«Kirol bera zen gurea, baina orain prestatuago daude jokalariak»

43 urte daramatza Garbiñe Etxeberriak futbolari lotuta, azken hemeretziak Realean. Carmen Adarraga saria jasoko du gaur, Donostian. Onean eta txarrean, dena erlatibizatzen saiatzen dela adierazi du hernaniarrak.

jarraia225055.jpg
unai zubeldia
2023ko martxoaren 3a
10:00
Entzun

Donostiako Kirol Etxean dauka hitzordua gaur Garbiñe Etxeberriak (Hernani, 1967), Realeko emakumezkoen taldeko kirol zuzendariak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Carmen Adarraga saria jasoko du, 19:00etan, futbolean egindako ibilbideagatik eta ekarpenagatik. Donostiako Santo Tomas lizeoan hasi zen ostikoka, Oiartzunen jarraitu zuen, eta Realean ari da 2004tik. Irakasle lanak alboratuta, futboletik bizi da gaur egun.

Ez dira hiru puntu, ez da titulu bat, baina zuretzat berezia izango da Carmen Adarraga saria jasotzea, ezta? Futbolean egindako ibilbideagatik eta Gipuzkoako kirolari egindako ekarpenagatik emango dizute saria.

Asko hunkitu nintzen sariaren berri izan nuenean. Carmen Adarraga erreferente bat izan zen, eta izen handiz beteta dago sariaren garaileen zerrenda. Gazte sentitzen naiz oraindik, baina 43 urte pasatu dira futbolean jokatzen hasi nintzenetik, eta 43 urteotan zerbait egin dudala esan nahi du sari honek.

Zurea da saria, baina pentsatzekoa da ez dela zurea bakarrik…

Talde kirola da futbola. Jokatzen nuenean ere, ni neu bakarrik ez nintzen inor, taldeari zor nion dena. Eta etxean ere babes handia eduki izan dut betidanik. Sei anai-arreba gara, eta kirola oso presente eduki izan dugu beti. Batez ere, amari gustatzen zitzaion kirola: txirrindularitza, pilota…

Zuen etxean beti egongo zen, orduan, baloi bat tartean…

Ez pentsa. Etxean ez dakit baloirik izan nuen. Ikastolara joateko izaten nuen nik gogo handia, han futbolean aritzeko. Santo Tomas lizeoko jolas ordua sakratua zen niretzat; eguerdian ere jolasten hasten ginen bazkaldu eta berehala…

Jolastokian lekua egiten asmatzen zenuten, beraz…

Ez dakit ona edo txarra nintzen, baina niri futbolean jokatzen uzten zidaten mutilek. Zerbait izango nuen, mutilak oso zorrotzak zirelako eta edozeinek ezin zuelako jokatu haiekin. Nik, orduan, normaltzat hartzen nuen mutilekin jokatzea, baina gerora ulertu nuen zein momentu zaila izan zen hura. Asko gustatzen zitzaidan futbola. 1980ko hamarkada zen, realzalea nintzen, Reala zen dena, Atotxa zen dena… Futbolean jokatzeagatik Atotxara joateko txartela ematen ziguten, eta Oiartzundik denok elkarrekin joaten ginen. Giro eta kimika berezi bat sortu zen gure artean.

Ostikoka lehen eta ostikoka orain, baina nola aldatu diren ostikoak jotzeko moduak, ezta? Zelaian lehen, bulegoan orain.

Asko aldatu zait egoera, bai. Gauza desberdin asko egitea tokatu zait, baina gustatzen zaidan tokian nago, eta kiroletik bizi naiz. Duela sei urte, hezkuntzan ari nintzen lanean, baina Realak lanaldi osora pasatzeko aukera eman zidan, beharra zegoelako; pausoa ematea erabaki nuen, eta ez naiz damutzen. Ardura handiko postuak dira hauek, eta emakumezkoen futbola hazten ari den neurrian konturatzen zara gauzek zenbateko garrantzia duten.

Zer dauka gogorretik zure lanbideak?

Inoiz ez naiz izan emakume mediatikoa. Batzuetan, gauzak ez dira ateratzen norberak nahi duen bezala, eta momentu horietan jakin egin behar da egoten. Niretzat oso hitz preziatua da oreka; oreka emozionala, oreka lanean… Oreka horretan babesten naiz etengabe. Dena erlatibizatzen saiatzen naiz.

Erabat futboletik bizi zara gaur egun?

Nire lanbidea da, bai; Realeko emakumezkoen taldeko kirol zuzendaria naiz. Nork esango zidan niri! Duela urte batzuk galdetzen zidatenean ea emakumezkoen futbola profesionala izango zen, ezetz erantzuten nuen beti, ziur. Baina gaur egungo jokalariek futbola dute lanbide.

Zuen amonaren baserria izan zen zuen harrobia, ezta? Asko gozatutakoak zarete han

Hernanin bertan zegoen familiaren baserria, eta asteburuetan hara joaten nintzen anaia gaztearekin, lehengusuekin… Errepidean jokatzen genuen, lurrean harriekin-eta ateak jarrita. Autoak zetozenean kenduz ibiltzen ginen. Gogoan daukat osabak belarra mozten zuenean ere han jokatu ahal izaten genuela.

Arropak, fisioterapeutak, instalazioak, medikuak… Gaur egungo futbol jokalarien egunerokoa aztertuta, futbolariak zineten zuek ere 1985etik aurrerako urte haietan? Kirol bera zen?

Garai hartan, gurea bakarrik ezagutzen genuen guk: entrenamendua eta partida. Norbera saiatzen zen partidara ahalik eta ondoen iristen: etxean janaria ahal zen bezala zaintzen, atseden hartzen… Oso berandu entrenatzen genuen: 20:00etan. Kirol bera zen gurea, baina orain prestatuago daude jokalariak; beste futbol bat da abiadurari, exijentziari, intentsitateari, indarrari dagokionez. Gaur egun, oso atletak izan beharra daukate jokalari guztiek.

Futbolean ibilbide luzea egin izana Ana Ruiz zenari zor diozue, agian, ezta? Haren bila joan ziren Oiartzundik Donostiara, baina beste lauzpabost sartu zineten pakete berean.

Hala da, bai. Oso-oso ona zen Ana, atentzioa pizten zuten horietakoa. Oiartzunera joatera gonbidatu zuten, eta beste lau lagun joan ginen harekin. Momentu hartan han egotea egokitu zitzaidan, eta har nezakeen erabakirik onena hartu nuen. Besteek utzi egin zuten pixkanaka, baina ni lotu egin ninduen futbolak.

Oiartzun zer izan zen zuretzat?

Giroa. Herritik joan nintzen ni, herria zen Oiartzun ere, eta oso giro onarekin topo egin nuen. Entrenamendua edo partida bukatu, eta han izaten zen gauza gehiago: elkartu, bazkariak, afariak, ogitartekoak… Taldeak eraman egin ninduen, konkistatu egin ninduen. Oraindik ere mantentzen dugu harremana.

Garbiñe Etxeberria Haur Hezkuntzako 3 urteko haurrekin aritu zen lanean hainbat urtez, eta 2 urtekoekin ondoren. Irudian, Donostiako Santo Tomas lizeoan, 2001-2002 ikasturtean.

Futbola bera bezala, irakasleen ikuspegitik nolabait profesionalizatzen ari da neska-mutikoen aisia ere?

Gizartea bera erotu samar dagoela iruditzen zait. Gaur egun, aukera dago gora iristeko, baina ezerezetik hasten den neskari ezin zaio eskatu abiadura handiegia, etapa guztiak bizi behar ditu eta. Azkarregi bizi gara, eta gauzak azkarregi eginda frustrazioa etor daiteke gero, oso gutxi iritsiko baitira Lehen Mailara. Bidea zein polita den eta bide horretan zenbat gauza gertatzen diren erakutsi behar diegu denei.

2004an egia bihurtu zen urte askoko borrokaren emaitza: Realak emakumezkoen taldea atera zuen.

Realak Gipuzkoako futbolaren lidergoa hartu zuen 2004an, baina profesionalizazioa 2012an iritsi zen, Realak egin zituen lehen lan kontratuekin. Hortik aurrera etorri dira aldaketa gehiago eta hobeak.

2012tik 2023ra asko aldatu da gizartea bera eta baita Realaren errealitatea ere, ezta?

Aldarazi egin dugu dena. Kirolari hobeak gara, inbertsioak egiten ari gara, baliabide gehiago dauzkagu, jende gehiago ari gara lanean… Ligako handienekin lehiatzeko pausoa eman dugu, eta zaleak pozik egoteko zerbait sortu dugu.

Jokalariekin zuzenean negoziatzetik ordezkariekin bizitzera igaro zara urte gutxian?

Bai… Jokalarien familiekin negoziatzen genuen lehen; aita, ama…, horiek izaten ziren gure kontaktuak. Baina gaur egun ordezkariak dauzkate ia jokalari guztiek, eta ikasi egin dugu zer hizkuntza erabili, zer estrategia, baliabide, abilezia… Ez da erraza, tirabira etengabea delako, eta gaur egun dirua dagoelako tartean. Dirua garrantzitsua da, baina itsutu egiten gaitu.

Ehuneko zenbatekoa da ordezkari emakumezkoen kopurua?

Badaude batzuk, hiruzpalau, baina oso gutxi dira.

Genero ikuspegiagatik sentitu izan duzu bazterketarik?

Ez. Klub handi batean nago, eta babes handia ematen dit horrek. Garbiñerekin hitz egiten dute bitartekariek, baina Realarekin negoziatzen dute. Klubaren babesean lan egiten dut beti.

Kirol arloari helduta, Realari kalte egin zion aurreko denboraldian Txapeldunen Ligarako sailkatzeak?

Ez, inondik inora ere ez. Municheko Bayernen aurka jokatu dugu Anoetan eta Alemanian, Txapeldunen Ligako finalerdietara iritsi den talde baten aurka. Ez dut esango kostatuta kanporatu gintuztenik, baina lan pixka bat eman genien. Hazten joan nahi badugu, bizi beharreko bizipenak dira horiek.

Nahikari Garcia eta Mariasun Quiñones buru, hamar jokalarik taldea utzi zuten 2021eko udan. Nerea Eizagirre buru dela, udan antzeko zerbait gerta daitekeen beldurrik baduzue?

Nire lanaren parte da hori. Blokea mantendu nahi dugu guk, oso talde ona daukagulako. Ahalegina egiten ari gara, negoziatzen ari gara, baina ez dakit nora iritsiko garen. Jokalariak gustura egon daitezen lortu behar dugu, baina, horretarako, jokalariek eurek ere jarri behar dute euren aldetik. Taldean gelditzen dena gustura gelditzea gustatuko litzaidake.

Inoiz amaitzen al da zure laneguna? Lana eta aisia bereizten asmatzen al duzu?

Saiatzen naiz deskonektatzen, baina zaila da kezkak alboratzea.

Inoiz tentaziorik eduki duzu dena uzteko?

Saiatzen naiz indartsu mantentzen, baina eduki izan dut momentu txarren bat, bai, daukadan arduragatik, batez ere. «Egunerokoan zenbateraino merezi du ondoez honek?», galdetu izan diot neure buruari, baina badago berriz ere egunerokora bultzatzen nauen zerbait.

Zer falta zaizu egiteko?

Gauza polit gehiago lortu nahi ditut Realarekin. Beste titulu bat nahi dut, edo, gutxienez, lortzetik gertu egon nahi dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.