Lapeira nagusi Kanbon, amaiera kaotiko batean

Frantziarrak esprintean irabazi du Itzuliko bigarren etapa. Aranburuk aurre egin nahi izan dio, baina bosgarren izan da bukaeran. Azkenean zatitu egin da tropela, eroriko baten ondorioz. Roglicek eutsi egin dio maillot horiari.

Paul Lapeira, garaipena ospatzen.
Paul Lapeira, garaipena ospatzen. LUIS TEJIDO / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko apirilaren 2a
17:10
Entzun

Sasoia indartsu hasi du Paul Lapeirak (Decathlon). Hainbeste, ezen dagoeneko hiru aldiz altxatu baititu besoak. Azken garaipena, eta denetan garrantzitsuena, gaur bertan eskuratu du: hura izan da azkarrena Irunen (Gipuzkoa) hasi eta Kanbon (Lapurdi) bukatu den etapan. Urduritasun handia izan da azken txanpan, eroriko eta guzti, baina Lapeirak patxadaz jokatu du. Momentu egokiaren zain gelditu da, helmugako arrastoa begi bistan zeukala. Behin erritmoa aldatuta, garaiezina izan da. Alex Aranburu ere (Movistar) buruan agertu da, baina ezin izan dio eutsi irabazlearen joari. Bosgarren izan da azkenean. Samuele Battistela (Astana) eta Louis Vervaeke (Soudal) sartu dira Lapeiraren atzetik.

Bost txirrindularik hartu diote aurrea tropelari etaparen hastapenean. Tartean izan dira Azparren anaiak: Xabier Mikel (Q36.5) eta Enekoitz (Euskaltel). Haiekin batera, Ivan Cobok (Kern Pharma), Alexis Vuillermozek (TotalEnergies) eta Jetse Bolek (Burgos) egin dute ihes. Baimena eman diete tartea zabaltzeko, baina kontrolpean izan dituzte beti: doi-doi gainditu dute lau minuturen aldea. 11 kilometroren faltan eman dute amore, Ezpeletako (Lapurdi) tarteko helmugaren aurretik. Su handia piztu da bertara ondo kokatuta iristeko, eta guztiz frenetikoak izan dira hortik aurrerakoak. Eroriko bat izan da azken hiru kilometroetan sartu aurretik, eta moztuta gelditu dira zenbait hautagai. Primoz Roglic (Bora), ordea, behar zuen tokian zegoen, eta eutsi egin dio lidergoari.

Irteeratik hogei kilometrora igo dute eguneko mendate bakarra: Santinazio, Azkaineko (Lapurdi) aldetik. Hurrena Kanbon estutu dituzte hortzak iheslariek, tarteko helmugako esprintean. 50. kilometroan igaro dira handik. Hortik gutxira, Cobok ezin izan du jarraitu iheskideen gurpilean. Ibilbide hautsia zuen etapak, eta aldapaz aldapa ibili dira.

Bora taldeak gidatu du tropela, eta erritmo lasaia ipini hasieran. Ineos ere agertu da geroago, eta, erritmoa gehiegi bizkortu gabe, murriztu egin du aurrekoen aldea: 2.40ra hurbildu zaizkie 60 kilometroren faltan, Hazparnetik (Lapurdi) igaro ostean. Lehen euri tantak erori dira momentu horretan, eta sarritu egin dira kilometroen joanean. Errepide bustian egin behar izan dute etaparen azken zatia, eta horrek eragin handia izan du bukaeran.

Bahrain taldea ere engaiatu da jazarpen lanean. Tropelari luzatua eman diote Pello Bilbaoren taldekideek, eta bi minutuko langa bota dute Uztaritzera (Lapurdi) bidean zirela, helmugatik 40 kilometro ingurura. Erreleboak zintzo eman dituzte iheslariek, baina ahalegin oro antzua izaten da tropelak sua pizten duenean. Hamar kilometro geroago, laukotearen abantaila ez zen minutu batera ere iristen.  

Arrisku handiko bukaera

Ezpeletako (Lapurdi) tarteko helmugara iritsi aurretik harrapatu dituzte. Oso bukaeran zegoen, helmugatik zortzi kilometroren faltan, eta gainsariak zeuden jokoan. Tentsio eta nahas-mahas handia izan da tropelaren aurrealdean, ondo kokatuta iristeko. Esprint estua izan da Isaac Del Tororen (UAE), Juan Ayusoren (UAE) eta Remco Evenepoelen (Soudal) artean. Mattias Skjelmose ere (Lidl) sartu da borrokan. Roglici segundo apur batzuk harramazkatu dizkiote aurkariek. Liderrak nahiago izan du indarrak gorde.

Ziztuan jarraitu du tropelak, eta irristakor zegoen errepidea. Oso nahasketa txarra da, eta erorikoa izan da halabeharrez. Tao Geoghegan (Lidl) izan da kaltetuetako bat. Ondoren, Romain Gregoire (Groupama) joan da lurrera. Tropela guztiz xehatuta iritsi da azken kilometrora. Kirioak dantzan zituzten gehienek; ez, ordea, Lapeirak. Hark bizikleta jarri du dantzan. Bizi abiatu da helmugako arrastoaren bila, eta bikain eutsi dio ahaleginari.

Denbora berean iritsi dira faborito gehienak, baina ez guztiak: 23 segundoko atzerapena izan dute Ion Izagirrek (Cofidis), Jai Hindleyk (Bora), Carlos Rodriguezek (Ineos) eta David Gauduk (Groupama), besteak beste. Haiekin iritsi da Jay Vine (UAE). Bigarren izan zen Irunen, baina desagertu egin da ohorezko postuetatik. Roglicek, orain, Skjelmose eta Evenepoel ditu atzetik, hamar segundora.

Giro dezentez hobea izango dute bihar, Ezpeleta (Lapurdi) eta Altsasu (Nafarroa) artean jokatuko den etapan. Lizarrustik helmugatik hogei kilometrora du gaina, baina ez da tropela sailkatzeko bezain gogorra, eta, gainera, ordeka zati luzea egongo da jarraian. Beraz, esprintean edo ihesaldian erabakiko da etapa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.