Izaro Lestayo

«Gazteek ematen zidaten beldurrik handiena, oso tradizionalak baitira»

Gizonezkoen traineruetan patroi lanetan aitzindari izan da, eta, orain, Elkanoren lehorreratzea antzezpeneko historiako lehendabiziko emakumezko eskifaia.

2022ko irailaren 16a
14:40
Entzun

Getariako Elkanoren lehorreratzeari buruzko herri antzezpenak ehun urte bete ditu aurten, eta, urteurren borobil horretan, aurreneko aldiz emakume bat egon da tripulazioko gizonen larruan jartzen direnen artean. Emakume bera izan zen aurrenekoa gizonezkoen traineru batean patroi lehiatzen ere, San Juan taldearekin. Izaro Lestayo da bera (Getaria, 1998), eta lehorreratzearen biharamunean solastatu da arraunaz nahiz lehorreratzeaz. Izan da elkarrizketaren erdian urrunetik arrastoa utzi duela oihukatu dionik ere. Hain berea duen irribarre zabalarekin erantzun du Lestayok.

Egun gutxi dira Elkanoren lehorreratzean atera zinela. Zer moduzko esperientzia izan da?

Nik erronkatzat hartu nuen, lehenengo emakumea nintzelako tripulazioan parte hartuko zuena, eta, alde horretatik, urduri nengoen, ez bainekien herriari zer irudituko zitzaion. Dena den, ez da izan neronek proposatutako zerbait; hainbat bilera egin dira, eta herriak aukeratu zuen emakumeak txertatzea. Hasieran, kontinenteetarako eman nuen izena. Burutik ez zitzaidan pasatu ere egin tripulazioko parte izatea. Udaletik deitu zidaten, ordea, nire izena atera zela, eta ea animatuko nintzen galdezka. Bi aldiz pentsatu gabe, baietz esan nuen.

Prestaketa handia egin duzue?

Arropa berritu egin dute aurtengo antzezpenerako, eta, horregatik, tarteka horiek probatzera joan gara. Gainerakoan, egunean bertan 09:00etan gelditu ginen tripulazioko kide guztiok. Harrigarria da zenbat gauza egin behar diren; horrekin haluzinatu egin nuen. Lanak amaitu, eta denok elkarrekin bazkaldu genuen Iribarrenean —tradizioa da—, eta 14:00etan itsasora atera ginen. Itsasoan ibiltzera ohituta nago, baina hiru orduz geldirik egoteak beldurtzen ninduen; gainera, haizea altxatu zen, eta katxopak zeuden, itsaso txarra zegoen. Baina denbora guztian nabigatuz joan ginen, aurre-aurreraino, eta denbora azkar pasatu zitzaigun.

Esperientziarik handiena dutenak beren anekdotak kontatzen aritu zitzaizkidan tarte horretan; beraientzat zer zen hor egotea. Azken batean, lehen, aitak semeari pasatzen zion rola zen. Beraz, haientzat hor joatea ez zen Elkanoren lehorreratzea interpretatzea, baizik eta aitak utzitako tokia betetzea. Negar ere egin zuten; izugarria izan zen.

Hogeita sei minutu pasatu zenituzten moilatik elizara arteko bidea egiten. Nola lortzen da hain poliki ibiltzea ehunka begi begira-begira dituzunean, isil-isilik?

Inpakturik handiena itsasontziarekin moila barrura sartzen hasi gineneko uneak eragin zidan. Jendetza espero nuen, baina ez horrenbestekoa. Ikara ere sentitu nuen: «Izaro, orain nola egin behar duzu?», pentsatu nuen neure artean. Ez genuen entseatu, ez genekien nola ibili behar genuen; itsasontzitik moilarako saltoak ematen zidan beldurrik handiena, tripulaziokoen rolean sartuta, ezin zelako sekulako saltoa ere egin. Ondoren, bidea ez zitzaidan luzea egin. Atsedenean denek galdetzen zidaten ea zer moduz ibili nintzen, baina ni ez nintzen gogoratzen ezertaz.

Gero ikusi dituzu zure irudiak?

Bai. Etxera iritsi, eta aurreneko gauza horixe egin nuen. Jakin nahi nuen ondo ala gaizki interpretatu nuen. Jendeak esan zidan oso ondo egin nuela, baina…

Eta zeuri, zer iruditu?

Tira, ondo.

Antzezpenaren azken partea desberdina izan da aurten, kontinenteek zatikatuta zegoen munduaren piezak hartu eta bateratu egin zituztelako.

Neuri moilako momentua gustatu izan zait beti, eta ikusle moduan ere beti han jarri izan naiz. Itsasontzitik jaitsi orduko hasi zitzaidan jendea «aupa, neska» esanez, eta aldamenera begiratu eta kasu egiteko gogoa ematen zidan, baina ezin nuen egin. Bigarren zati horretan bai, jendea agurtzen aritu nintzen. Aldaketei dagokienez, aurten erregea kendu dute, eta zuk diozun amaiera horrekin eman nahi izan den mezua da denon artean mundu berri bat posible dela, askotariko jendea dagoela. Lehorreratzean hori islatu dugu: emakumezkoak sartu ditugu, gizonezkoak sartu ditugu, afrikarrak sartu ditugu… Oso polita izan da aurtengoa, berezia.

Emakume batek oraintxe bertan —elkarrizketaren erdian— esan dizu arrastoa utzi duzula, eta zorionak eman dizkizu. Halako mezu asko jaso al dituzu?

Bai. Bezperan jende pila batek bidali zidan mezu bat Whatsappez, esanez gozatzeko momentuaz, historia idatziko nuela, eta egunean bertan ere mezuak jaso nituen, eta ordutik ere bai. Kalean jaso ditudan iritzi guztiak oso positiboak izan dira.

Kontrakorik ez duzu jaso?

Ez. Beldurra banuen, baina beti esaten nuen kontra egiten bazidaten ere ez zela izan nik erabakitako zerbait, herriak aukeratu duen zerbait baizik. Esan zuten proba egingo zela, eta ikusiko zela. Aldaketa hauek eboluzio baten parte dira. Niri iritsitako mezu guztiak positiboak izan dira, baita gazteen partetik ere. Horrek ematen zidan beldurrik handiena, ea gazteek nola hartuko zuten.

Bai? Zergatik?

Egia esan, gazteak oso tradizionalak dira. Horiengandik gehiago entzuten dut ea zergatik sartu diren gizonezkoak kontinenteetan eta zergatik emakumezkoak tripulazioan. Baina haien partetik ere ongi etorria sentitu naiz, eta, beraz, pozik nago.

Lehorreratzea alde batera utzita, gizonezkoenak izan diren arlo edo eremuetan gauza gehiago ere egin izan duzu. Arraunean, esaterako, gizonezkoen traineruetan patroi ibili izan zara.

14 urterekin hasi nintzen arraun munduan. Nik arraunean egin nahi nuen, baina klubean agertu nintzenean esan zidaten txikia nintzela eta patroi joan behar nuela. Hasieran, disgustua hartu nuen, baina gero oso gustura aritu naiz. Aurrena Getaria-Zarautz emakumezkoen traineruan ibili nintzen, 2014tik 2016ra. Handik San Juanera joateko aukera izan nuen, eta han hasi nintzen, tarteka, mutilekin entrenatzen, patroia falta zutenean. Estropada jokatzeko aukera ere eman zidaten, orduan ere patroia falta zelako. Lekeition izan zen, denboraldiaurreko estropada batean. Gogoan dut sekulako itsaso txarra zegoela, eta galdetzen didatenean zein estropadetan pasatu dudan okerren, beti gogoratzen dut estropada hura, itsasoagatik. Ordutik, Lekeitioko itsasoak errespetu handia ematen dit.

Zeresana emango zuen emakume bat ikusteak gizonezkoen traineruan patroi…

Orduko hura normal-normal pasatu zen. 2018an amaitu nuen San Juanen, eta arrauna uztekotan egon nintzen. Baina, nire ezusterako, Getariako mutilen entrenatzaileak deitu zidan, Jon Larrañagak. Haren aurreneko urtea zen, eta galdetu zidan ea nahi nuen beraiekin hasi. Harritu egin ninduen, baina ez nuen bi aldiz pentsatu, eta hasi egin nintzen. Mutilek ezagutzen ninduten, batzuekin txikitatik ibilia nintzen traineruan, eta guretzat ez zen ezer arrotza. Aurreneko aldiz ligan Hendaian atera nintzen, eta horren ostean etorri zen harrabotsa; aurreneko emakumea nintzela patroi atera zena gizonezkoekin, eta abar.

Ligan bai, baina 2019ko Kontxako Banderan ezin izan zenuen parte hartu, ezta?

KAE1 eta KAE2 ligetan ez ziguten inolako arazorik jarri. Gero, Kontxa iritsi zen, eta han aurrez izena eman behar dute arraunlariek eta patroiek, eta nire izena ez zuten onartu. Esan zuten ezin nintzela gizonezkoekin atera. Hasieran, haserretu egin ginen, beste patroiari zerbait gertatuz gero ez geneukalako inor. Nik banekien ez nuela jokatuko, titularra oraingo patroia zelako, Unax [Eizagirre], baina zer pentsatua eman zigun. Eusko Label ligara igotzen baginen ere gauza bera gertatuko zela esan ziguten; azken batean, liga pribatua da Eusko Label, eta baita Kontxako Bandera ere. Beren arauak dituzte, eta errespetatu egin genituen.

Hain zuzen, aurten Eusko Label ligan dabil Getaria, eta, beraz, ezin izan duzu patroi lanik egin.

Hala da. Delegatu moduan aritu naiz.

Sekulako liga egiten ari zarete, eta, Kontxan ere, aurrena sailkatzea lortu zenuten, eta, gero, ohorezko txandan lehiatzeko aukera. Gertutik bizi izan dituzu bi lorpen horiek, baina lehorretik. Inbidiarik ez dizu eman?

Kontxako itsasoa ikustean, beti ematen dizu inbidia; ni ere aterako nintzateke, baina kanpotik bizi izan nuen beste arraunlari eta delegatuekin, eta, mutil horien ibilbidea zein izan den ezagututa, niretzat oso berezia izan da haien aldamenean segitzea. Kontxako sailkapenari dagokionez, oso-oso urduri geunden denok. Gure izena kiniela guztietan zegoen, baina bagenekien horretarako gauzak oso ondo egin behar zirela, eta akats txiki batekin kanpoan geldituko ginela. Mutilek egin behar zuten dena, eta gehiago eman dute Kontxako estropadetan. Gozatzeaz gain, asko borrokatu dira. Kontxa berezia da, hein handi batean, zaleak arrapalara bertara joaten direlako, eta arrapala hori marroiz beteta egotea eta denak marruka Esperantza kantatuz entzutea… Arraunlariak hunkituta zeuden; sekulakoa izan da.

Zeu Kontxak irabazitakoa zara. Lehiatzera itzultzeko asmorik?

Aurten indarberritu egin naizela uste dut, eta gogoa dut hurrengo urtean liga bati eusteko, bai. Emakumezkoen talderen batekin hitz egin dut, baina oraindik ez dut ez baiezkorik ez ezezkorik eman. Ikusiko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.