Txirrindularitza

Lantza laranjaren punta

Hamar urteren ondoren Euskaltel-Euskadira itzuli da Jon Aberasturi, taldeburuetako bat izateko. Puntuak lortzea izango du helburu, baita klasikoetan nabarmentzea ere.

Altea 17ENE 16
Aberasturi irribarretsu, Alteako egonaldian egindako entrenamendu batean. EUSKALTEL-EUSKADI / MARKEL BAZANBIDE
pettan uralde
Altea (Alacant)
2024ko urtarrilaren 25a
05:10
Entzun

Sustraiak dituen lurretara itzuli da Jon Aberasturi txirrindularia (Gasteiz, 1989). Arabarra Euskadi Fundazioaren egituran trebatu zen, euskal txirrindulari askoren eskolan. Igotzaileen herrialdean esprinterra izatea erabaki zuen, eta ibilbide luzea egin du harrezkeroztik. Euskaltel-Euskadin haren abiadura aprobetxatzen saiatuko da, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) puntu hain preziatuak pilatzeko asmoz. Distira egiteko aukerak lortzen saiatzeaz gain, talde gazte baten gidarietako bat izango da.

Hastapenetara itzuli da Aberasturi, Euskatel-Euskaditik kanpo hamar urte egin ondoren: Ukyon (Japonia), Euskadi-Muriasen, Caja Ruralen (Euskal Herria) eta Trek-en (AEBak) aritu da. Hala ere, egokitzapena «erraza» egiten ari zaiola adierazi du. «Talde gaztea da, baina denbora dezente daramatzaten txirrindulariak ezagutzen ditut, baita Azanza zuzendaria ere. Ez nau ezerk ustekabean harrapatu. Gauzak gero eta hobeto egiten saiatzen ari dira, eta taldea pixkanaka hazten ari da».

Azken bi denboraldiak goi mailako talde batean egin ditu, World Tourrean: Treken. Zalantzak izan dituen arren, azken denboraldi gazi-gozoak etxera itzultzeko aukera eman diola onartu du. «World Tour talde batean jarraitzea nuen buruan, baita Treken geratzea ere, baina ez nuen ezer argi. Denboraldiaren bigarren zati oso ona egiteko zain nengoen, baina Poloniako Itzuliaren bigarren etapan eroriko handi bat izan nuen. Ezin izan nintzen suspertu Txinan izan zen urteko azken lasterketara arte, eta, azkenean, eroriko horrek pentsarazi zidan etxera itzultzeko ideian».

«Osasunak hobetzen uzten badit, esprintetan lehiatzeko hankak izango ditudala espero dut» JON ABERASTURI

 Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

Hortik aurrera argi ikusi zuen pauso bat atzera egin eta sorlekura itzultzea zela erabaki onena. «World Tourrean jarraitzeko helburu hori alde batera uzten duzunean, ezagutzen dituzun talde horiexek dira hobekien etor dakizkizukeenak. Euskaltelek pizten zidan ilusiorik handien, etxeko taldea delako, historia gehien duen taldea delako, eta iraganean ere hemen egon nintzelako... Nire aletxoa jartzera nator, taldeak aurrera egin dezan, eta ez dadin gelditu. Bultzada hori eman dezaket urte ona badut eta emaitzak lortzen baditut».

Urte asko dira hamar, eta tarte horretan aldaketa handia izan du taldeak. Aberasturik utzi zuen «beste talde bat» aurkitu du, baina «itxura ona» hartu dio egitasmoari. «Kategoria apalagoa da, horrek dakarren guztiarekin. Orain xumeagoa da, kalitatea duten gazteekin. Taldea hazten bada, gazteak irauteko gai izango dira. Beteranook, emaitzak lortzen saiatzeaz gain, beraiei ere lagun diezaiekegu. Ea kalitatea duten gazte horiek pauso bat gehiago emateko gai diren».

Puntuen harrapakari

Dagoeneko denboraldi berrian murgilduta, talde barruan izango duen eginkizunaz mintzo da. «Osasunak hobetzen uzten badit, esprintetan lehiatzeko hankak izango ditudala espero dut. Klasikoetara joateko zeregina ere izango dut UCI puntuak lortzeko, eta egiteko horretan hobetzen saiatuko naiz, nire ibilbidean zehar ez bainaiz inoiz egon egun bateko lasterketa horietara bideratuta. Motibagarria da erosotasun eremu horretatik eta normalean izan dudan egutegi horretatik irtetea».

Izan ere, esperientzia handia izan arren, oraindik asko du emateko, eta eginkizun horiek bikain bete ditzake. «Urteek txirrindulari sendoagoa bihurtu naute, eta urteek eta garaipenek konfiantza handia eman didate. Horrek guztiak motibazioa ematen dizu taldeari ekarpena egin nahi izateko eta nire onena ematen saiatzeko».

Castellon eta Valentzian (Herrialde Katalanak) lehiatu da jada Euskaltel-Euskadi denboraldi honetan. Atzotik, berriz, Mallorcan (Herrialde Katalanak) ari da maila handiko proba batean parte hartzen. Aberasturik gauza on asko ikusi dizkio dagoeneko taldeari. «Handinahia den talde bat ikusten dut, hazi eta emaitzak lortu nahi dituena. Taldeak ahalegin guztiak egin ditu txirrindulariari ahalik eta baliabide gehien emateko, eta dena norabide onean doala iruditzen zait. Taldekide guztiek etxeko taldean daudela badakite, marea laranjan, eta nik uste dut horrek pisu handia duela».

Bi urterako sinatu du. Horietan palmaresa betetzen saiatuko dela azpimarratu du. «Horrek taldea motibatzen lagunduko du, eta erakutsiko du maillota hau duen edonork irabaz dezakeela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.