Lasai, lasaiegi agian

Olaizola II.a eta Urrutikoetxea gustura gelditu dira finalerako pilota aukeraketan.Pilotalekua ez da beteko, baina itxura ona izango du, 2.000tik gora ikusle.Apustuetan ere mugimendu gutxi dago: 100-40ri irtengo dira Olaizolaren alde

Mikel Urrutikoetxea eta Aimar Olaizola, txantxetan, finalerako pilotak aukeratu ondoren, atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2015eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Lasai doa buruz buruko finala. Lasaiegi gauza onerako. Azken hilabeteko zalaparta guztiaren ondoren, azken txanpan baretu egin da dena. Atzo, pilota aukeraketan ez zen arazorik egon. Sarreren salmenta, berriz, motel doa. Bizkaia pilotalekua ez da beteko, baina itxura ona izango du. Oraindik ere sarrerak lor daitezke, merkeenak barne, 40 eurokoak. Apustu kontua ere baretu da. «Bengoetxeak min hartu zuen arte bazegoen mugimendua, jendeak sasoi betean ikusten zuen, baina Urrutikoetxearekin ezberdina da», azaldu zuen atzo Juan Luis Arrarte artekariak Bilboko pilotalekuan. Igandean 100-40ri eskainiko du dirua, noski, Aimar Olaizolaren alde.

Oinatz Bengoetxearen lesioak eta Mikel Urrutikoetxeak hura ordezkatu behar izateak finala aztoratu du, eta normala da eragina izatea. Baina buruz buruko finala da, eta pilotarietako bat bizkaitarra. Galdera argia da: Beteko al da pilotalekua? Erantzuteko pertsona aproposa Rafa Etxeberria da, Asegarceko logistika arduraduna: «Ez dut uste beteko denik. Oraindik 500 sarrera gelditzen dira saltzeko, baina azken unean esprint txikia espero dugu. Enkargu asko dauzkagu, eta normala da baten batek atzera egitea, baina 2.000 ikusletik gora egongo dira. Beste kontu bat da sarrera horietatik zenbat izango diren ordaindutakoak, babesleekin eta konpromiso asko ditugulako». Bizkaia pilotalekuan 3.000 lagun sartzen dira.

Etxeberria Bilboko pilotalekuko leihatilan egon zen atzo. Ez zuen jende pilaketarik izan. «Normala da, jendeak orain Internetez erosten ditu sarrerak», azaldu zuen. «Final aldaketak ikusmina jaitsi du, baina hor, atzerapenak pilotari aldaketak baino eragin handiagoa du. Jendeak planak eginak zituen, eta hauek ez dira data onak». Pilotan, bada ikusle mota jakin bat bakarrik finaletara joaten dena, eta horrek egin du kale. Dena den, ez du ukatu mugimendu pixka bat gehiago espero zuela. «Urrutikoetxearekin Bizkaitik eskaera gehiago egongo zirela uste nuen. Baina tira, jendeak badaki sarrerak gelditzen direla, eta ziur egongo dela azken unean animatuko denik».

Aurtengoa ez da azken urteetako lehen final arraroa. 2011n ere atzeratu zen. Xalak uztailean irabazi zuen txapela. «Baina hura ezberdina izan zen», zehaztu zuen. «Orduan ez zen pilotari aldaketarik izan. Hura, gainera, Bizkaia pilotalekuan jokatutako lehen buruz buruko finala izan zen, eta horrek Bizkaiko jende asko erakarri zuen». Egun hartan artekariek lan asko egin zuten, Xalak ustekabekoa eman zuelako. Etzi berdina espero du Arrartek. «Urrutikoetxeak irabaziko du, ikusiko duzue. Partida erdi aldera lan egingo dugu». Artekari beteranoa da (74 urte).

100-40ri eskainiko dute dirua, baina apustu makinetan aldea handiagoa da: 100-30i. Hor dago arazoa, Olaizola oso faborito da. «Bengoetxea ondo zegoenean dei batzuk jaso nituen: 100-80ri edo 90-i irtengo zen. Egongo zen mugimendua, baina orain, 100-40rekin, Urrutikoetxearen alde joko duen jendea behar da, katedrak beti duelako nork babestuko duen». Pilotaleku apustuek aspalditik ez dituzte garai onak bizi, baina finaletan oraindik dirua mugitzen zen. «Hemen falta direnak apustulariak dira, berdin dio nongoak diren, baina krisiarekin jendeak asko begiratzen dio poltsikoari. Bizkaitarra delako bakarrik ez dute haren alde egingo».

Gakoa, kirioak

Pilota aukeraketa ere lasai joan zen, eta lasaitasunaren erdian pilotariek urduritasunaz mintzatu ziren. Urrutikoetxearentzat hori izango da gakoa, «lasai irtetea». Olaizolaren ustez, «ezinezkoa» da hori. «Biok gaizki egingo dugu lo». Urrutikoetxeak, halere, lasai egingo du, Bengoetxearen oniritzia baitu: «Mezua bidali nion, eta animoak emanez itzuli zidan. Eskertzekoa da, ahalik eta bizkorren sendatzea opa diot».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.