Tropelean eta zaleen artean gutxik izango zuten Amets Txurrukak adinako estimurik. «Maitatua sentitu naizela da garaipenik handiena. Izugarria izan da zaleek osatzen duten korridore horietatik igarotzea. Klase handiko txirrindularia ez izan arren, handienen pare sentiarazi naute zaleek», adierazi zuen atzo, berriz ere lehiatuko ez zela jakinarazi zuenean. Nork esan du, baina, klase handikoa ez zenik? Sare sozialei erreparatzea aski zen tropeleko kideengandik jaso zituen babes eta maitasun keinu ugariak irakurtzeko. Izan ere Txurrukak ez du garaipen zerrenda ikusgarririk, baina inoiz ez dio ukorik egin ihesaldi ausartetan sartu eta taldekideen mesedetan lan egiteari. Hori izan baita, bizikletako langile fin bat, eta profesionaletan 11 sasoi egin ondoren laneko atorra erantzi du.
Urtarrilaz geroztik talderik gabe zen. Iragan sasoian Oricarekin lehiatu zen, baina ez zion kontratua berritu. Urte hasieran izan zituen beste eskaintza batzuk, baina ez zuten asebete, eta hilabeteak pasatu ahala erabakia hausnartzeko denbora izan du. «Erabakia bi arrazoirengatik hartu dut. Batetik, txirrindularitzaren egoerarengatik, eta, bestetik, nire egoerarengatik. Arazo fisiko batzuk izan ditut, eta zalantzan nengoen txirrindularitza profesionalaren eskakizunei erantzun ahal izango nien ala ez. Eta zalantza horiekin ezin zara lehiatu».
Txurrukak, izan ere, ondo zekien nola zegoen, hilabete hauetan entrenatzen jarraitu baitu. Orain, eta behin erretiroa hartuta, bere ibilbidearen «balantze ona» egin du. «11 urte egin ditut, bada bidea. Lehen urtearekin pozik nengoen ni, debutatzeagatik, eta 11 izan dira azkenean. Niretzat, urte guztiak izan dira onak». Eta hori, lesio ugari izan dituela kontuan hartuta.
Txurrukak ez du garaipen askorik, baina ezagunena 2007ko Frantziako Tourrean lortu zuen. Lehiakorrenaren saria irabazi zuen ihesaldi saiakerei esker, eta Parisko podiumera igo zen. «Orduan ez nion beste munduko garrantzirik eman, baina orain ikusten dut lorpena handia dela». Tropeletik kanpo, ohikoa izan da euskararen aldeko kanpainetan ikustea, eta oso eskuzabala izan da euskal prentsarekin. Aurten Euskal Herriko Itzuliko antolatzaileei lagundu die.
Laneko atorra erantzi du
Profesionaletan 11 urte egin ondoren erretiroa hartu du Amets Txurrukak. Urtarrilaz geroztik talderik gabe, txirrindularitzaren egoerak eta bere sasoiak behartu dute erabakia hartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu