Larunbe, maisuaren begietan

Ruben Belokiren ustez, Galdakaoko atzelaria egun erakusten ari dena ez da urte bateko kontua, eta luzaroan ariko da puntan. Hori bai, zer hobetua ere badu, bereziki defentsan.

Mikel Larunbe pilota astintzeko prest, atzoko aukeraketan. Atzean Oinatz Bengoetxea du begira. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2017ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Ruben Belokik (Burlata, Nafarroa, 1974) ezin du bere poza ezkutatu Mikel Larunberi buruz hitz egitean. Atzelariekin arazoa zuten Asegarcen, eta azken urtean puntako bat loratu zaie. «Mikel hain ondo aritu izana ona da pilotarentzat, eta, noski, Asegarcerentzat». Enpresak binakako txapelketan izan duen albisterik gozoena izan da, eta Belokirentzat ere ezustea izan da. «Eskuetako arazoengatik partida bakar bat ere ez utzi izanak harritu nau. Txapelketan dena aldatzen da: pilotak, erritmoa… Ezin zara ezkutatu, eta Larunberen eskuek ondo erantzun dute».

Beloki atzelari handia izan zen, jotzailea, eta begi klinikoa du ahal handiko bizkartzainak aztertzeko. Larunbe aztertzean, argi du egun erakusten ari dena ez dela urte bateko kontua. «Lehen Mailako atzelaria da, urte osoan partida nagusiak jokatzekoa. Eskuek eta lesioekin arazorik ez badu, urteak egin ditzake estelarretan». Txapeldun ohiari baikortasuna dario ikaslea deskribatzean. «Eskuin kolpea denok ikusi dugu, baina hori ez da hain arraroa; berak ezkerra du ezberdina. Fisikoki ere ondo landua dago. Hanka biziak ditu, eta ondo mugitzen da kantxan: atzera, aurrera… Atzelari moderno bat da».

Txapelketan gorabeherak izan ditu Larunbek, baina Belokik garrantzia kendu die. «Atzelari gazte batengan normala da sasoi betean ez izatea beti, baita partxeren bat egitea ere. Baina bera oso baikorra da, eta gauzak gaizki joan izan direnean ez da beldurtu». Alde horretatik, Oinatz Bengoetxearen garrantzia nabarmendu du teknikariak. «Agian ez da pilotaririk onena izango, baina enpresan oso garbi dugu atzelari gazte bati jar dakiokeen kiderik onena dela». Belokik final bat jokatu zuen leitzarrarekin 2000. urtean, eta urteekin leitzarra gutxi aldatu dela dio. «Asko laguntzen die gazteei, dena da baikortasuna, beti animoak, hutsen bat egiten badute hitz txarrik ez… Beste batzuk ere pilotari handiak dira, baina agian isilegiak dira. Eta gero, noski, haren abilezia teknikoa dago, eta hari esker kentzen dituen pilota txar pila».

Lau urteko bidea

Larunbek 24 urte ditu, eta profesionaletan lau urte igaro eta bi aldiz Bigarren Mailako txapeldunorde izan ondoren iritsi da Lehen Mailara. «Prozesu normala da hori, Albisu, Zabaleta eta horrelako kasuak dira salbuespena. Nire garaian atzelariak beti behar zuen denbora pixka bat ofizioa hartu, indartu eta eskuak gogortzeko. Hori gertatu zaio Larunberi». Genetika ere eskuzabala izan zen Galdakaoko morroskoarekin, 192 zentimetroko aldamioa eman zion, baina beste guztia lana dela dio Belokik. «Erdi nafarra da, eta horrek berarekin %50eko burugogorkeria dakar. Oso tematia da, langilea, eta garai txarretan ez da hondoratu. Bide luzea egin du».

Dena, baina, ez dago egina, eta Belokik oso garbi du Larunbek zer duen hobetzeko. «Aireko defentsa: bolea, sotamanoa… Etorkizunera begira, korrika egin beharreko metro asko aurreztuko dizkio». Azterketa, dena den, ez du hor bukatu, eta berriz ere defentsan jarri du arreta. «Hankak indartzea falta zaio, paretaren aurka makurtuta eman beharreko pilotak eramateko. Horiei hankekin eusten zaie. Jotzaile guztiei pasatzen zaie, gaztetan agintzera ohituta daude, eta halako xehetasunak gutxiago lantzen dituzte». Horren inguruan zerbait badaki Belokik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.