Iñaki Azurmendi. Aizkolaria

«Lanak amaituta ez nekien irabazi nuen edo ez, eta ez nuen ospatu ere egin»

Bederatzigarren finalean, azkenean, bai. Iñaki Azurmendik irabazi zuen herenegun aizkorako Euskal Herriko txapela, eta, biharamunean, lasaitu ederra hartu duela onartu du.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Ondoegi lo egin gabe», baina «erabat gustura» erantzun dio Iñaki Azurmendik (Beasain, Gipuzkoa, 1972) BERRIAren deiari. Ez da ohitu oraindik aizkorako Euskal Herriko txapelduna dela entzutera, eta, herenegungo Elizondoko finalaren amaiera itoarekin, gogoratu ere, ez da gauza askotaz gogoratzen. Atzo iluntzean zen finala berriz telebistan ikustekoa. «Gustatzen zait ondo eta gaizki egindakoa aztertzea, eta irabazitakoan are gehiago».

Bederatzi finalen ondoren, Euskal Herriko txapeldun azkenean. Hazita esnatuko zinen, ala?

Irabaztera ohitu gabe gaude, eta ondo joan da goiza. Polita izan da. Txapela irabazita, gainera, gorputza errazago ekartzen da bere onera.

Jende askoren irudiak etorriko zitzaizkizun burura tentsio eta poztasun momentu horietan. Baina, behin atseden hartuta, norentzat da txapela?

Finala bukatu berritan aipatu nuen bezala, espetxean dauden euskal preso guztientzat da txapela; ea laster denak etxera ekartzen ditugun. Anaia preso daukat, koinatua eta iloba ere bai, eta bereziki eurei eskaini nahiko nieke garaipena. Eta gogoan eduki nahiko nituzke ondoan eduki ditudan guztiak ere: Batis Kortajarena prestatzaile fisikoa, Angel Arrospide, urte guztian animatzen aritu diren lagunak... Txapela bakarrak janzten du, baina jende asko aritu da atzean lanean.

Gipuzkoako Txapelketa irabazita zeneukan hiru aldiz, azkena iaz. Baina Euskal Herrikoan azken kolpea eman ezinik zenbiltzan. Buruak nahi baino lan gehiago egingo du horrelakoetan, ezta?

Bai... Baina lanean jarraitu beste erremediorik ez dago. Euskal Herrikoan Nazabal eta gainerako nafar guztiak tartean sartzen dira, eta zailagoa izaten da aurrean ibiltzea. Aurten ere Nazabal zen faboritoa, baina bigarren posturako lehian sar nintekeela ikusten nuen. Pertsonak garen neurrian, denok huts egiten dugu tarteka, eta bederatzi urteren ondoren, etorri da azkenean saria. Baina, momentu txarretan, etsi gabe sufritzen jarraitzea da aurrera egiteko bide bakarra.

Atzera begiratuta, eta izandako baxualdiak gogora ekarrita, zer esan nahi du txapel honek Iñaki Azurmendiren ibilbidean?

Urte askotako lanaren ondorioa da txapela. Maila jakin batean ibili izan naiz beti, eta Euskal Herriko Txapelketan bertan hiru aldiz hirugarren izanda nengoen aurretik. Hor ibiliz gero, urteren batean gora egiteko arriskua egoten da. Niretzat ikaragarria da Euskal Herriko txapela janztea. Betidanik eduki izan dudan ametsa gauzatu dut. Txirrindulari batentzat Frantziako Tourra irabaztea da ametsa; pilotari batentzat buruz buruko txapel bat irabaztea; eta guretzat Euskal Herriko txapela janztea.

Marka da gero, baina 45 minututik gorako ahaleginean sei segundoko tartea besterik ez zen izan Nazabalen eta bion artean.

Hala da, bai. Hainbeste denboran egurrean ibili eta sei segundoko tartea besterik ez egotea... Edozeinek irabaz zezakeen azken txanpan, eta Nazabal ere txapeldun handia izan zen. Seigarren egurretik aurrera, 25 minutuko tartean, elkarren gainean ibili ginen une oro. Nik ez nuen lortzen atzean uzterik, eta berak ere aurretik jartzerik. Ikusleentzat polita izango zen, oso estua.

Datu historikoei begira jarrita, azken 27 urteotako denborarik kaskarrenak izan ziren atzokoak. Ebakitzeko zailak ziren egurrak, baina zer pentsatua ere ematen dute denborek.

Bakoitzak bere iritzia izango du, baina denbora txar horietan egurrek zerikusi handia izan zutela uste dut. Nire kasuan, 2003an Gipuzkoako Txapelketa irabazi nuenean baino aizkolari hobea naiz orain, eta 27 minutuz azpitik amaitu nituen orduan lanak. Beste bi txapelketa 33 eta 32 minutu eginda irabazi nituen. Orain orduan baino maila hobea daukadala uste dut, eta horregatik diot finaleko egurrak ebakitzeko zailak zirela. Iaz laugarren geratu nintzen, eta ia zortzi minutu gutxiago behar izan nituen. Lau oinbiko, normalean, hemeretzi minuturen bueltan ebakitzen ditugu; finalean nik ebakiko nituen bizkorren lau oinbikoak, eta 24 minutu behar izan nituen.

Ito beharrean iritsi zineten Nazabal eta biok azken kolpeetara. Denborarik eman al zizun aldamenera begiratzeko?

Konturatu nintzen azken enborrera aurretik iritsi nintzela, bozgorailutik ere esan zutelako zerbait. Baina azken une horretan ez nekien aurretik nindoan edo ez. Buelta eman eta barruan neukan guztia eman nuen. Lanak amaitutakoan ez nekien irabazi nuen edo ez, eta momentu hartan ez nuen ospatu ere egin. Erabat beteta nengoen, eta aldamenera begiratu eta Nazabalek egur gainean jarraitzen zuela ikusi nuenean jabetu nintzen txapeldun nintzela. Gero esan zidaten jende guztia zutik jarrita oihuka ari zela, baina nik ez nuen ezer entzun.

Aurretik pentsatuta joan zinen lehen enborretan gorputza gehiegi ez estutzea?

Bai, bai. Erritmo ona hartu eta neurea egiteko asmoz ekin nion lanari. Prestakuntza aldetik ezin izan dut nahi nuen guztia egin, iraila bukaeran eta urri hasieran gaixo ibili nintzelako. Buruz ondo jokatu nuen, eta Lopezek aurrera egin zuenean ere ez nintzen larritu. Nazabal ni baino hobexeago moldatzen da egur txikietan, baina ikusi nuen han ere ez ninduela harrapatu, eta orduan hasi nintzen irabaz nezakeela sinesten.

Aspalditik barru-barruan zeneukan arantza atera ondoren, zer? Txapeldunari txapela defendatzea tokatzen zaio beti...

Txapel hau jada ez dit inork kenduko, baina datorren urtean ere garaikurrari eusten saiatuko gara. Erakustaldi batzuk badauzkagu orain, baina urtea luze doa, urtarrilean hasi ginelako binakako txapelketarekin. Uda ere gogorra joan da, Urrezko Kopan ere aritu nintzen... Binakakoa prestatzen hasi beharko dugu laster, baina hilabete eta erdi inguru eskainiko diot orain neure buruari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.