Joseba Rodriguez, 'Haito'. Zuazoko entrenatzailea

«Lasai nago, jokoa ona izaten ari delako; emaitzak iritsiko dira»

Lehen aldia du Joseba Rodriguezek goi mailan entrenatzen, bai eta emakume talde bat gidatzen ere. Disfrutatzen ari da, eta oso eskertuta dago jokalarien jarrerarekin: «Asko errazten ari zaizkit nire lana».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Ez dago bolada onean Zuazo. Azkeneko hiru partidak galdu ditu. Hala, oraindik Espainiako Ohorezko Mailako sei jardunaldi jokatu diren arren, beheko postuetan da Barakaldoko taldea. Haren entrenatzaile Joseba Rodriguez Haito (Basauri, Bizkaia, 1980), ordea, baikor da. Argi utzi du taldea «asko gaztetu eta berritu» den arren ez dela trantsizio sasoi bat izango; bestea beste, Espainiako Kopa Barakaldon jokatuko delako.

Zertarako balio izan dizue bi aste hauetako etenak?

Batez ere, min hartutako jokalariak berreskuratzeko. Alba [Sanchez erdikoa] eta Maddi [Aalla atezaina] osatu dira, eta jokatzeko moduan izango dira Granollersen. Indarrak biltzeko ere balio izan digu.

Sailkapenaren behealdean zaudete, lau punturekin. Kezkatuta al zaude?

Jokalari gehienak eta ni neu berriak gara taldean. Hori dela eta, sasoiko lehen partida hauetan,gure helburua zen taldea sendotzen eta egokitzen joatea. Azken batean, jokalariek ezarri nahi dugun jokatzeko era menderatzen joatea. Alde horretatik, pozik eta lasai nago. Gertu gaude nik nahi dudanetik, eta oso garapen bizkorra izaten ari da taldea. Beraz, ziur nago emaitzak ere iritsiko direla, jokoa ona izaten ari delako.

Zer falta zaio, bada, taldeari, zuk nahi duzun eran jokatzeko?

Denbora eta pazientzia behar ditugu. Izan ere, ondo ari gara jokatzen, baina ez ditugu emaitza onak lortu. Halakoetan burua hotz izan behar da. Taktikoki eta teknikoki, berriz, jokalariek argi dute nola jokatu behar dugun. Baina falta zaiena da talde moduan mekanizatzea.

Aurkezpenean esan zenuen taldea defentsan oinarrituta eratunahi zenuela. Gol gutxi sartzen ari zaizkizue: batez beste, 25,6 partidako. Alde horretatik, pozik egongo zara, ezta ?

Batez ere, pozik nago taldea defentsan izaten ari den jarrerarekin: oso oldarkor ari da, eta ekimena izaten. Horrek kontraerasoan bizkor irtetea ahalbidetzen digu, eta gure bigarren lerro azkarra baliatzea.Gol asko ari gara lortzen horrela. Orain, falta zaiguna da geldikako erasoan hobetzea.

Porriñoren aurka galdu zenuten azken partidan. Hori izan da orain arteko kolperik handiena?

Bai. Aurreko bost partidetan,Morvedreri eta Castellori irabazi genien. Gure atzetik dauden bi talde izanda, irabazi beharreko bi partida ziren, eta hala egin genuen. Gainontzekoetan, gai izan ginen Guardesen, Ro'Casaren eta Aula Valladoliden aurka ondo lehiatzeko. Porriñoren aurka ez genuen aurreko partidetan bezain ondo jokatu. Ez zitzaigun ezer atera. Baina ez dugu horretan gehiago pentsatu behar. Egindako hutsetatik ikasi genuen.

Orain, presio handiagorekin zoazte Granollersera?

Porriñoren kontrako partida gorriz azpimarratuta genuen, bagenekielako ondoren Granollersen jokatu behar genuela. Oso talde ona da; batez ere, etxean. Orain arte, ez du partidarik galdu han. Erasoan batez ere, oso talde indartsua da, bai kontraerasoan, bai geldikako jokoan. Baina ahalik eta ondoena aritu, eta nor baino gehiago lehiatuko gara.

Hain talde gaztea eta berria izanda, trantsizio sasoi bat da hau?

Ez. Agian, lehen itzulia bai, taldea egokitu bitartean. Baina sasoi betean iritsi nahi dugu denboraldi amaierara, eta gure onena eman Espainiako Kopan. Zaleei zor diegu, baita klubari ere. Ahalegin handia egin du txapelketako azken fasea Barakaldon joka dadin.

Aurreko sasoietan, Ligan, Europarako sailkatzea izan zen helburua. Urruti ikusten duzu hori?

Kirolean dena da posible, baina zaila da. Proiektu honek jarraipena badu, hori izango da helburua etorkizunean. Baina ez naiz ausartzen noiz izango den esatera.Oraintxe, erronka da beheko postuetatik ahalik eta azkarrena aldentzea. Izan ere, sasoi honetan hiru talde jaisten dira, orain arte baino bat gehiago, eta talde guztiak urduriago daude.

Lehen aldia duzu goi mailan entrenatzen. Nolako esperientzia izaten ari da?

Jokalari nintzenean, aukera izan nuen goi mailan aritzeko, Arraten aritu bainintzen. Baina lehen aldia da goi mailan entrenatzen dudala, baita emakumezko talde batean ere. Esperientzia oso ona eta aberasgarria izaten ari da. Taldea zoragarria da, bai maila pertsonalean, bai kirol mailan. Oso gustura ari naiz haiekin lanean. Izugarria da zenbat lan egiten duten,nola zaintzen diren, hobetzeko eta ikasteko duten gogoa eta elkarren artean duten giroa. Oso eskertuta nago, asko errazten baitute nire lana. Egunero ikasten dut haiengandik. Gainera, haiek ere oso gustura ikusten ditut, eta hori funtsezkoa da.

Klubak etxeko jokalari gazteen alde egindako apustua erabakigarria izan zen zuk haien eskaintza onartzeko?

Bai. Deitu nindutenean pribilegiatu bat sentitu nintzen. Ez nuen espero deitzea. Baina ez nuen bitan pentsatu, are gehiago etxekoen alde egindako apustua kontuan hartuta. Beti pentsatu izan dut horrek zerbait gehiago ematen diela bai taldeari, bai zaleei.Niretzat, erronka bat da.

Zerk harritu zaitu gehien emakumeen eskubaloian?

Uste dut fisikoki aurrerapauso nabarmena eman dela. Lehen, taktikoagoa zen. Orain, aldiz, fisikoa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Bestalde, nabarmenduko nuke lehiakortasuna eta parekotasuna dagoela. Hori oso ona da txapelketarako eta zaleentzako.

Egunerokoa asko aldatu zaizu?

Bai. Pentsa, aurreko sasoian, Trapagaranen astean hirutan entrenatzen ginen; orain, aldiz, bostetan. Askoz gauza gehiago prestatu behar ditut. Lana bost aldiz gehiago da. Ordu asko ematen ditut Lasesarren sartuta. Goizekoa bulegoko lana da, eta arratsaldekoa kantxakoa. Ez da erraza familia eta lana uztartzea, 22 hilabeteko alaba bat ere badudalako. Hori da gehien kostatzen zaidana. Baina eskubaloia da gehien gustatzen zaidana, eta, hala izanda, dena da errazagoa.

Nola ikusten duzu liga?

Goian, gehien harritu nauena da Bera Berari kosta egiten ari zaiola denboraldiko erritmoa hartzea, baina duen talde handiarekin eta entrenatzailearekin uste dut liga irabaziko duela, indartsuena delako. Gutxienez, bi jokalari ditu postuko, eta kasu batzuetan hiru. Hori nabarituko da. Bestalde, Ro'Casa ere uste baino gehiago ari da atzean geratzen, eta, niretzat, Aula izaten ari da ezustea. Maila handiko taldea du, eta uste dut oso ondo ari dela jokatzen. Ikusi beharko da eusteko gai den. Behean, berriz, igo berriak, Alcobendas eta Morvedre dira arazo gehien izaten ari direnak, bai eta Castello ere. Azpialde horretan gorabehera asko egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.