Lapurdi igo da KAE 1 ligara, azkeneko estropada ere irabazi eta gero

Aitor Manterola Garate.
2017ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gogoan gordetzeko lana osatu du Lapurdik KAE 2 ligan. Talde sortu berria, Ur Joko eta Ibaialde taldeen batura, eta lehendabizikoan lortu du KAE 1 ligara igotzea, berea irabazi eta gero. Hamabi bandera eraman ditu Lapurdira, eta azkena atzo bertan lorturikoa, Colindresen (Espainia). Erlojuaren aurka aritu ziren uda honetan zortzigarren aldiz, eta denetan lapurtarrak izan dira azkarrenak. Horra beste datu handi bat gogoan gordetzekoa.

Esku-eskura zeukaten mailaz igotzea, baina nahi zuten garaipenarekin lortu, eta bai bete ere nahia. Bost segundo bizkorrago moldatu ziren San Juanen aldean, eta Hibaikak hemezortzi gehiago behar izan zituen. Lapurtarren atzeko bi lekuetan ere ez zen ezusterik izan atzo, eta ia ligako estropada guztietan bezala, lehen hiru lekuetan Lapurdi, San Juan eta Hibaika sailkatu ziren. Pasaitarrak eta errenteriarrak ariko dira KAE 1-era igotzeko kanporaketan datorren larunbatean Donostian, eta igandean Portugaleten; aurkariak KAE 1 ligako Orio B eta Portugalete izango dituzte.

Gipuzkoako Ligako azkena

Azkeneko jardunaldi puntuagarria izango du gaur Gipuzkoako Ligak, 12:00etan. Pasai Donibanen. Ligako garailea San Juan da dagoeneko, eta etxean ospatu ahal izango du titulua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.