Pilota

Larrazabalek eta Mariezkurrena II.ak 22-21 irabazi diete Peña II.ari eta Albisuri

Irabazleek buelta eman diote 21-18koari, eta, hala, txapelketako lehen puntua lortu. Orain arteko partidarik onena izan da, eta bi atzelariak distiratsu aritu dira.

Larrazabal-Mariezkurrena II.a. JON URBE / FOKU
Jon Mariezkurrena eta Iker Larrazabal, elkar besarkatuta, garaipena ospatzen. JON URBE / FOKU
jon eskudero
2024ko abenduaren 9a
19:43
Entzun

Hezetasunaren ondorioz partida atzeratu ondoren, Binakako Txapelketako bigarren jardunaldia gaur itxi du Tolosako Beotibarrek, eta frontoira itzultzea erabaki duten pilotazaleek ez dute damu handirik izango. Txapelketan orain arte izandako neurketarik onena ikusi ahal izan baitute. Denetarik izan du norgehiagokak: gogortasuna, kalitatea, distira eta emozioa. Bukaerara arte bi bikoteak elkar hautsi ezinda ibili ondoren, bazirudien Jon Ander Peñak eta Jon Ander Albisuk poltsikoan zutela puntua, partidako alderik handiena izan baitute 21-18koan. Iker Larrazabalek eta Jon Mariezkurrenak ez dute amore eman, ordea, eta azkenean tanto bakar baten aldearekin irabazi dute. Hala, lehen puntua eskuratu dute. Peña II.ak eta Albisuk, ordea, ez dute punturik oraindik.

Galtzaileek hobeto ekin diete lehiari, batez ere Peña II.ak, hasiera elektrikoa izan baitu. Haren hiru tantori esker, 3-0 aurreratu dira Albisu eta biak. Mariezkurrena partidan sartu da pixkanaka, eta pilota marroi bat baliatuta, berdinketak izan dira nagusi luzaroan: 3na, 7na, 9na eta 11na. Bi atzelarien lana izugarri distiratsua izan da. Oso urrun ibili dute pilota, errebotetik gertu, eta errematerako batere aukerarik ez diete eman aurrelariei. Bistakoa zen zaila izango zutela erritmo horri eustea bigarren zatian, baina ez dute behera egin, eta bi bikoteak parean iritsi dira bigarren atsedenera ere.

Bada, Peña II.ak eta Albisuk azken txanpan izan dute alderik handiena, 21-18 aurreratu baitira, baina huts egin dute tarterik erabakigarrienean. Larrazabalek bi erremate eder egin ditu lehenik, eta, azken tantoan, Albisuri txapa azpira ihes egin dio pilota batek. Aurrelari gazteak ederki osatu ditu ordezko lanak, eta ostiralean, Iñaki Artola itzuliko da lehiara, lesioa sendatu ondoren, Urretxun (Gipuzkoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.