Lanean, badaezpada

Arratek harrobiko jokalariekin eta atzerritarrik gabe ekin dio lanari, aldundiaren diru laguntzaren zain. Berrehun mila euro behar ditu hilaren 22rako; bestela, Asobal ligak ez dio jokatzeko baimenik emango.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Arratek denboraldi-aurrea hasi zuen herenegun. Halere, Eibarko taldeko zuzendaritzak begiz jota daukan eguna ez da irailaren 10a, lehen jardunaldiko asteburua, abuztuaren 22a baizik. Egun horretarako 200.000 euro behar ditu, Asobal ligaren jarraipen batzordeari erakusteko dituen zorrei aurre egiteko ahalmena duela. Taldeak, baina, ez dauka diru hori, eta Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio. Zuzendaritza batzorde berriko kideak dagoeneko bildu dira Ikerne Badiola Gipuzkoako Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuarekin, eta erantzunaren zain daude.

Arrate atzerritarrik gabe hasi zen entrenatzen, eta Imanol Alvaren bigarren taldeko entrenatzailearen aginduetara. Egitasmoak aurrera egiten badu, bera izango da taldeko entrenatzailea. Lehen saioa bigarren taldeko jokalariekin egin zuen, diru arazoak konpondu arte ez baita beste jokalaririk egongo. Iazko taldeko kide askok, gainera, dagoeneko talde berriak dituzte. Ustekabeko gonbidatu bat ere egon zen lehen egunean, Viatxeslav Kobine 36 urteko jokalari ohia ere entrenatu zelako.Azken urteetan Galiziako Pilotes Posada taldean jokatu du, baina Elgoibarren bizi da gaur egun, eta izan dituen eskaintzak aztertzen ari da.

Juan Bergara da Arrateko zuzendaritza berriko burua, eta baikor agertu da azken egunetan. «Aldundiak diru laguntza ematen badigu, taldea salabatuko dugu». Bergarak eta bere zuzendaritzako kideek bideragarritasun plan bat diseinatu dute, eta taldearen ia bi milioi euroko zorra lau urtean kitatzea posible ikusten dute. Etorkizuneko diru iturrien artean, babesle bat aurkitzea lehenesten dute.

Asobal ligan jarraitzea lortuz gero, lehiatzeko moduko talde bat eratzea litzateke hurrengo erronka. Hori bai, taldeko buruek argi daukate harrobiak izan behar duela oinarria. Iragan sasoian hainbat jokalari igo zituzten bigarren taldetik, eta haiengan dago jarria konfiantza. «Logikoena harrobiari begiratzea da, eta, asko jota, kanpoko hiru edo lau jokalari fitxatzea», azaldu zuen zuhurherenegun Jose Alberto Barruetabeñak, Arrateko zuzendaritzako kideak. Hala suertatuko balitz, taldeak denbora gutxi izango luke merkatuan sartzeko, baina eskubaloiaren krisiak mesede egingo lioke. «Inoiz baino jokalari gehiago daude kontraturik gabe. Diru laguntza iristen bada, talde txukuna egingo dugu», aurreratu zuen zuzendaritzako kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.