Lars Boomek leher dezake Belgika

Holandar bat da bihar elite mailako Munduko Txapelketa irabazteko faborito nagusia

Xabier Usabiaga.
2008ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Belgikarrak keztatuta daude. Oso kezkatuta. Urteko hitzordurik garrantzitsuenaren atarian, arazo larria sortu zaie. Euren tresnarik eraginkorrena, Sven Nys, kamustu egin zaie ustekabean. Herdoilak jo du. Belgikako Txapelketa arte urteroko bidetik zeraman Nysek denboraldia. Karrera guztiak ez, baina ia guztiak irabazita (21 orain arte). Garrantzitsuenak batik bat, Munduko Kopakoak eta Superprestigiokoak. Izan barrutiak azkarrak edo geldoak, arinak edo astunak, teknikoak edo samurrak. Eta izan kontrarioak Wellens edota Vervecken, Boom edota Stybar.

Belgikako Txapelketan, baina, odola bota behar izan zuen gailentzeko, eta azken 500 metroetan egin zuen esfortzu eskergan eman bide zituen bere zangoetako azken indar tantak. Geroztik, behera egin du, oso behera. Orain 15 egun jokatu zen Munduko Kopako proban, Lievinen, Frantzian, zortzigarren postuan sailkatu zen, eta aurreko igandean, Holandan, 12. postua, Munduko Kopako proba batean lortu duen posturik txarrenetakoa, txarrena ez bada. Beraz, ia urtero egin ohi duen akatsa egingo du aurten ere, Munduko Txapelketara pasa-pasa eginda helduko da.

Nysengan ez eta Bart Wellensengan eta Erwin Verveckenengan jarri dute itxaropena belgikarrek. Wellensi bultzaka ari zaizkio, gora egin duen arren gorago egin beharra daukalako, 2003an eta 2004an bezala Munduko Txapeldun izan nahi badu. Elite mailako lehen Munduko Txapelketa Monopolin irabazi zuen, Italian, eta horrelako sineskerei atxikita dabiltza haren aldekoak herrialde horrek zortea ematen dion kontu arlotea aipatuz. Orduan, baina, 20 lasterketa irabazten zituen denboraldiko, eta aurten hirutan baino ez da gailendu.

Beste batzuei Erwin Verveckenen magiarekin argitzen zaizkie begiak. Nysen ifrentzua da Vervekcen. Urte osoan ez ditu lauzpabost karrera irabaziko (oraingoz hiru), erdiak bigarren mailakoak gainera, eta probarik onenetan aurreneko bost postuetan sailkatzen lanak izaten ditu, baina Munduko Txapelketak eraldatu egiten du. Hiru aldiz irabazi du, bere kontrariorik dohatsuenak baino gehiagotan.



22 URTEKO HARRIBITXIA. Belgikarren benetako amesgaiztoa, ordea, Lars Boom holandarra da, 22 urte egin berri dituen ume moko bat, elite mailan estreinatzen ari den ziklista, iazko 23 urtez azpiko mailako munduko txapelduna. 2003an, Bart Wellens elite mailako txapeldun izan zenean, Boomek junior mailakoa irabazi zuen, baina artean jolasean zebilen. Ez zekien errepideari heldu ala ziklo-krosari lotu. Biak egiten ditu, eta oso ondo gainera. Adibide pare bat. Juniorretan, aipatu tituluaz gain, errepidean, Alpeetako klasikoan, Europako probarik garrantzitsuenetako batean, bigarren sailkatu zen, Andy Schleck aurten Giroan bigarren izan denaren aurretik. 23 urtez azpiko mailan iaz bi Munduko Txapelketa irabazi zituen, ziklo-krosekoa eta errepidean erlojupekoa, beste hainbat probaren artean.

Pixkanaka-pixkanaka Rabobankeko harrobian leuntzen ari diren harribitxia da Boom. Gaztea izaki, entrenamenduetako lan karga eta egutegia asko zaintzen dizkiote. Beste espezialista asko han eta hemen karrerak korrituz patrikak betetzen ari diren bitartean, berak kirol irizpideari jarraitzen dio. Abenduan, karrerarik gehien dagoen garaian, berak atseden hartu zuen, taldearekin kontzentratu zen eta horregatik ez zuen korritu Igorren Munduko Kopako proba.

Orain, aurkariak diruaren pisuagatik baino gehiago nekearen zamagatik okertzen ari direnean, bera inor baino tenteago dabil erakustaldiz erakustaldi. Aurten sei karrera irabazi ditu. Ez dira asko, Nysen 21 garaipenekin alderatuz, baina bai garrantzitsuak, erdiak Munduko Kopakoak izan baitira, eta beste bat Holandako txapelketa. Hori baino garrantzitsuagoa da,gainera, noiz eta nola irabazi dituen kontuan hartzea. Azken hiru karrerak jarraian irabazi ditu, eta azken bietan, biak Munduko Kopakoak erakustaldiak emanda. Lievinen, 17 segundo atera zizkion Bart Wellensi, eta 36 aurreko igandean, Hoogerheiden, Holandan. Fidea taldeko ziklistek, Wellensek eta Verveckenek batez ere, eraso eta eraso egin zioten Boomi, baina hark motzean lotu zituen denak, eta nahi izan zuenean alde egin zuen denak aho bete hortz utzita. Han konturatu ziren belgikarrak zer datorkien.

Boomek bihar irabazten badu, belgikarrek azken 10 urteetan izan duten erabateko nagusitasuna apurtuko du. 2000. urtean ez beste guztietan, Belgikarren batek eraman du urrea, eta kasu askotan podium osoa (lau aldiz, 2002tik 2005era errenkadan). Gainera, marka jarriko du ziklo-krosaren historian, inork ez baitu urte batean 23 urtez azpiko edo afizionatu mailako txapelketa irabazi eta hurrengo urtean elitekoa. Eta hori guztia gutxi izanik, Radomir Simunek txekiarraren beste bat berdinduko luke: maila guztietan Munduko Txapeldun izatea.



23 urtez azpiko mailan, Niels Albert

Elite mailan lehia estua izango da, zalantzarik gabe, Lars Boomen eta belgikarren artean, baina 23 urtez azpiko mailakoak ez luke kolorerik izan behar. Niels Albertek hanka batez irabazi beharko luke, denboraldi osoko legea betetzen bada behintzat. 23 urtez azpikoetan jokatu dituen proba guztiak irabazi ditu. Guztiak! Eta aurretik inor izan duen kasu apurretan, beti elite mailakoak izan ditu, batik bat Nys, Wellens edota Boom. Baina haiek guztiak menderatuz ere gailendu da behin baino gehiagotan.

Lehenago ere ibili da urrearen borrokan. Orain urte bi, Zeddamen, Holandan, Zdenek Stybar eta Lars Boom izan zituen aurretik. Esprintean menderatu zuten. Iaz, Belgikan, Lars Boom bakarrik izan zen bera baino gehiago. Hirugarrengoan ez bide du huts egingo.

Eta antzeko iragarpena egin daiteke emakumezkoetan ere, Hanka Kupfernagel alemaniarraren sasoia ikusita. Munduko Kopako azken proba biak aise irabazi ditu (Lars Boomen moduan), eta Munduko Txapelketari inork baino hobeto hartu dio neurria. 2000. urtean bera izan zen historiako lehen munduko txapelduna, eta geroztik beste bitan irabazi du (guztira zazpi domina lortu ditu, hiru urre, beste hiru zilar eta brontze bat). Laugarrena ez du aparte izango.





BosT eusKaLDunaK
Unai Yus
Gasteiz, Araba, 33 urte
Munduko Txapelketetan eskarmentu handien duen euskalduna da. Bost aldiz hartu du parte, bitan junior mailan eta azken hiruretan elite mailan. 30 onenen artean sailkatzea du helburu, inguru horretan ibili baita orain arte ere. Iaz 34. sailkatu zen, orain urte bi 26. eta elite mailako estreinaldian 44. Aurten zazpi proba irabazi ditu.

Javier Ruiz de Larrinaga
Ametzaga Zuia, Araba, 28 urte
Inork baino karrera gehiago irabazi ditu: zortzi. Munduko Txapelketan estreinaldia izan arren, Yusen edota Secoren pare ikusi du bere burua denboraldi honetan, eta, Yusen moduan, berak ere 30. postuaren inguruan ibili beharko luke.

Gorka Izagirre
Ormaiztegi, Gipuzkoa, 20 urte
Berezkoa du gipuzkoarrak ziklo-kroserako gaitasuna, ez da alferrik Jose Ramon Izagirre Espainiako txapeldun izandakoaren semea, baina denboraldia errepiderako prestaketa gisa baliatzen du, eta ezin zaio gauza handirik eskatu. Junior mailan birritan izan da Munduko Txapelketan, eta 35. eta 51. postuan sailkatu zen. 23 urtez azpiko mailako estreinaldian horrenbeste egiten badu, ameto eman daiteke.

Iñigo Gomez
Erandio, Bizkaia, 16 urte.
Euskal Herriko Txapelketa eta Espainiako Kopa irabazi ditu, besteak beste. Junior mailan lehen urtea izaki, zaildu gabe dago, eta nazioarteko probetan eskarmenturik ez duenez, karrera bukatzea nahikoa luke.

Igor Merino
Balmaseda, Bizkaia, 17 urte.
Berarentzat mundu berria izango da, Iñigo Gomezentzat bezalaxe lehen aldia baita. Atzeko postuetan irtengo da, eta maila handiko proba batean aurrera egitea oso zaila denez, itzulirik galdu gabe amaituta, jomuga betea izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.