Ziklo-krosaren hiriburu bihurtuko da Bogense (Danimarka) asteburu honetan, bertan jokatuko baita urteko proba nagusia, Munduko Txapelketa. Denera, 24 herrialdetako 289 txirrindulari lehiatuko dira, inoiz baino gehiago. Begirada gehienak Herbehereetako selekzioak bereganatuko ditu, hura baita elite mailako probetan urrezko domina lortzeko faboritoa. Gizonezkoetan, azken hiru urteetako muga ikusezina apurtzen saiatuko da Mathieu van der Poel. Hautagai garbi moduan joan izan da azkeneko Munduko Txapelketetara, baina kale egin du denetan. Arantza ateratzen saiatuko da oraingoan. Emakumezkoetan, berriz, zaila dirudi ortzadar maillotak ihes egitea Annemarie Worst, Lucinda Brand, Marianne Vos eta Denise Betsemek osatutako laukoteari.
Orain dela 21 urte jokatu zen azkenekoz Munduko Txapelketa Danimarkan. Orduan, Belgika izan zen nagusi gizonezkoen elite mailan eta 23 urtez azpikoetan, Mario De Clercq eta Sven Nysekin. Bada, orain garaipen bikoitz are baliotsuagoa lortzen saiatuko da: elite mailako bi probak. Sekula ez du halakorik lortu, eta aurten aukera paregabea du. Gizonezkoetan, ez dirudi Van der Poeli inork itzalik egin ahalko dionik. Raymond Poulidorren biloba jaun eta jabe izan da denboraldi osoan. Guztira 27 lasterketatan hartu du parte, eta horietatik 26 irabazi ditu. Munduko Kopan hirugarren da, ez baita hiru probatan lehiatu, baina lehen postuan dago UCIren sailkapenean.
Edonola ere, Van der Poelek ondo daki aurrez lortutako arrakastak ezer gutxirako balio duela Munduko Txapelketan. Hori bere larruan bizi izan du azken hiru urteetan: faborito garbia izanagatik, beti egin dio ihes urrezko dominak, dela matxurengatik, dela ezusteko beheraldi batengatik. 2015ean irabazi zuen aurrenekoz Munduko Txapelketa, bere lehen parte hartzean, baina, geroztik, zilarrezko domina batekin eta brontzezko beste batekin konformatu behar izan du. Haren ezina maisuki profitatu du Wout Van Aertek, azken hiru txapelketak irabazita. Van der Poel baino koska bat beherago egon arren, beti pedal kolpe magikoa izan du egiaren tenorean.
Hori ikusirik, ezin liteke Van Aerten beste ezusteko bat baztertu. Hori bai, oso zaila dirudi flandriarrak laugarren garaipena kateatzea, denboraldi oso zaila izan baitu. Garaipen bakarra lortu du Munduko Kopan, eta bigarren izan da sailkapen nagusian, Toon Aerts herrikidearen atzetik. Belgikako txapelketa ere irabazi du Aertsek, eta Van Aertek kale eginez gero, hura izango da Van der Poeli aurre egin diezaioken bakarra. Koska bat beherago daude Corne Van Kessel, Lars van den Haar, Michael Vanthourenhout eta Quinten Hermans.
Emakumezkoen proban faborito gehiago daude. Sanne Cant izan da indartsuena azken bi urteetan, baina oso sasoi gorabeheratsua ari da izaten. Dezente hobetu beharko du hirugarrenez urrezko domina lortzeko, Herbehereetako selekzioa izango baitu aurrean. Bertan, helburu bera izango dute Annemarie Worstek, Lucinda Brandek, Marianne Vosek eta Denise Betsemak. Cant dago UCIren sailkapeneko lehen postuan, lau herbeheretarrak atzetik dituela. Munduko Kopa, berriz, Vosentzat izan da, bederatzi probatatik lau irabazita. Gaur zortzigarrenez izan nahi du munduko txapeldun. Edonola, badira dominen lehian sar daitezkeen beste txirrindulari batzuk; esaterako, Katherine Compton hirugarren izan zen iaz eta Kaitlin Keough estatubatuarrak, Alice Maria Arzuffi eta Eva Lechner italiarrak, Loes Sels belgikarra, Jolanda Neff suitzarra eta Nikki Brammeier britainiarra.
Orain dela bi urte Munduko Kopako proba bat jokatu zen Bogenseko zirkuituan, eta Van der Poel eta Cant izan ziren nagusi. Azken egunetan elurra egin du, eta, horren eraginez, egundokoa izango da lokaztia. Edonola, gidoiak aldaketa izan dezake, izotz arriskua baitago iragarrita. Hala, ikuskizun dago hiru kilometroko zirkuitua azkarra edo motela izango den. Itsasertzean egonik, haizea ere aintzat hartu beharreko faktore bat izango da.
Larrinagaren agurra
Bogensen esango dio agur ziklo-krosari Javier Ruiz de Larrinagak, hamahiru urteko ibilbide oparoa osatu ondotik. Brontzezko domina lortu zuen Espainiako Txapelketan, eta txukun aritu da Munduko Kopako azken probetan ere. Hori horrela, lehen 30en artean sartzen ahaleginduko da bere hamabigarren Munduko Txapelketan. Helburu hori bera izan du azken urteetan Aitor Hernandezek, baina aurten ez du Espainiako selekzioaren deia jaso. Gauza bera gertatu zaio Olatz Odriozolari emakumezkoen elite mailan. Bertan ez da euskal herritarrik lehiatuko. 23 urtez azpikoetan bi euskal ordezkari ariko dira, Luisa Ibarrola eta Xabier Murias, eta beste bi junior mailan, Ibai Ruiz de Arkaute eta Igor Arrieta.
Laranja mekanikoaren ordua
Munduko Ziklo-kros Txapelketa jokatuko da gaur-biharretan, inoizko parte hartzaile kopururik handienarekin: 289. Horietatik bost izango dira euskal herritarrak: Javier Ruiz de Larrinaga, Luisa Ibarrola, Xabier Murias, Ibai Ruiz de Arkaute eta Igor Arrieta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu