San Mames. Espainiako Kopako final-zortzirenetako itzulikoa. Athleticek bi gol behar ditu sailkatzeko. 23. minutua da. Andoni Iraolak pase zuzen, sakon eta neurtua egin du areara. Burusoil bat agertu da han. Atzetik aurrera. Azkar. Indartsu. Kontrol gaitza bezain ona egin du. Baloia oinean josita geratu zaio. Burua altxatu du. Eta lasai-lasai atezaina gainditu du baloia sarera bidaltzeko. Gola. Aparta. Ez da Zinedine Zidane. Ez. Frantziarrak aspaldi hartu zuen erretiroa. Mikel Rico da. Granadatik etorritako langile golegilea.
Hiru ordu laurden eskas geroago. 67. minutua. Athletic erasoan. Mikel Ricok areaz kanpotik egin du jaurtiketa. Azken urteotan ez da ohikoa izan Athleticen joko antolatzaileak jaurtiketak egiten ikustea. Rico ausartu da. Indar handiz jo du baloia, eta atzelari baten oinean jo ostean gaiztotu egin da jaurtiketa. Gola. Bigarrena. Beste behin X egin du Arrigorriagakoak bere bi eskuak erabiliz. Xabier semeari eskainitako gola da. Athletici final-laurdenetan sartzeko aukera eman dion gola.
Eta, bukatzeko, agurra. 88. minutua. Ernesto Valverdek erabaki du Ricok atsedena behar duela. Zelaia lagatzeko unea da. Orduan zale guztiak zutitu egin dira euskarria agurtzeko. Txaloak eta «Mikel, Mikel…» oihuak omenduarentzat. Protagonista nagusia badoa. Ametsa egia bihurtu du. «Hitzez ezin da adierazi sentitu dudana. Umetatik izan naiz Athleticeko jarraitzailea. Eta gure aitak sentituko duena…». Ricoren adierazpenak dira, pozez gainezka egindakoak.
Betisen aurkako norgehiagoka aproposa da Ricok elastiko zuri-gorria jantzi duenetik bizi duen garai gozoa eta, era berean, bere joko mailak sortu duen harridura azaltzeko. Inork ez baitzuen uste 28 urteko euskarria hain ondo aritzeko gai izango zenik. Inork ez. Bere alde egin zutenek ere ez. Athleticen apustu nagusia Beñat Etxebarria izan zen. Igorrekoa aukeratu zuten zelai erdiaren maila ontzeko. Beñaten, Ander Herreraren eta Iker Muniainen talentua ardatz gisa hartuta espero zuten Klubean iazko egoera zailari buelta ematea. Baina Athleticen arrakasta ez dago talentuan oinarrituta, lanean eta indarrean baizik: Ander Iturrasperen eta Ricoren Athletic da.
Inoiz baino eraginkorragoa
Berria denak beti sortzen du ikusmin handiagoa. Horregatik eta, batez ere, gol sena ari delako erakusten dabil bolo-bolo Ricoren izena. Eta merezita. Jasotzen ari den laudorio guztiak direlako egindako beharraren fruitua. Kopan sartu zuen lehen golak erakusten du Rico peoia baino gehiago dela. Haren dohain nagusiak presioa egiteko daukan grina eta baloia berreskuratzeko gaitasuna dira. Hori eta area ertzera ailegatzeko erraztasuna. Ricok bere kirol ibilbide guztian erakutsi baitu gol sena duela. Ez da sekula izan denboraldion bezain eraginkorra, baina urtero sartu izan ditu batez beste bizpahiru gol. Granadan zazpi gol sartu zituen 122 lehiatan. Athleticen, berriz, nahikoa izan du 21 partida talde ohiarekin lortutako gol kopurua berdintzeko.
Atzetik aurrera une egokian egiten duela ari da erakusten. Ondo kalkulatzen du erasora egiteko unea. Eta ate aurrean, berriz, euskarriengan ohikoak ez diren patxada eta sena ari da erakusten. Horregatik dago ligako erdilari golegilerik onenen maila berean: Ivan Rakitic, Raul Garcia, Cesc eta enparauen mailan, alegia. Hiru milioi euro kostatu zen futbolaria hogei milioi euro baino gehiago balio duten futbolarien eraginkortasun maila bertsua ari da erakusten. Bada zerbait. Taldekideak ere harrituta daude. «Guk ez geneukan Mikelen gol senaren berri. Futbolari gisa duen maila ari da erakusten: zelaiaren zati handi bat zaintzen du, erraz ailegatzen da aurkariaren area ingurura, eta asmatzen ari da. Asko ari zaigu laguntzen», aitortu du Oscar de Marcosek.
Betisen aurkako lehen golak Rico taldeko birika baino gehiago dela erakutsi zuen. Bigarren golak, berriz, haizea alde duen futbolari edo talde bati dena ondo ateratzen zaiola. Areaz kanpotik jaurtitzeko erabakia futbolariaren meritua da. Aukera dagoenean egin behar den jokaldia delako. Ibai Gomezek eta Beñatek ere badakite horrelako egoeratan arriskua sortzen, baina azken urteotan Athleticek izan dituen erdilari gehienek gabezia hori izan dute. Baina, era berean, zortea lagun izan zuela ere ezin da ukatu. «Dena ate barrura doala dirudi».
Ricok berak ere badaki garai gozoan bizitzen ari dela. Dena ondo ari zaiola ateratzen. Beraz, beharbada ez litzateke egokia izango goi mailako erdilariei eskatzen zaien maila luzaroan emateko eskatzea. Aintzat hartzeko futbolaria dela erakutsi du, baina gaurdaino ez du azken lau hilabeteetako maila luzaroan mantendu ahal izan. Beraz, komeniko litzateke oinak lurrean izatea. Halaber, horrek ez dio orain arte egin duen beharrari ezer kendu behar. Ondo egindakoak txalotu eta une gozoak gozatzen jakin behar baita.
Ricori oztopoz betetako bide luzea egin ondotik ailegatu zaio arrakastaz gozatzeko aukera. «Oilo ipurdia» jartzen duen agurra merezi izateraino. Iraun dezala, ligan eta kopan. Azken horretan Atletico Madril izango du aurkari Athleticek final-laurdenetan. Joanekoa datorren ostegunean jokatuko dute, Calderonen (21:00), eta itzulikoa, hilaren 29an, asteazkenez, San Mamesen (20:00).
Langilea eta erabakigarria
Zarata egin barik eta ume baten ilusioarekin iritsi zen Mikel Rico Athleticera. Langile fina zelako fitxatu zuten, baina hori baino gehiago da: gol sena duen erdilaria ere bada. Zazpi sartu ditu jada, inork baino gehiago taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu