Marta Unzue. Athleticeko jokalaria

«Langile batek dituen eskubideak eskatzen ari gara, ez gehiago»

Grebara jotzeko orduan jokalarien artean izandako «batasuna» nabarmendu du Marta Unzuek. Kluben elkartearen jarrera ikusita, «zail» ikusten du datozen egunetan ados jartzea.

ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Lan saioa amaitu berri du Marta Unzue Athleticeko jokalariak (Berriozar, Nafarroa, 1988). Hamahiru urte daramatza goi mailan lehiatzen, eta gertutik bizi izan du emakumezkoen futbola izaten ari den hazkundea. Haren ustez, «garai erabakigarri batean» daude beren lan eskubideak aitortuak izateko.

Lehen lan hitzarmena sinatzeko negoziazioak etenda daudela eta, greba mugagabera joko duzue. Zer sentitzen duzu?

Astearteko bilera amaitu ondoren sentitzen nuen bera: ondo egin dugula. Ez genuen egoera honetara ailegatu nahi, baina, hemezortzi hilabeteko negoziazioen ostean, eta elkarrizketak ez atzera ez aurrera daudela ikusita, bazen garaia mahai gainean kolpe bat eman eta grebara jotzeko. Ez digute beste irtenbiderik utzi.

Espero zenuen batzarrak horren alde egingo zuela?

Ni horren aldekoa nintzen, etabanuen ustea gehiengoak ere hala egingo zuela. Izan ere, batetik, eskatzen duguna ez da astakeria edo zentzugabekeria bat, baizik eta zerbait duina, bidezkoa eta oinarrizkoa. Langile batek aitortuak dituen oinarrizko eskubideak eskatzen ditugu, ez gehiago. Bestetik, aurreko denboraldian ere greba egiteko aukerahor egon zen. Sasoi amaieran izan zen. Baina, denbora eta epe kontuengatik, eta taldeek jokoan zutena kontuan hartuta, azkenean ez zen sakon aztertu aukera.

Zer giro bizi izan zen batzarrean?

Batasun giroa. Horren isla da bozketaren emaitza. %93k egin genuen grebaren alde. Klub guztiak ordezkatuta egon arren, ahots bat bezala aritu ginen. Izan ere, gurearen moduko klub batean, lan hitzarmenean eskatzen dena bete egiten da jada. Baina denetan betetzea lortu behar dugu. Batasun horrek are indar gehiago ematen die gure eskariei. Emakume futbolarien lan eskubideez ari gara. Guri egokitu zaigu borroka honen buru izatea, baina lor dezakeguna ez da guretzat bakarrik: futbolean jokatzen ari diren neska gaztetxoentzat ere bada. Horregatik da hain garrantzitsua hau lortzea.

Desadostasun nagusia lan jardunaren partzialtasunaren inguruan dago. Baina ba al dago besterik?

Ez, beste puntu guztietan ados gaude oro har. Baina honetan kluben elkarteak bereari eusten dio, eta guretzat punturik garrantzitsuenetako bat da. Guk hasieran lan jarduna %100ekoa izatea eskatzen genuen, eta, haien jarrera itxia ikusita, %75era jaistea erabaki genuen. Izan ere, lan hitzarmena ahalik eta azkarren sinatzea zen lehentasuna, gure lan eskubideak babestu eta aitortze aldera ezinbestekoa baita, eta ez dugu sekula halakorik eduki. Hortik behera egitea, ordea, ezin dugu onartu. Jardunaldi erdiko partzialtasunarekin segitzea onartezina da.

Marra gorri bat ezarri duzue hor?

Bai. Izan ere, gu egun osoan gara futbolari, ez bakarrik entrenatzen eta jokatzen ari garenean. Gure lan jarduna horren arabera neurtzea tranpa da. Bidaiak ditugu, kluba ordezkatzeko ekitaldiak, elikadura zaintzen dugu... Hori ere gure lanaren parte da. Horregatik eskatzen dugu gutxienez %75ekoa izatea.

Kluben elkarteak zergatik esaten dizue ezetz?

Hilabete hauetan zehar, hainbat arrazoi eman dizkigute gure eskaria ez onartzeko. Hasieran esaten ziguten Espainiako Federazioak beste txapelketa bat sortzeko asmoa zuela, eta ezin zutela sinatu guk eskatzen genuena. Orain, berriz, esaten digute klubek ezin dutela bere gain hartu partzialtasuna %50etik %75era igotzeak dakarren gastua.

Zenbateko gastua eragingo lieke, zehazki, klubei?

Talde batetik bestera aldatu egiten da hori, batzuek jada aitortua baitute lanaldi hori. Baina gasturik handiena egin beharko lukeen klubak 200.000 euro jarri beharko lituzke; besteek, hortik behera. Guk garbi dugu klubak gai direla halako gastu bat bere gain hartzeko. Izan ere, kasu askotan gizonezko talde bat dute Lehen Mailan, eta horiek badute ahalmena halako gastu bati aurre egiteko. Are gehiago kontuan hartuta telebistetatik eta Espainiako Federaziotik dirua sartu dela. Bada garaia gure eskubideak aitortzeko eta, horri lotuta, emakumeen futbolari beste bultzada bat emateko, zutarri bat jartzeko.

Zuentzat zer ekarriko luke %75eko lan jarduna onartzeak?

Oso gauza inportantea, eta ez soldata edo diru kontu batengatik. Baten batek hori pentsatzen badu, oker dago. Eskari hau harago doa. Batetik, lesio larri bat izan eta denbora luzeko gaixoaldi bat edukiz gero, partzialtasunak edo lan jardunaldiaren iraupenak zerikusi handia du denbora horretan kobratuko duenari begira; baita ere, noski, gure kotizazio urteetan. Astearteko bileran, adibidez, Alicia Fuentes egon zen, Sevillako jokalari ohia. Egun Seagull Badalonan ari da jokatzen, bigarren Mailan. 41 urte ditu, 25 urte eman ditu futbolean jokatzen, baina bizpahiru urte baino ez ditu kotizatu. Hori ezin da onartu; ezin da gehiago pasatu.

Ados jartzea lortu duzuen puntuen artean zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Guztiak, baina hiru aipatuko nituzke: oporraldiak arautzea, gaixoaldietan %100 kobratzea eta haurdunaldi kasuetarako protokolo bat izatea. Gauza arruntak dirudite langile batentzat. Baina guk ez ditugu arautuak, ez dagoelako lan hitzarmenik. Adibidez, klubak hamar opor egun baino ez balizkigu emango, ezingo genuke ezer egin, ez dagoelako araututa. Antzera, haurdun geratu eta klubak kontratua eteten badizu. Halako kasu larrien aurrean babesik gabe gaude.

Aukera ikusten duzu datozen asteetan egoera bideratzeko?

Argi dugu onena litzatekeela, guretzat ere ez delako gozoa grebara jotzea. Bihar bertan onartu balituzte gure eskariak, eta hitzarmena sinatu, guretzat are hobeto. Baina zail ikusten dut. Hilabete hauetan hemezortzi bilera egin ditugu, eta haien aldetik ez da ikusi jarrera aldaketarik partzialtasunaren inguruan.

Hamahiru urte daramatzazu goi mailan jokatzen. Zeure burua ikusten zenuen halako egoera batean?

Egia esan, ez. Hasi nintzenean, urruti ikusten zen profesionalizazioa. Nik, dena den, zorte handia izan dut. Izan ere, bai Bartzelonan, bai Athleticen jokalariok baldintza onak ditugu.

Jaso duzue Athleticeko gizonezkoen taldearen mezurik? Gustatuko litzaizueke zuen aldeko keinuren bat egitea?

Nik ez dut mezurik jaso. Baina egia da ez dugula haiekin egoteko aukerarik izan. Keinu bat egingo balute, ongi etorria izango litzake. Denen babesa behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.