Erremontea

Larunbatean hasiko da BERRIA Txapelketaren bosgarren ekitaldia

Azken urteetako lehiaketa sistema bera izango du, eta sei bikotek jokatuko dute. Martxoaren 29an izango da finala. Erremontea sustatzea eta erremontista gazteenei tokia egitea du helburu txapelketak.

(ID_14692230) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-02-18, Andoain. Erremontea
Andoni Alvarez Andoaingo alkatea, Ainara Lasa BERRIAko Marketin arduraduna, Xabi Gonzalez Oriamendiko kudeatzailea eta txapelketa jokatuko duten erremontistak, gaur, Andoaingo Goiko plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
Andoain
2025eko otsailaren 18a
18:50
Entzun

BERRIAk eta Oriamendi 2010 erremonte enpresak zazpi urte daramatzate elkarlanean. Lankidetza akordio horren emaitza da BERRIA Erremonte Txapelketa. Erremontea sustatzea eta erremontista gazteenei tokia egitea du helburu txapelketa horrek. Arrakastatsuak izan dira aurreko lau ekitaldiak, eta, horri esker, dagoeneko tokia egina du denboraldian. Lan handia egin da erremontea biziberritzen, eta horren erakusle dira egungo frontoiak: jende gehiago joaten da, ikusle askotarikoak daude, erremontea egokitu egin da egungo kontsumo joeretara eta xehetasun guztiak zaintzen dira.

Gaur aurkeztu dute bosgarren ekitaldia, eta Andoaingo Udalak (Gipuzkoa) eman die aterpe, udaletxean. Batera doaz oraingoan BERRIA, Oriamendi 2010 eta Andoaingo Udala, eta gaur ere hala azaldu dira aurkezpenera. Batetik, Ainara Lasa BERRIAko Marketin arduraduna izan da. Bestetik, Xabi Gonzalez Oriamendi 2010 enpresako kudeatzailea. Eta, azkenik, Andoni Alvarez Andoaingo alkatea. Haiekin batera izan dira txapelketa jokatuko duten erremontistak.

Larunbatean hasiko da lehia, Hernaniko Galarreta frontoian (Gipuzkoa). Toki berean jokatuko dute finala martxoaren 29an. 15:15ean hasiko da, eta ETB1ek zuzenean emango du. Bost astez jokatuko dute txapelketa. Hilabete pasatxoko lehia gogorra izango da. 

Azken lau ekitaldietako egiturari eutsi diote. Sei bikotek jokatuko dute txapelketa, bi multzotan banatuta. A multzoan, hiru bikote hauek ariko dira: Mattin Arluziaga eta Ibai Martirena; Jon Irazu eta Aritz Zubiri; eta Ugaitz Susperregi eta Oier Apezetxea. B multzoan, berriz, hiru bikote hauek ariko dira: Ander Goikoetxea (Goikoetxea V.a) eta Joseba Goikoetxea (Goikoetxea VI.a); Paul Aiestaran (Aiestaran VII.a) eta Aitor Aiestaran (Aiestaran VI.a); eta Urtzi Gurrutxaga eta Aritz Eskudero. Iaz aritu ez ziren hiru erremontista ariko dira: Martirena, Goikoetxea V.a eta Aiestaran VII.a. Aldiz, hiruk ez dute jokatuko: Aimar Jabalerak eta Ibon eta Aitor Zalduak. Jabalerak txapela irabazi zuen iaz Goikoetxea VI.arekin. 

Multzo bakoitzeko hiru bikoteek elkarren aurka jokatuko dute hurrengo lau asteetan: larunbatean, martxoaren 1ean, 8an eta 15ean. Multzo bakoitzean goiko bi postuetan sailkatutako bi bikoteek jokatuko dituzte finalerdiak, martxoaren 22an: A multzoko lehena B multzoko bigarrenaren aurka ariko da, eta B multzoko lehena, A multzoko bigarrenaren kontra. Irabazleek finala jokatuko dute astebete geroago, martxoaren 29an.

Set formatuan jokatuko dituzte partida guztiak: lehen bi setak hamabost tantora izango dira, eta, hirugarren seta beharko balitz, hori zortzi tantora izango da. Emaitzen arabera lortuko dituzte puntuak bikoteek, sailkapenerako: setetan 2-0 irabazten duen bikoteak lau puntu lortuko ditu; 2-1 irabazten duenak, bi; 2-1 galtzen duenak, bat; 2-0 galtzen duenak, batere ez; eta bi setak kontuan hartuta hamabost tanto lortzen ez dituenari puntu bat kenduko zaio.

Larunbat honetan jokatuko dituzte txapelketako lehen partidak. Jaialdiko aurrenekoan, Arluziaga eta Martirena Susperregiren eta Apezetxearen aurka ariko dira; eta, hirugarrenean, Goikoetxea V.a eta Goikoetxea VI.a Gurrutxagaren eta Eskuderoren kontra. Bi neurketa horien artean Urrizaren agurreko birako beste partida bat jokatuko dute. Hura eta Juanenea Segurolaren eta Azpirozen aurka ariko dira.

Eskaintza andoaindarrei

Partidak bertatik bertara ikusteko bonuak salgai daude Oriamendiren webgunean. Oriamendik hitzarmena sinatu du Andoaingo Udalarekin, eta BERRIA bertako Martin Ugalde Parkean dagoenez, andoaindarrek prezio erdian erosi ahal izango dituzte sarrerak. Antolatzaileek ikusleak animatu dituzte Galarretara joatera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.