Lanak biribiltzeko gogoz

Alberto Iturralde Realeko bigarren entrenatzailearen iritziz, astebeteko atsedenak «mesede» egingo dio talde txuri-urdinari, eta, horri esker, «indarberrituta» itzuliko da lehiaketara.

Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Normaltasun faltari aurre egiteko, normaltasuna aukeratu du Realak. Gaur jakingo da asteburu honetan Espainiako Liga jokatuko den ala ez, baina «igandean jokatu beharko balu bezala» prestatzen ari da taldea egunotan, Alberto Iturralde bigarren entrenatzaileak (Donostia, 1968) BERRIAri azaldu dionez: «Azkenean erabakia bestelakoa bada, guk ere gure plangintza aldatu beharko dugu, baina hori gertatu bitartean, pentsatu dugu igandean partida oso garrantzitsua dugula». Etenaldia ondo etorri zitzaion taldeari, haren ustetan: «Uste dut guretzat ez zela txarra izan hasieran. Bost partida irabazi gabe; gol dezente sartzen zizkiguten. Baina lehenbailehen hasi nahi dugu jokatzen. Taldea sendo dago, indarrak berriz hartuta».

Baikor dago: «Demidov osatzeko azken fasean dago. Ikusiko dugu selekziotik nola datozen besteak, eta, gainontzekoan, Llorente kenduta, taldea oso-osorik daukagu». Azken emaitza txarrak «ahaztuta» daudela dio: «Egin dugun lana biribiltzeko gogoz daude, datorren sasoian Reala Lehen Mailan egon dadin».

Urduritasun zantzurik ez du antzematen. «Inori ez zaio gustatzen abantaila txikitzea, baina uste dut oraindik badagoela aldea. Bederatzi partida gelditzen dira, eta guk bi partidakoa dugu. Badakigu beste talde batzuk gu baino askoz ere okerrago daudela. Hala ere, ez diogu horri begiratu behar. Partidak irabazten eta lehenbailehen helburua lortzen saiatu behar dugu».

Puntu bakarra bildu du Realak azken bost jardunalditan, baina, jokoari dagokionez, «denetarik» izan dela uste du. Normaltzat jo du erakutsitako oreka falta. «Taldeak bi aurpegi izan ditu, gutxienez. Sendo jokatu duenean eta golik sartu ez diotenean beti irabazi du, eta inoiz ez gol bat baino gehiago sartu diotenean. Gaztetasunaren ondorioa dela uste dut. Zenbait unetan eskarmentu pixka bat falta izan zaigu irabazten ari ginen partidak bukatzeko eta hiru puntuak irabazteko. Lehen Mailan jokalari bikainak daude, eta batzuetan ez ditugu behar bezala zaindu». Hutsegiteek ere zerikusia izan dute: «Min handiegia egin digute geldikako jokaldietan, eta hobetu beharreko alorretako bat hori da».

Gaztetasunaren bi aldeak

Gaztetasunak gauza onak ere badituela gogorarazi du: «Adibidez, zenbait momentutan taldeak erakutsi duen ausardia eta lotsagabekeria. Eskarmentuak beste taxu bat ematen dizu, baina konformistagoa izatea ere ekartzen du agian». Ez du uste fisikoa denik beherakadaren arrazoi nagusia: «Partida guztiak neurtzen ditugu, eta entrenamenduetan kontrolak ere baditugu. Datuak onak dira, eta ez gaude batere kezkatuta». Haren ustetan, ordea, jokalari batzuek ez dute «joko punturik onena» eduki azken hilabetean: «Ez da erraza hamar hilabetean jokalariak primeran egotea». «Buruko nekea» ere aipatu du: «Azken urte eta erdian taldeari gauza asko gertatu zaizkio, ia guztiak onak».

Racingen aurka egindako «joko politari» heldu dio, eta Reala atsedenalditik indarberrituta iristea espero du. «Duen guztia emango du, eta aurrera ateratzeko prest ikusten dut. Ez dago hustuta». Aldagela barruan egoera nola kudeatzen ari diren galdetuta, hauxe dio: «Lasai egotea da garrantzitsuena. Taldeak bere buruan duen konfiantzari eustea. Bere ahalmenari esker lortu du daukana, eta ahalmen hori ez da desagertu. Konfiantza horri eusten badio, orain arte egin dituen gauza onak berriro egingo ditu».

Zorte txarra izan du Realak azkenaldian hainbat jokalditan. Halere, Iturraldek ez du aitzakiarik jarri nahi. «Talde guztiak pentsatzen ari dira orain non utzi zituzten bi puntu horiek, edo beste haiek… Ia 40 norgehiagoka jokatu ondoren, merezi duen tokian dago bakoitza. Pentsa dezakegu merituak egin ditugula hobeto egoteko, eta hala izan daiteke, baina zer edo zer egingo genuen gaizki. Detaile txikiak ez ditugu lotu agian, eta horrek puntuak galtzea dakar». Realak zeraman bide onak helburuak nahastera eraman zuela uste du: «Taldeari ez zaizkio mugak jarri behar, baina pauso guztiak sendo eman behar dira, banaka, eta ez binaka».

Denboraldiko lehen erdiko Reala ikusi nahi du Anoetan, Herculesen aurka. «Oso garrantzitsua da. Bolada txarra eten nahi dugu, eta 38 punturekin helburutik oso gertu geldituko ginateke. Herculesekin aldea ia erabakigarria litzateke. Horregatik nahi dugu ikusle asko egotea Anoetan eta denek taldea babestea». «Diziplina ezarri» eta «defentsa lana sendotu» nahi du, haren esanetan, Miroslav Djukic Herculeseko entrenatzaile berriak, baina Realak bere jokoa egin behar duela dio. «Atea hutsean uzten badugu, irabazi egingo dugu. Azken partida kenduta, beti lortu du golen bat sartzea Anoetan».

Herculesek oso inertzia txarra darama. «Denbora askoan etxean irabazten aritu da, eta kanpoan galdu arren, jaitsieratik kanpo egoteko balio izan dio. Baina azken boladan etxean ere ez da irabazten ari, eta azkena da orain. Jokalari bikainak dauzka, oso ospetsuak, baina ikusi beharko da zenbateko parte hartzea erakusten duten egoera zail honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.