Orioko arraunlaria

Aritz Lizarralde: «Ikusi dugu lanak ondo eginda aurrekoekin lehian sartzeko gai garela»

Inork ez zekien zer espero Orio eraberritu batengandik, baina asteburuan Galizian lortutako emaitzen ostean konfiantzaz beteta daude mirotzak. «Pozik dago» Lizarralde.

Aritz Lizarralde Orioko Arraun Elkartean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Aritz Lizarralde Orioko Arraun Elkartean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko uztailaren 4a
05:05
Entzun

Aldaketa urtea izan da aurtengoa Orioko Arraun Elkartean. Zuzendaritza berria sartu da klubean, Jon Olasagasti buru duela. Entrenatzailea ere berria da: Mikel Arostegi, herriko semea eta klubeko arraunlari ohia. Arraunlarien artean ere aldaketa ugari izan dira, baina badira bertan gelditu direnak ere. Aritz Lizarraldek (Orio, Gipuzkoa, 1994) hamasei urte daramatza herriko elkartean. 2016an egin zuen debuta lehen taldean, eta geroztik dabil bertan. Haren esanetan, «lanean jarraitzeko indarra» eman diete Galizian lortutako emaitzek.

Zer iritzi duzu Galiziako lehen asteburuaren inguruan?

Ona, zalantzarik gabe. Geure buruarekin zalantzak genituela joan ginen Galiziara, azken emaitzak ez zirelako onak izan. Gipuzkoako Txapelketan bosgarren egin genuen, eta Lekeition [Bizkaia] egindako estropada batean ere ez genuen lortu nahi genuen emaitza. Ez genekien nola moldatuko ginen, baina konfiantzarekin itzuli gara azkenean; lanak ondo eginda aurrekoekin lehian sartzeko gai garela ikusi dugu. Udari beste ilusio batekin egingo diogu aurre orain.

Ohorezko Txandan ariko zarete larunbatean, Donostian. Hori izan behar da Orioren helburua aurten?

Entrenatzaileak askotan esan digu bigarren txandan aritzeko maila daukagula, baina lortu behar dugula txanda horretan nagusitzea, eta onenak izatea. Igandean hori lortu genuen. Bigarren txandan egonda, beti daukazu irabazi beharraren presioa. Eta, larunbatean, justu kontrakoa izango da. Oso atzean gelditzearen arriskua izaten da batzuetan, baina galtzeko ezer gabe aterako gara, inolako presiorik gabe.

Iaz asko sufritu zenuten, hasieran batez ere. Baina, aurten, guztiz bestelako hasiera eman diozue ligari. Zure ustez, horrek lasaitasun pixka bat emango dizue?

Bai, eta hori oso garrantzitsua izaten da. Ez asteburuetan bakarrik. Gero, aste barruan egindako lanak asteburuan emaitzak ematen dituela ikusteak konfiantzaz betetzen zaitu, eta lasaitasun handia da. Bestela, egindako lan horren emaitza zein izan daitekeen ez jakiteak beldurra handitzen du, eta zailagoa da arraunean ondo egitea. Liga hasi aurretik hori gertatu zaigu. Zalantzak genituen, baina bi estropada horiek lanean jarraitzeko indarra emango digute.

Urte desberdina da aurtengoa Orion. Nola eragin dizuete hainbeste aldaketek arraunlariei?

Iaz izen gehiago zeukaten arraunlariz osatutako taldea zen. Aurten, hainbeste aldaketarekin, eta azkenera arte jakin gabe taldea nola geldituko zen, etxeko jendea eta inguruan izen gutxiago zeukaten arraunlariz osatutako taldea da. Iaz, banaka hobeak izango ginen, baina, aurten, talde hobea garela esango nuke.

Aldaketa nagusia Mikel Arostegi da.

Aldaketa handia izan da. Jon Salsamendirekin urte asko egin ditugu, eta haren entrenatzeko modua barneratuta geneukan. Emaitza oso onak lortu ditugu harekin eta bere lan egiteko moduarekin. Orain Mikel Arostegi etorri da, 2022an gure taldekidea izan zena. Oso desberdina da lan egiteko modua, eta batzuetan aldaketek on egiten dute, buru aldetik, batez ere. Esango nuke negua erraz joan dela, aldaketak ekarri duen freskotasunagatik.

«Aurreko denboraldian, banaka hobeak izango ginen, baina, aurten, talde hobea garela esango nuke».

Neguan eta udaberrian aurrekoengandik urruti samar aritu zarete. Nola bizi izan dituzue hilabete horiek?

Aurreneko estropada Orioko jaitsiera izan zen, eta gure ligako partaideen artean azkenak izan ginen. Orion jokatu, eta azkenak eginda, pentsa zer entzuten zen herrian. Horri buelta ematea bai kosta zitzaigula, entrenamenduetan, batez ere. Hurrengo jaitsieretan hobeto aritu ginen, eta konfiantzaz joan ginen Gipuzkoako Txapelketara. Baina bosgarren egin genuen, eta ez ginen sailkatu ez Euskadiko Txapelketarako ez eta Espainiakorako ere. Horrek estropadarik gabeko hilabete bat dakar. Aurrez ikusitako mamuak itzultzen dira. Eta horregatik joan ginen zalantzati Galiziara.

Bakoitzak bere estrategia izaten du urtearen sasoi horretan, baina bigarren urtez jarraian Euskadiko Txapelketatik kanpo gelditzeak min egingo zizuen, ezta?

Bai, eta ea ez den hirugarren bat izaten! [barrez]. Gure helburuak ez zeuden txapelketetan, baina, noski, min ematen du. Arraunlariak horrelako estropadak jokatu nahi ditu beti. Kanpoan gelditzeak dakar aurkariak lehiatzen ikustea, zu betiko errutinan sartuta zauden bitartean. Hori gogorra da, gehienbat buruarentzat.

Zu zara klubean urte gehien daramatzan arraunlaria. Zuei dagokizue berriei eta gazteei erakustea Orio arraun taldea zer den, ezta?

Urte gehien daramatzana naiz, baina beteranoagoak badaude. Beste baten batek nik baino urte gehiago daramatza lehen taldean. Beti saiatzen zara igotzen diren gazteei laguntzen. Igandean bi arraunlarik egin zuten debuta Eusko Label ligan. Eta beti gogoratzen zara zure debutaren egunean izandako urduritasunekin. Haiek lasaitzea eta haiekiko konfiantza erakustea gure lanen artean dago.

«Herrian segituan entzuten dira iritziak; onerako eta txarrerako, arrauna asko bizi da Orion».

Halere, bertako zuzendari, edo entrenatzaile askok askotan azpimarratzen dute Orio beti dela Orio, eta beti egongo dela presioa. Presio hori sentitzen duzue zuek ere?

Herrian segituan entzuten dira iritziak, onerako zein txarrerako. Aurreko urte batzuetan gehiago entzuten zen irabazi beharraren presioa. Irabazten bagenuen ondo, baina bigarren egitea galtzea zen. Baina, emaitzak ikusita, azken urteetan aldatu egin da ideia. Onerako eta txarrerako, arrauna asko bizi da Orion.

Orion oraindik arrauna bizi den seinale da hori.

Hala da. Tristea izango zena da hori galtzea. Jendeak arraunarekiko daukan grinak esan nahi du benetan inporta diola. Hori mantentzen den bitartean arraunak indarra izango du Orion. Emaitzak onak direnean ikusten da zale gehien, noski. Baina jende asko dago herrian beti laguntzeko prest dagoena, nahiz eta emaitzak txarrak izan. Orduan ikusten da zein den benetan Orioren zalea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.