Ezezaguna zuen egoera ari da bizitzen denboraldi honetan Gaizka Toquero (Gasteiz, 1984). Ez da Marcelo Bielsaren gustukoa, eta ezer gutxi jokatu du sasoi honetan: hamalau partida ligan, horietatik hamahiru aulkitik zelairatuta. Jokatutako minutuei dagokienez, berriz, taldeko 22.a da. San Mamesko lehendakaria izan ondoren, orain itzalean dago. Hala ere, ez du berba txarrik inorentzat. Galdutako lekua berreskuratzeko lan egiteko prest dago.
Gaur egun ez da ezustekoa Real Madrilen kontra galtzea. Hori bai, orain garrantzi handia hartu du igandean Coruñan jokatuko duzuen partidak.
Argi dago. Asko daukagu jokoan. Deportivo oso bolada onean dago, eta bistan da hari aurre egin eta hiru puntuekin itzultzeak indar eta lasaitasun handia emango ligukeela.
Riazorren jokoan egongo diren puntuek urrearen balioa dute. Eskuratuz gero ia ziurtatuta zenukete mailari eustea.
Guretzat, norgehiagokarik garrantzitsuena da. 38 punturekin beste era batean ikusiko genituzke gauzak. Urrun geratuko lirateke jaisteko postuak.
Ia inork ez zuen uste Deportivo lau partida erreskadan irabazteko gai izango zenik. Zuri ere ezustean harrapatu zaitu Fernando Vazquezek zuzentzen duen taldeak izan duen susperraldiak?
Inork ez zuen espero Deportivok behetik gora egingo zuenik. Baina bigarrenez teknikaria aldatu dutenetik askoz hobeto ari dira. Guk bolada bikain horri amaiera ematea dugu helburu.
Iluntasunean argi izpi bat ikusi duen taldea da Deportivo, denek egin dute bat: jokalariek, teknikariek eta jarraitzaileek. Gaur egun konfiantzaz gainezka daude. Edozein talde mendean hartzeko gai direla uste dute.
Celtari derbian irabazteak indar handia eman zien. Duela aste batzuk baino askoz talde arriskutsuagoa da Deportivo orain. Baina guretzat ere oso garrantzitsuak dira puntuak.
Deportivo konfiantzaz gainezka dago. Eta Athletic? Nola zaudete?
Azken partida galduta ezin gara ondo egon. Real Madrilen kontrako norgehiagoka lehenbailehen ahaztu, eta gauzak beste era batean ikusteko hurrengo partidan egin behar ditugu etxeko lanak.
Igandean berdintzea emaitza ona izango litzateke Athleticentzat?
Geure buruan garaipena lortzea baino ez dago, baina irabazteko gai ez bagara, ez litzateke txarra izango puntu bat pilatzea.
Jaitsiera zortzi puntura dago. Tarte polita da, baina ez da erabakigarria. Jokalariak kezkatuta zaudete?
Ez gaude kezkatuta, baina 41-42 puntu lehenbailehen eskuratzeko gogoz gaude. Coruñan galduz gero, urduri jar gaitezke.
Asko ari zarete sufritzen?
Bai. Aurreko sasoian oso lan ona egin genuen, eta orain behera begira egotea ez da inoren gustukoa. Bai gu eta baita jarraitzaileak ere urduri gaude. Horri buelta emateko bide bakarra partidak irabaztea da.
Zure ustez, zertan egin du kale Athleticek horren sasoi iluna egiteko?
Ez dakigu. Jakingo bagenu, denbora galdu gabe egingo genituzte egin beharreko aldaketa guztiak.
Aspalditik ari da kalkuluak egiten talde zuri-gorriko jarraitzailea. Urtero esan ohi da 42 puntu pilatu behar direla lasai egoteko. Denboraldi honetan, ordea, askok uste dute ez direla horrenbeste beharko. Merkeago egongo dela mailari eustea, alegia. Zuk zer uste duzu?
Ez dut kalkulurik egin. Guk gutxienez 42 puntu pilatu gura ditugu. Ez dugu 39 punturekin azken jardunaldian sufritzen egotea gura. Lasaitasunez aritzeko aukera emango diguten puntuen bila zelairatu behar dugu igande honetan eta hurrengo partidetan.
Taldea ez dabil ondo, eta zuk ere ez daukazu pozik egoteko arrazoirik.
Ez nago pozik. Denboraldion gutxi ari naiz jokatzen, eta ez dut taldeari laguntzeko aukerarik izan. Lan saioetan eta aukera ematen didaten apurretan ahal dudana egiten ahalegintzen naiz. Ezin dut gehiago egin.
Athleticek fitxatu zintuenetik futbolari garrantzitsua izan zara. Asko jokatu duzu. Sasoi honetan, berriz, taldeko 22.a zara jokatutako minutuen estatistikan. Harrituta zaude duzun egoerarekin?
Ez. Jokalari guztion helburua jokatzea da. Nik gehiago jokatzea gurako nuke. Betiko moduan ari naiz entrenatzen, eta aukera ematen didatenean ondo jokatzen saiatzen naiz. Sasoi guztiak ez dira izaten berdinak, eta bistan da, aurrekoekin alderatuta, hau oso txarra ari dela izaten.
Entrenatzaileak azaldu dizu zergatik ez duzun jokatzen?
Ez dit ezer esan. Badakizu zer esaten dugun futbolariok: jokatzen dugunean ez dugula azalpenik eskatzen, eta kontrakoa gertatzen denean ere ez.
Gustatuko litzaizuke teknikariak oker egiten duzuna azalduko balizu aukera gehiago izateko?
Ez dauka zertan ezer esan. Nik uste dut Aduriz fitxatu izanak jokatzeko aukera kendu didala.
Marcelo Bielsa Athleticera iritsi zenetik gero eta gutxiago jokatu duzu. Baina, hala ere, klubak zure aldeko apustua egin du. Hiru urterako luzatu dizu kontratua. Bada zerbait.
Asko eskartzen dut klubak nigan erakutsi duen konfiantza. Hiru urte gehiagorako sinatzeak poz handia eman dit. Tarte honetan laguntzea espero dut.
Sasoi bukaera gaitza eta gogorra izango da Athleticentzat?
Athleticek ez du sufrituko. Behar ditugun puntuak lortuko ditugu, eta azken jardunaldiak lasaiak izango dira.
Gaizka Toquero. Athleticeko jokalaria
«Lasaiak izango dira azken partidak»
Baikor da, baina Deportivoren kontra galtzeak urduritasuna sor lezakeela iritzi dio. Aritz Adurizen itzulerak eragin omen du berak gutxiago jokatzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu