eten zenean, bosgarren ginen. Baina orain egin behar duguna partidaz partida pentsatzea da. Derbia da hurrengoa, eta behin garaipen bat lortuta, uste dut beste dinamika batean sartuko garela. Eta luzera begira ikusiko dugu zer esaten duen sailkapenak, eta zer helburu ditugun.
Gizonezkoen lehen taldea ere ez dago onenean. Gero eta zailagoa da Athleticen filosofiarekin aurrera egitea?
Nik uste harro egoteko modukoa dela filosofia honekin segitzea, eta motibazio bat dela dugunari onena ateratzeko. Horrek izan behar du gure obsesioa. Filosofia honetan gehiago sinesten lagunduko digu.
Angel Villacampa. Athleticeko entrenatzailea
«Lasaitasuna edukitzeko eta batuta egoteko momentua da»
Athleticek zortzi jardunaldi daramatza irabazi gabe. Angel Villacampak uste du puntu gehiago merezi zituztela, eta larrutik ordaindu dituztela atzean egindako akats txikiak eta erasoko argitasun falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu