PILOTA

Larunbatean hasiko da Ados klubaren Binakako Txapelketa Nagusia

Hirugarren ekitaldia izango du aurtengoa, eta BERRIAk babestuko du berriro. Apirilaren 21ean jokatuko dute finala, Antzuolan. Maite Ruiz de Larramendik erretiroa hartuko du denboraldia bukatzean.

IMG 20231214 WA0016
Txapelketa jokatuko duten pilotariak eta Olatz Lezeta Antzuolako alkatea, gaur, aurkezpenean. ADOS.
Julen Etxeberria.
2023ko abenduaren 14a
19:35
Entzun

Ados Pilota klubak hirugarrenez antolatu du Binakako Txapelketa Nagusia. Larunbatean hasiko da, Latasan (Nafarroa), eta apirilaren 21ean jokatuko dute finala, Antzuolan (Gipuzkoa). Lau hilabete pasatxoko lehia izango da, eta guztira 58 partida jokatuko dituzte. Euskal Herriko 30 frontoi baino gehiagotan ariko dira. Inoiz ez da horren txapelketa luzerik antolatu.

Beste behin, BERRIAk txapelketa babestuko du, eta haren berri emango du. Baita Hamaika telebistak ere. Partida guztiak Adosen Youtubeko kanalean ikusi ahal izango dira zuzenean, eta Hamaikak astelehenetan eskainiko ditu, Joko zelaia saioan. Finalerdiak eta finala, berriz, zuzenean emango ditu.

22 pilotari ariko dira lehian, 11 bikotetan banatuta. Zazpi bikotek Lehen Mailako Txapelketa jokatuko dute. Hauek dira bikoteak: Barrokal-Agirre, Aldaregia-Olatz Ruiz de Larramendi, Ruiz de Infante-Leire Galeano. Zabaleta-Zabala, Etxekolonea-Mendiburu, Arrieta-Maite Ruiz de Larramendi Mujika eta Iturriaga-Orbegozo. Hain zuzen ere, Maite Ruiz de Larramendik denboraldia bukatzean hartuko du erretiroa, 50 urterekin, kirol ibilbide luze eta oparoa egin ondoren. Gaur iragarri du albistea, oso hunkituta. 

Lehen Mailako zazpi bikoteek bi itzuliko ligaxka jokatuko dute. Partida bakoitza irabazten duenak puntu bat batuko du. Lehen lau bikote sailkatuak finalerdietan ariko dira: lehen sailkatuak laugarrenaren aurka jokatuko du, eta bigarren sailkatuak, hirugarrenaren aurka. Apirilaren 7an izango da lehen finalerdia, Iruñean, eta 13an bigarrena, Miarritzen (Lapurdi). Bi finalerdietako garaileek finala jokatuko dute apirilaren 21ean, Antzuolan.

Han aurkeztu dute txapelketa gaur, Olaran Etxean. Olatz Lezeta alkateak azpimarratu du zein garrantzitsua den «berdintasunaren bidean» horrelako egitasmoak bultzatzea. Horren harira, eskertu egin dio Adosi arlo horretan egiten duen lana.

Promozio Mailan, berriz, bost bikote lehiatuko dira: Aranburu-Arrastia, Ibarrola-Vertiz, Nagore Galeano-Perez eta Oskoz-Sotil. Bi itzuliko ligaxka jokatuko dute. Partida bakoitza irabazten duenak puntu bat batuko du. Lehen bi sailkatuek finala jokatuko dute.

Altuna larunbatean itzuliko da lehiara

Jokin Altunak larunbatean jokatuko du berriro. Amezketarrak proba egin du gaur ezker sorbaldako lesioak jokatzen uzten dion jakiteko, eta proba balekoa izan da. Askoz hobeto du ezker sorbalda, eta jokatzea erabaki du. Binakakoaren ligaxkaren laugarren ekitaldian ekingo dio lehiari. Hark eta Julen Martijak Joseba Ezkurdiaren eta Xabi Tolosaren aurka jokatuko dute Bartzelonan (17:15). Danel Elezkanok ordezkatu du orain arte Altuna III.a, baina hura eta Martija ez dira gai izan irabazteko. Laugarren jardunaldia, hala ere, bihar hasiko da: Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena Iñaki Artolaren eta Ander Imazen aurka ariko dira Oiartzunen (Gipuzkoa), 22:15ean (ETB1).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.