ERREMONTEA

Urtarrilaren 27an hasiko da Mastersa

Ansa II.ak, Juaneneak, Barrenetxea IV.ak eta Azpirozek jokatuko dute. Azpirozek Urriza ordezkatuko du, hark uko egin baitio parte hartzeari.

IMG 20240118 WA0032
Juanenea, Ansa II.a, Azpiroz eta Barrenetxea IV.a, gaur, aurkezpenean, Donostiako Aquariumean. ESTI VEINTEMILLAS
Julen Etxeberria.
2024ko urtarrilaren 18a
20:00
Entzun

Oriamendi 2010 Erremonteko enpresak prest du hurrengo txapelketa: Mastersa. Gaur aurkeztu dute, Donostiako Aquariumean. Urtarrilaren 27an hasiko da hamalaugarren aldia, eta ia hilabete iraungo du, otsailaren 24an jokatuko baitute finala. Ohi bezala, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan jokatuko dituzte partida guztiak.

Buruz Buruko Txapelketako lehen lau sailkatuek jokatu ohi dute Mastersa, baina, oraingoan, ez da horrela izango. Javier Urriza laugarren izan zen banakakoaren azken ekitaldian, baina uko egin dio Mastersa jokatzeari. Lehen aldia da lesionatuta egon gabe ez dela ariko banakako txapelketa batean. Xabier Azpirozek ordezkatuko du, azken buruz burukoko bosgarren sailkatuak. Mastersa jokatuko duten beste hiru erremontistak buruz burukoko lehen hiru sailkatuak dira: Imanol Ansa txapelduna —iaz hark irabazi zuen Mastersa—, Aritz Juanenea eta Endika Barrenetxea.

Barrenetxea IV.ak eta Azpirozek atarikoa jokatuko dute hilaren 27an, 16:30ean. 30 tantora jokatuko dute, eta irabazlea ligaxkarako sailkatuko da. Han izango ditu zain Ansa II.a eta Juanenea. Ligaxkan ariko diren hiru erremontistek elkarren aurka jokatuko dute. Hauek izango dira datak eta orduak: otsailaren 3an, 16:30ean; otsailaren 9an, 18:00etan; eta otsailaren 17an, 16:30ean. Ligaxkako lehen bi sailkatuek finala jokatuko dute otsailaren 24an, 16:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.