Igandeetan eta jaiegunetan lan egiten du Olatz Odriozolak (Urnieta, Gipuzkoa, 1983). Lokatzetan. Eta astelehenetik larunbatera ere bai. Tolosako Zainberri belar dendan. Denborak urrearen prezioa dauka urnietarraren egunerokoan. «Niretzat zaletasuna baino zerbait gehiago da ziklo-krosa, ordu asko eskaintzen dizkiodalako». Baina txirrindulari profesional izateko urrun dago gipuzkoarra. «07:00etan jaiki eta 00:00etan joaten naiz ohera». Egun bakoitzean malabarismo lanean aritu behar izaten du lanbidea eta zaletasuna uztartzeko.
Eta, hala ere, oso emaitza onak lortzen ari da sasoi hasiera honetan. Lanagatik asteburu bakoitzean bi probetatik bakarra lehiatuta, «ia ezinezkoa» izaten du sailkapen nagusien lehian sartzea. «Begiratu ere ez diot egiten sailkapen horri, beste txirrindulariek huts asko pilatu beharko lituzketelako nik aukeraren bat edukitzeko». Baina bere buruaren aurkako erronka bihurtzen da igande eta jaiegun bakoitza. Odriozola bi besoak altxatuta helmugaratu zen Abadiñon eta Legazpin —joan den igandean izugarri sufritu zuen Karrantzan, lokatz artean—, eta helburu argi bat dauka begiz jota: «Espainiako Txapelketa». Valentzian jokatuko da, Herrialde Katalanetan, 2017ko urtarrilaren 7an eta 8an.
Nola lortu motibatzea, ordea, larunbatetako lehiari uko eginda? «Neure burua da motibazio iturririk handiena, eta egunetik egunera hobetuz joatea da erronka». Alde horretatik, gertu-gertuko motibazio bat ere badauka Odriozolak: «Nire taldeko juniorrek aurrea ez hartzea!». Lehen urteko juniorra da Luisa Ibarrola arabarra. «Espainiako txapelduna, eta izugarrizko indarra daukana. Sentitzen dut besteengatik, baina Euskal Herrian Luisa izango da erreferentzia».
Motibazioari helduta, Europako Txapelketak izugarrizko indarra eman zion etorkizunerako. Coet-Rozeko zirkuituan jokatu zen, Bretainian, urriaren 30ean, eta 14. postuan amaitu zuen proba. «30 bat txirrindularik parte hartu genuen, onenetan onenek, eta atzean gelditu nintzen hasierako erorketarekin. Baina erritmoa berreskuratu, eta, bete-betean egon gabe ere, oso emaitza ona lortu nuen azkenerako».
Abenduan eta urtarrilean saiatzen da urnietarra gorputza fintzen. «Nire kasuan ezinezkoa delako urrian eta urtarrilean sasoi on-onean egotea». Beñat Barrio BPXport kirol zentroko langilea du prestatzaile. «Denbora gutxi daukat, eta niretzat ezinbestekoa da ardura hori nire izenean beste batek hartzea. Ezinezkoa litzateke bestela». Egiturari dagokionez, Bizikleta.com taldeak ematen dio babesa Odriozolari. «Enpresa txiki-txiki bat da, baina izugarrizko laguntza ematen digu, musu truk». Gurasoak ibiltzen dira askotan laguntzaile lanetan. «Eta furgoneta bat eta karpa bat, horixe da gure azpiegitura». Ilusioaren izenean, taldeak mirari txiki bat egiten du asteburu bakoitzean.
Gazteenen ispilu taldean
Oztopoak oztopo eta zailtasunak zailtasun, Bizikleta.com taldea urtero saiatzen da Frantziako probaren batean lehiatzen. «Han sekulako harrera egiten digutelako». Aurretik egin bezala, Beglesen izan dira aurten ere, urriaren 2an, eta elite mailan bigarren amaitu zuen Odriozolak; hirugarren izan zen Ibarrola, junior mailako irabazlea, baita Asier Arregi ere, gizonezkoen elite mailan, eta emakumezkoen kadete mailan podiumeko hiru kosketara igo ziren Bizikleta.com taldeko txirrindulariak. «Hori da gure helburuetako bat, talde izaera hori sortzea. Gazteenen ispilu gara gu». Nazioarteko atea zabal-zabalik mantenduta, Namurren (Valonia) izango dira aurten ere, abenduaren 18an, Munduko Kopako proban.
Nekeak neke, aurrera begiratzen du beti Odriozolak, eta, larunbatean lan eginda, igandean Bartzelonan izango du Espainiako Kopako laugarren proba: Les Franqueses. Mendiko bizikletak lotu zuen urnietarra, urte batzuk atzera, eta ziklo-kros denboraldia prestatzeko baliatzen du orain diziplina hori. 33 urterekin, badaki gorputzak laster esango diola nahikoa dela, baina pasioz bizi du egunerokoa. Lanari lana lotuz.
Lanegun gogorraren ondoren, lanera
Lanbidea eta zaletasuna uztartzeko lan zailean murgilduta bizi da Olatz Odriozola. Egunerokoak behartuta, igande eta jaiegunetan bakarrik joaten da lehiara. Euskal egutegiko bi proba irabazi ditu jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu