Altuna III.a-Martija 22-20 Laso-Imaz

Lanean eta defentsan oinarritutako txapela

Jokin Altunak eta Julen Martijak irabazi dute binakako txapelketa, finalean Unai Laso eta Ander Imaz 22 eta 20 menderatuta. 11-17 aurreratu ostean, Lasok eta Imazek huts asko egin dituzte. Altunaren lehen txapela da binakakoan, eta Martijaren bigarrena.

Martija eta Altuna txapela jantzita, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iñaki Berastegi.
2022ko apirilaren 3a
19:47
Entzun

Emozio handiko final gogor batean, Jokin Altunak eta Julen Martijak jantzi dute binakako txapelketa nagusiko txapela. Aspeko bikoteak partidaren zati handi bat atzetik egin behar izan duen arren, ez du etsi, eta azken txanpan markagailua iraultzea lortu du. Izan ere, 11 eta 17 aurreratu dira Unai Laso eta Ander Imaz, eta orduan bazirudien erabakia zutela finala. Baina azken txanpa luzeegia egin zaie, ezin izan dute neurketa itxi, eta huts gehiegi egin dituzte finala irabazteko. Distirarik gabe baina lanari eta defentsa sendo bati esker, Altunak eta Martijak, Baikoko bikotearen azken ahaleginari eutsi, eta txapela jantzi dute.

Hala, historia egin dute batak zein besteak. Jokin Altunak bere ibilbideko lehen binakako txapela jantzi du, eta, horri esker, hiru txapelak irabazi dituzten pilotarien zerrendara gehitu du bere izena. Amezketakoarekin, zortzi dira balentria hori egin dutenak. Julen Martija, berriz, binakakoan bi txapel jantzi dituen atzelari gazteena da, 24 urterekin.

Parez pare aritu dira bi bikoteak finalaren lehen zatian. Ohikoa duen suharrarekin ekin dio Unai Lasok neurketari, eta Jokin Altuna hotz aritu da partidako lehen tantoetan. Atzelariei dagokienez, Julen Martijak eta Ander Imazek borroka polita izan dute. Hasieran nagusi izan da Etxeberrikoa, baina oiartzuarrak baino lan gehiago izan du. Lehenengo bi tantoak gorriek egin arren, Lasoren gantxoei esker eta Altunak galdutako pilota batzuekin, 3 eta 7 jarri dira aurretik urdinak. Alta, urdinek ezin izan dute neurketa apurtu, eta, Altunak gehiago asmatu ostean, partida zazpina berdindu dute. Aurretik ere jartzea lortu dute Altunak eta Martijak, baina Lasok beste behin erraz amaitzen asmatu du. Orduan hasi dira urdinak Martija zigortzen, eta, nafarrak ondo eutsi badio ere, Lasok aurreko koadroetan tantoak amaitzeko erraztasun gehiago aurkitu ditu.

Etenaldi luzera Baikoko bikotea 10 eta 12 aurretik iritsi da, Lasok txokoan egindako bi dejada dotoreri esker. Etenalditik bueltan, 11 eta 17 luzatu dute aldea urdinek. Martija nekatuta zegoen, eta Altunak ez zuen aukerarik jokoan sartzeko, eta are gutxiago erasorako. Martija nekea nabaritzen hasi da, eta hori aprobetxatu du Baikoko bikoteak.

Emozioa goitik

Distirarik gabe, baina lanean jarraitu dute Amezketakoak eta Etxeberrikoak, eta aurkariek egindako opariei esker partidan sartzea lortu dute. Sartu ez ezik, aurretik jarri dira. Izan ere, neurketaren zati hori luze egin zaio Baikoko bikoteari, eta huts ugari egin dituzte. 11-17 irabazten joan ostean, zazpi eta hutseko partziala egin dute Altunak eta Martijak, bigarren etenaldi luzera 18 eta 17 aurretik iristeko.

Orduan iritsi da finaleko Altunarik onena, finala erabaki behar zenean, hain justu. Defentsan egindako lanari errematea gehitu dio. Moztutako tanto batekin egin du 18. tantoa, eta bi gantxo dotoreri esker 19 eta 17 aurretik jarri du bikotea.

Hurrengo tantoa jokoan zela, Martijak pilota bat jasotzerakoan min hartu du, eta lurrean etzanda geratu da. Lasok tantoa amaitzeko dena alde izanagatik ere, Bizkarretakoari zabalera joan zaio gantxoa: 20 eta 17, Altuna eta Martijaren alde. Etxeberriko pilotariak aldageletarako bidea hartu behar izan du, baina minutu batzuen bueltan korrika txikian itzuli da aldageletatik, beteta zegoen Bizkaia frontoiak eskaini dion txalo zaparradarekin. Hurrengo tantoan, Lasori zabalera joan zaio gantxoa, eta 21. tantora iritsi da Aspeko bikotea. Baina lehen txapela nahi zuten Lasok eta Imazek ez dute etsi, eta 21 eta 20 gerturatu dira markagailuan. Arriskatu beharra zuen Bizkarretako aurrelariak, baina kale edo bale egiteko tantoa goiko koltxoira joan zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.