Pilota. Lau t'erdiko Txapelketako finala

Larrunarriko fruituak

Jokin Altuna ere Zazpi Iturri Amezketako pilota elkartean trebatu zen, besteak beste, Iker Irribarria, Erik Jaka eta Xabi Tolosa bezala. Puntako pilotari gazte multzoa elkartu zuten, arrakastak lortu eta entrenamendu gogorrak egiteko.

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Jendea entrenamenduak ikustera biltzen zen. Irribarria, Altuna, Tolosa eta Olano Leitzakoa Elgetako finalerdietan sartu genituenean. Ikusgarria zen», gogoratu du Jose Antonio Zabala Xalton-ek (Amezketa Gipuzkoa, 1951). Erik Jaka (Lizartza, Gipuzkoa, 1994) Aspeko pilotaria ere oroitzen da: «Ez zen arraroa harmailetan hogei bat pertsona egotea. Ohikoa zen». Amezketako Larrunarri pilotalekuaz mintzo dira biak, bertan entrenatzen baita Zazpi Iturri herriko pilota elkartea. Zabala elkarteko entrenatzailea da, 1975az geroztik, eta Jaka elkarteko pilotari ohia da. Lizartzanjaiotakoa da, baina 9 urterekin hasi zen han entrenatzen.

Zazpi Iturrin zaildu zen Jokin Altuna ere; baita Xabi Tolosa—Andoaindik joana—, Iker Irribarria —15 urterekin—, Unai Garmendia —Frontiseko profesional ohia—, Joseba Gallurralde, Iraitz Olaetxea, Beñat Arzelus ere. Denak zeresana emanikoak afizionatu mailan. «Maila oso handiko pilotariak bildu genituen. Entrenamendu oso onak genituen binaka. Abiadura oso handian entrenatzen ginen. Elkarte batzuetan pilotari on bat dute, baina bakarrak ez du balio, talde ona behar duzu. Baina, tira, beste elkarte batzuek ere talde onak zituzten; guk ez genituen txapelketa guztiak irabazten», azaldu du Zabalak.

Botatako izerdia ez dute ahaztu Erik Jakak eta Iker Irribarriak (Arama, Gipuzkoa, 1996). «Ordizian zaila zen jarraitzea, eta entrenamendu gogorrak behar nituen hobetzeko. Horregatik joan nintzen Amezketara, han beti zegoen jendea entrenatzeko», hartu du gogoan Irribarriak. «Askotan joan ginen etxera pasada hartuta. Jakarekin, adibidez, ez nuen hainbestetan topo egin, bi urte gehiago zituelako, baina harekin egokitzen zenean, pasada. Horrela hobetzen zen gure defentsa». Jaka ere antzera mintzo da: «Entrenamendu oso onak ziren: seriotasuna, intentsitatea... Nagusiagoen aurka jokatzean astinduak hartzen genituen. Beti da ona zu baino hobeak direnekin entrenatzea».

Gero iritsi zitzaion Zabalari Asperen gaztetxoen begirale izateko aukera, baina ordurako orain izar diren guztiak bere elkartean zeuden. Eta, tartean, etxeko kutuna: Jokin Altuna. «Nik bere partidak seme bat balitz bezala bizi ditut. Askotan defendatzen dut, agian besteak ez bezala. 'Utz ezazu lasai bakean' esaten diet». Izan ere, Altuna 3-4 urterekin agertu zen lehenbizikoz Larrunarrin. Jakina da haren amak eraikin berean ematen zituela piano eskolak, baina gaztetxoak pilota hotsaren erritmoa nahiago zuen. «Ume hura pilotalekutik bota egin behar zen, bestela ez zen joaten. Entrenamendua egin, amak elastikoa aldatu, eta ogitartekoa hartuta arratsaldeko entrenamendu guztiak ikusten zituen harmailetako barrote artean hankak sartuta. Horrela egunero, eta, gero, asteburu guztietan, Galarretara, osaben partidak ikustera. Honek adina pilota ikusi duen umerik ez dago Euskal Herrian».

Irribarriak, berriz, 8 urterekin egin zuen topo Altunarekin. «Elkarrekin jokatu genuen Burlatan, eta irabazi. Nire lehen txapela izan zen. Pilota bigunarekin ez nion inoiz irabazi; indartsuarekin, berriz, ni gailentzen hasi nintzen, kolpe handiagoa nuelako. Jokinen aurka jokatzea beti izan da zaila». Urte batzuk geroago berriz ere osatu zuten bikote, Berria Txapelketan, 2011n, ordurako jada Zazpi Iturrin. Zabalak ondo du gogoan: «Altuna aurrean eta Irribarria atzean. Ez zuten elkar asko ezagutzen, baina bikote izugarria egin zuten. Lehen urteko kadeteak ziren, eta inork ez zien hamar tanto baino gehiago egin».

Zazpi Iturrik hiru aldiz irabazi du Berria torneoa, eta Zabalak estima handia dio torneoari: «Taldeka jokatzeak beti laguntzen du klub izaera hori indartzen». Jakarentzat ere hori zen arrakastaren sekretuetako bat: «Oso multzo ona genuen, eta bidaia asko egiten genituen elkarrekin. Batzuek besteen partidak ikusten zituzten, eta horrek giro ona sortzen zuen». Urte haietan sustraitu zen egun Altunarekin duen harreman ona. «Hasieratik moldatu ginen ondo. Elkar babesten genuen, elkarri aholkuak ematen». Oraindik ere hala dabiltza, igandeko final aurreko azken entrenamendua Altunak Jakarekin egin baitzuen. Irribarria ere eroso ibili da. «Umore ona genuen. Berdin elkartu gintezkeen entrenatzeko edo parranda egiteko. Lagun multzoa ginen, eta denok genuen ilusio handia profesionaletara pasatzeko».

Jaka atzelaria zen garai haietan, eta beste bi atzelari noiz agertuko irrikan egoten zen aurrera pasatzeko. Orduan egiten zuen topo Altunarekin. «Kadetetan 1,60 metro luze zen, eta 50 kilo pisatzen zuen, baina, gero, hazi egin zen. Ikustekoa da orain nola entrenatzen den. Zurekin jolasean dabilen sentsazioa duzu askotan, baina ez da hala, berak horrela jokatzen du. Sekulako sena du zuloa non dagoen ikusteko, eta trebezia pilota hor jartzeko». Zabala ere harritu izan du entrenamenduetan. «Nik, profesionaletan, oraindik ez dizkiot ikusi entrenatzen ikusitako gauza batzuk. Emotiboa da, hor buruak eragiten dio; erabat askatzen denean ikusiko dizkiogu sotamanoa eta».

Altunaren maila goratu du Jakak, baina Zabalak beste bertute bat goratu du: nortasuna. Pasadizo polit bat eta guzti: «Haurren kategorian gertatu zen, 7-8 urterekin, bera eta beste bat Xabi Tolosaren aurka aritu ziren, eta horrela esan zion atzelariari: 'Zer uste duk, hura botatzea? Ahal dela, txapa gainean moztu'. Gero, Altunak irabazi zuen partida».

Prestatzaile aldaketa

Zazpi Iturriko asko pasatu dira profesionaletara, eta guztiekin poztu da Zabala. Aurretik, baina, pilotarien inguruko aurreikuspenak kudeatzen jakin behar da, eta hori ere pasatu zen Altunarekin. Zabalak gogoan du: «Arazoa zen. Puntako pilotaria genuen hurrengo 20 urtetarako, baina kontuz ibili behar genuen. Guk prestatzaile fisiko pertsonal propioa jarri nahi genion, David, nafarra. Gustatzen zaio lan psikologikoa ere egitea. Enpresak ez zuen begi onez ikusten, Tolosako multzoa hausten zelako. Altunak, baina, behar zuen norbait gainean, eta guk ordainduko genuela esan genion Asperi. Orain hilabete edo Jaka eta biak dabiltza harekin, eta gusturago gabiltza harekin». Sostengu asmo horretan, Amezketan Altuna lagun taldea osatu zuten Zabalak eta beste batzuk. «Haren partidak ikustera joan nahi zuten herriko gazteei laguntzeko: autobusak, sarrerak... Altunaren adinekoak ikasten ari dira oraindik, eta berak asko begiratzen dio ingurukoek egiten duten ahaleginari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.