Pedro Leon. Eibarreko jokalaria

«Lasaitasuna aurkitu dut hemen, futbolean ondo jokatzeko»

Azkenaldian Eibarrek egin duen fitxaketarik distiratsuena da erdilariarena. Getafen urte txarrak pasatu ondoren, futbolarekin adiskidetzen ari da berriz ere, eta zelaian gustura dabil. Ondo baino hobeto egokituko da klubaren eta herriaren izaera apalera. Argi utzi nahi du ez dela batere jokalari polemikoa.

JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Pedro Leon Sanchezi (Mula, Murtzia, Espainia, 1986) elkarrizketa egin, eta hurrengo egunean zartatu zen Eibar taldean ia beti bizi izan den lasaitasuna, Sergi Enrich eta Antonio Luna jokalarien kasuarekin. Beste kontu batzuez aritu zen hizketan erdilari espainiarra, orain ezagun dena ezezaguna zenean artean.

Ematen du oso pozik zaudela Eibarren. Hala al da?

Bai. Urte txarrak izan nituen Getafen, eta Mendirekin [Jose Luis Mendilibar] berriz lan egiteko gogoak ekarri ninduen Eibarrera. Esan zidan talde apala dela, baina oso serioa. Horrelakoa dela ikusi dut, eta pozik nago. Familia ere nirekin dago, eta horrek ere erraztu dizkit gauzak.

Mendilibarrek kontatu zizunetik eta zuk ikusi duzunetik bada harritu zaituen zerbait?

Oso talde profesionala da Eibar. Jokalariok ondo zaintzen gaituzte, eta zer nahi duen garbi dauka klubak. Lehen Mailan lehiatzeko aukera nahi nuen, talde serio batean, eta, azkenean, hemen nago.

Behar zenuen horrelako leku batean egotea, ezta?

Bost denboraldi gorabeheratsu igaro nituen Getafen, eta lasai egoteko beharra neukan. Futbolean jokatzen bakarrik gozatu nahi nuen, futbola kirola besterik ez den talde batean egon nahi nuen, eta nahi nuena aurkitu dut Eibarren.

Jokalaria pertsona den aldetik, beharrezkoa du ondo eta lasai egotea ondo jokatu ahal izateko, ezta?

Bai, bai. Ondo ezagutzen nautenek badakite zer bizi izan dudan Getafen. Hala ere, Getafe etxea da niretzat; asko eman dit klub horrek. Urte txarrak ere izan dira: lesioak, bestelako arazoak, entrenatzaile aldaketak... Lasaitasuna behar nuen futbolean ondo jokatu ahal izateko, eta Eibarren horretarako aukera daukat.

Une txarretan, norengana jo izan duzu?

Bost urte hauetan bi alaba izan ditugu, eta futbolaz ahazteko aukera eman didate. Asko lagundu dit egunero etxera iritsi eta beraiekin egoteak.

Aurreko denboraldian pentsatu zenuen betiko galdu zinela jokalari bezala?

Tira, aurreko denboraldian Getafe berri bat eraikitzen saiatu zen kluba. Egonkortasuna lortu nahi zuen egitasmo berriarekin, eta uste genuen ondo aterako zela. Ilusioa zegoen klubean, baina dena oker atera zen, eta, azkenean, jaitsi egin ginen. Kontratua berritu egin nuen bi denboralditarako, baina bi aldeentzat onena zen ni handik ateratzea.

Mendilibarrengatik hautatu zenuen, hortaz, Eibarrera etortzea?

Bai. Mendik ni fitxatzeko aukeraren berri izan nuenean, ilusio handia egin zidan. Valladoliden berarekin egon nintzen aldiaz oso oroitzapen onak dauzkat, oso ona izan zen niretzat, eta Eibarren ere berdin nago.

Zer ematen dizu, bada, Mendilibarrek?

Asko eskatzen digu jokalarioi, hasteko. Gero, oso justua da:ondo bazaude, jokatzeko aukera emango dizu; eta, ez bazaude, ez. Urrutira jo gabe, ez nuen jokatu ligako lehen partida. Badakigu gure lana egiten ez badugu ez gaituela zelairatuko, eta alderantziz. Horrek konfiantza sortzen dio norberari, ziur gaudelako ondo egonez gero aukera emango digula jokatzeko. Gauzak aurpegira esaten ditu, eta tratu bera ematen dio jokatzen duenari eta ez duenari. Eskertzekoa da jarrera hori.

Esaten ari zara horrelako jarrera ez daukaten entrenatzaileak ere eduki dituzula?

Entrenatzaileen jarrerez haratago, egoera txarrak bizi izan ditut. Egoerak aipatuko nituzke. Nik ere egingo nituen gauza txarrak, baina beti ez naiz ni izan txarra. Ahaztu egin nahi ditut egoera horiek, eta futbolarekin gozatzen segitu nahi dut.

Real Madrilen izan zenuen zerbait Jose Mourinhorekin ere, ezta?

Iragana da hori, eta ez dut hitz egin nahi, berriz ere, gauza berberez.

Nolako bilakaera izan duzu jokalari profesional izaten hasi zinenetik?

Kanpora begira nitaz eman den irudia ez da benetakoa. Aldagela askotan egon naiz, eta ez dit inork esan polemikoa naizenik; alderantziz, ez duzu aurkituko taldekiderik nitaz gaizki hitz egingo dizunik. Polemikoa naizela esaten da, eta horrek izorratu nau futbolean. Helduagoa naiz orain, eta betiko ilusioarekin segitzen dut; gehien gustatzen zaidana egiten ari naiz. Gaztea naiz, eta lehen eguneko ilusio berarekin jarraitzen dut.

Falta jaurtitzaile ona baino gehiago zara?

Entrenatzaileak esaten didana egiten saiatu izan naiz beti.

Eibarrek itxura ona dauka orain. Nola ikusten duzu aurrera begira?

Zazpi jardunaldi bakarrik jokatu ditugu. Handia izan da Real Madrilen aurka berdintzea, eta baita Valentziari irabaztea ere, edo jokalari bat gutxiagorekin Sevillarekin berdintzea, edo hamar jokalarirekin Granadari irabaztea... Dena da positiboa, baina ezin dugu burua galdu. Eibarrek umila izaten segitu behar du, eta garbi eduki helburua mailari eustea dela. Ergelkeria litzateke beste gauza batzuetan pentsatzen hastea. Badakigu zer egin behar dugun partida guztietan.

Agerian utzi duzu ondo erakutsi dizutela Eibarren filosofia.

Klubaren eta herriaren kultura da, eta inork erakutsi gabe ikusi eta ikasten da. Baina, talde handienetan ez ezik, besteetan ere hala da, azkenean handienez aparte denok gaudelako jaisteko arriskuan.

Ipuruan etxeko taldean jokatzea gauza bat da, eta kanpoko bezala beste bat?

Zelai txikia ematen du etxeko taldearentzat, baina kanpoko taldearekin jokatzeko ez da hain txikia. Oso desatsegina da hemen kanpoko taldearekin jokatzea; zaila egiten da, zaleek asko estutzen dutelako. Aldiz, gozamena da etxeko bezala jokatzea.

Benetako futbola bizitzea da Ipuruan jokatzea?

Eibarren aurkaria izan naizenean, ez nuen jokatu nahi izaten Ipuruan. Orain, bai. Zoragarria da zelaia, eta betiko futbolaren balioak daude bertan.

Futboletik kanpo, zertan ematen duzu egunerokoa?

Lasaia naiz, eta gustatzen zait familiarekin egotea. Bestela, asko gustatzen zait txirrindularitza, eta gogoko dut anaiaren lasterketak ikustea [Luis Leon Sanchez]. Bizikletan ibiltzea ere gustatzen zait, baina denboraldian zehar ez da komeni, beste gihar batzuk lantzen direlako.

Anaiak txirrindulariak, zu futbolaria… Kirola ondo sartua duzue familian.

Denok egin dugu kirola. Lau anaia ginen, eta zaharrena ere txirrindularia zen, baina istripu batean hil zen. Luisle heldu da profesionaletara, eta beste anaiak, hirugarrenak, utzi egin zuen afizionatu mailan. Nik futbolari eman nion.

Futbolaria izan ez bazina, zu ere txirrindulari orduan?

Saiatu egingo nintzen, baina ez dakit lortuko nuen [barrez].

Zein txirrindulari gustatzen zaizu?

Peter Sagan egun bateko lasterketetarako, eta Chris Froome itzuli handietarako. Alberto Contador ere gustatu izan zait, baina ez dago onenean.

Arrateko igoeran, Euskal Herriko Itzulian, aukera ederra daukazu lasterketa handi bat ikusteko.

Ea aukera dudan etapa hori bertatik bertara ikusteko. Itzulia ere lasterketa garrantzitsua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.