Larri dabil Anaitasuna: azken-bigarrena da Asobal ligan. Hiru puntu baino ez ditu lortu lehen zazpi jardunaldiak jokatu eta gero. Gainera, joera txarra hartua du, ez baitu irabazi azkeneko sei partidetan: bat berdindu du, eta bost galdu, azken hirurak erreskadan. Hamalaugarren urtez ari da jarraian Espainiako maila nagusian, eta bitan baino ez da aritu horren oker. Okerrago, ordea, inoiz ez.
Baina txakur ahulak arkakuso ugari ditu, eta Espainiako Kopatik kanpo geratu berri da lehen kanporaketan. Maila bat beherago ari den talde batek kanporatu du: Alcobendasek. Ez da hori gertatu zaion lehen aldia. Iaz ere talde apalago batek irabazi zion aurreneko kanporaketan: Antequerak.
«Kolpea izan da, beste bat gehiago, baina aurrera begira gaude. Lehenbailehen ahaztu behar dugu, eta ligan bete-betean jarri. Ligak hori du ona: asteburuero jokatzen dugu, eta, beraz, asteburuero dugu beste aukera bat», azaldu du Aitor Garcia taldeko kapitainak (Iruñea, 2001).
Ez da egoera samurra, baina taldea «ondo» dagoela dio. «Ondo gaude. Bagenekien denboraldi gogorra izango zela. Hala ere, denboraldia hasi baino ez da egin, eta asko falta da oraindik. Ez diogu sailkapenari gehiegi begiratu behar. Badakigu non gauden, eta zein den errealitatea. Ez dugu mundu bat egin behar honetatik. Gogor entrenatzen jarraitu behar dugu. Uste osoa dugu entrenatzailearengan, eta, gaur-gaurkoz, oso batuta gaude».
«Ondo ari gara ligan. Oso gertu daukagu garaipena. Xehetasun txiki batzuk hobetzen baditugu, irabazi egingo dugu»
AITOR GARCIA Anaitasuna taldeko jokalaria
Entrenatzailea aipatu du: Quique Dominguez. Hura «oso lasai» dagoela dio. «Quiquek esperientzia handia du mailari eusteko lehian aritu diren taldeetan: adibidez, Teucron eta Octavion. Berak lasai egoteko esaten digu. Zaila da sinesten, baina hura dago lasaien. Behin eta berriro esaten digu ondo ari garela eta puntuak lortzen hasiko garela». Azpimarratu du «lasaitasun handia» ematen diela entrenatzailea horren baikor ikusteak. «Urduri eta oihuka ibiliko balitz, gu ez ginen lasai egongo. Baina ez dabil horrela, inolaz ere. Oso lasai dago, eta guk asko eskertzen dugu hori».
Garciaren beraren lana ere bada taldekideak lasai egotea, kapitaina baita. Aurten hasi da zeregin horretan, eta, egoera zaila izan arren, «gustura» ari da. «Quiquek ematen duen lasaitasun mezua indartzea da nire egitekoa, baita bolada txarretan taldekideak motibatzea eta animatzea ere. Beste lan bat da, baina gogo handiz ari naiz, eta uste dut ondo ari naizela».
Ezinean erasoan
Orain arte egindakoa aztertzeko orduan, banatu egin du kopako eta ligako jarduna. «Kopan, ez ginen ondo aritu, eta Alcobendasek nagusitasunez irabazi zigun. Ligan, ordea, ez gara emaitza onak lortzen ari, baina ondo ari gara. Oso gertu daukagu garaipena. Xehetasun txiki batzuk hobetzen baditugu, irabazi egingo dugu». «Sinetsita» dago horretan. «Seguru nago lortuko dugula, eta emaitza onak lortzen hasiko garela. Baina hori ez da bakarrik etorriko, guk saiatu behar dugu lortzen, ondo lan eginez. Horretan ari gara, eta ondo ari gara».
Taldeak egin duenari erreparatuta, agerikoa da non duten hobetzeko gehien: erasoan. Inork ez ditu horren gol gutxi sartu partidako: 27. Alde handia dago jokoaren beste alorrarekin alderatuz gero, defentsarekin: hiru talderi baino ez dizkiote sartu gol gutxiago: 29. «Bitxia da, Quiquerekin jokamolde bizia egiten baitugu; gol asko sartzea da helburua. Asko sartu ditugu aurreko sasoietan, baina, honetan, ez dakit zergatik, jaurtiketa asko huts egiten ari gara. Aldiz, defentsan ondo ari gara. Jokoaren bi alor horiek orekatu behar ditugu».
Haren ustez, «buruan» dago koska, eta hori arrazoitzeko, Valladoliden aurkako neurketan gertatutakoa aipatu du. «Juan Bar izan genuen parean, gure atezain izandakoa. Ez dakit zergatik, baina beldurrez aritu ginen, eta hark partida ikusgarria egin zuen. Egia da ezagutzen gaituela, baina gehiago eskatu behar diogu geure buruari: ondo pentsatu eta aukeratu behar dugu».
Konbentzituta dago partida bat irabaztea «mugarri» izan daitekeela. Anaitasunak Puente Genilen aurka jokatuko du gaur etxean (19:30), eta, Garciaren iritziz, «aukera egokia» da bolada txarra eteteko. «Etxean jokatuko dugu, eta Puente Genil hortxe dago, guk baino hiru puntu gehiago besterik ez du. Irabazi behar dugu, gora egiteko».
gaur arituko dira beti onak, zuazo eta bera bera
Espainiako Ohorezko Mailako hiru euskal taldeek gaur jokatuko dute. Beti Onak eta Zuazo etxean arituko dira. Nafarrek oso bolada ona harrapatu dute, azken bost partidetatik lau irabazi baitituzte, eta bat berdindu. Gaur, baina, aurkari indartsua hartuko dute (18:00): Malaga, bigarren sailkatua. Bizkaitarrek, ordea, suspertu egin nahi dute, azken-aurrenak baitira. Ro’Casa jasoko dute (19:30).
Bera Berak bakarrik jokatuko du etxetik kanpo, Galizian, Guardesen kontra (20:00). Erronka zaila dute donostiarrek, Guardes liderra baita: irabazi egin ditu jokatu dituen sei partidak. Bera Berak, ordea, galdu egin du ligan etxetik kanpo aritu den azken bi aldietan. Bolada txar hori eten nahi du.