Urtebete Olinpiar Jokoetarako. Euskal kirolariak. Agurtzane Egiluz

Lanak eginda, deiaren zain

Agurtzane Egiluz saskibaloi jokalaria izan zen Tokiorako pausoa eman zuen lehen euskal kirolaria. Espainiako selekzioa han egongo da, orain hautatzaileak deitzea falta da. Ohikoa da deialdietan.

2019ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Abuztua «atseden» hilabetea da Agurtzane Egiluzentzat ( Gasteiz, 1997). Opor gisa hartuko du, nahiz eta hilabete bukaerarako datorren denboraldi-aurrea prestatzen hasi beharko duen. Urteko egun lasai bakarrak dira saskibaloi egokituko jokalariarentzat, agenda bete-betea izaten baitu. Administrazioa ikasten dabil Bilbon, eta saskibaloian jokatzen Gasteizen, Fundacion Vital Zuzenak taldean. Ahalik eta gehiena «gozatzen» saiatuko da udak ematen dion tartetxoaz, laster entrenamenduetara itzuli beharko duelako. Beste zenbait kirolari euskaldun bezala, 2020ko Tokioko Jokoak ditu amets, eta hauxe du egoera: Espainiako selekzioa sailkatuta dago, baina Tokiora joateko hautatzailearen zerrendan egon beharko du.

Egongo ote da? Itxura guztien arabera, bai. Orain arteko zerrendetan hautatua izan da, eta jokoetarakoan ere hala beharko luke. Denboraldi aparta egitetik dator gainera: Zuzenakek ohorezko mailari eutsi dio, eta zortzi urte ziren Espainiako selekzioa jokoetarako sailkatzen ez zela. Egiluzen ustez, «birsortze» bat izan du selekzioa, zahar eta gazteen artekoa. Egiluz bigarren multzoan sartzen da, gazteenean. Hiru urte daramatza jokatzen, eta, bera bezalaxe, jokalari gazte gehiago sartu dira. Eta, dioenez, elkar ondo hartu dute beteranoarekin.

Belaunaldi nahasketa horrez gain, badaude selekzioaren gorakada azaltzen duten beste hainbat arrazoi: «profesionalizazioa», esaterako. Egiluzen esanetan, baldintzak hobetu egin baitira. Orain dela gutxi arte, emakumezkoen saskibaloi egokituko selekzioak ez zuen elkarrekin entrenatu ere egiten. Horrela azaldu du egoera: «Entrenatzera joaten baziren, guztien artean dirua lortuta izaten zen. Entrenatzeko leku bat lortzen zuten, eta han elkartzen ziren bi egunez». Beste pasadizo deigarri bat kontatu du: «Europako Txapelketara joan ginen batean, taldekide batzuek aireportuan elkar ezagutu zuten». Zorionez, egoera hobetuz doa. Beste hainbat aldagai ere nabarmendu ditu: jokalari eta entrenatzaile berriak, jokalarien garrantzi aldaketa beren taldeetan... Horrek guztiak bultzatu du selekzioaren gorakada.

Hobera ari da saskibaloi egokitua, baina badu zer hobetua oraindik. Beste selekzioek beren herrian liga duten moduan, Espainian ez dago emakumeentzako ligarik. Emakumeak eta gizonak liga mistoan aritzen dira elkarrekin. Hori dela eta, emakumeek ez dute elkarren aurka jokatzeko aukera handirik, eta, jokatzen dutenean, ez dute selekzioan bezala jokatzen.

Mistoan sartzeko urratsak

Egiluzek dioenez, Espainian ez dago emakume nahiko liga bat sortzeko, eta horregatik ari dira mistoan. Ligan puntuazio sistema baten arabera osatzen dituzte taldeak, eskala bat dute, batetik lau eta erdirakoa. Ezintasun fisikorik handiena duenak bateko puntuazioa du, eta ezintasun gutxiena duenak, belauneko lesio bat adibidez, lau eta erdikoa. Horrela, pistan dagoen boskoteak gehienez hamalau eta erdiko puntuazioa izan beharko du. Selekzioan, aldiz, hamalaukoa da. Boskoteak orekatzeko sistema da.

Ez da baina, eskala bakarra, bada beste bat, Egiluzi zuzenean eragiten diona. Izan ere, emakumeei puntu eta erdi kentzen diote ligan, gehiago jokatzea sustatzeko. Berdin gertatzen da hogeita bi urtetik beherako gizonekin ere. Horrela, Egiluzek batetik lau eta erdirako eskalan, hiruko puntuazioa du, eta, liga mistoan jokatzen duenean, bat eta erdira jaisten zaio. Puntuazioa jaitsita, emakumeen eta jokalari gazteen integrazioa lortu nahi du du ligak, beren parte hartzea handiagoa izan dadin.

Selekzioan, emakumeekin bakarrik aritzen da, eta ligan, berriz, gizonekin. Egoera horrek jokatzeko estiloa aldatzera behartzen du. Egiluzek, adibidez, bi postutan jokatzen du selekzioarekin eta Zuzenakekin. Taldean dabilenean, bere rola «lan zikina» egitea da, blokeoak-eta jarriz. Selekzioan, berriz, beste rol bat du. Ardura handiagoa du jokoan, eta baloia gehiago pasatzen zaio eskuetatik. «Emakumeekin biziago jokatzen dut, abiaduraren bila; mistoan nabilenean, mantsoago aritzen naiz, saskitik urrutiago, eta kantxa zabaltzen saiatzen naiz, espazioekin jokatuz, jokalari irekiaren bila».

Eta hori guztia, ikasketekin uztartuta, urtea Gasteiztik Bilbora mugituz pasatuko baitu. Unibertsitatetik pistara liburuak eta tuperrak poltsan hartuta: «Milimetrora antolatu behar dut egutegia. Badakit bizitza sozial gutxi edukiko dudala. Baina, tira, nahi izanez gero badago guztiarentzako denbora». Jokoek ondo merezi dute ahalegin hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.