Lana amaitu nahi dute

Aperribaik lehendakaritzarako bozak antolatu ditu abenduaren 13rako, eta bera eta bere zuzendaritza aurkeztuko dira, Anoetako proiektua gauzatuta ikusteko

Jokin Aperribai Realeko presidentea, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Jokin Aperribaik Realeko presidente izanda ikusi nahi du amaituta bere obra: Anoeta estadioa eraberritua. Hala, urtebete aurreratu ditu bozak. Abenduaren 13rako antolatu ditu, eta Aperribai eta bere zuzendaritza taldea aurkeztu egingo dira. «Erabaki honekin Anoeta eraberritzeko proiektua sendotu nahi dugu».

Maiatzaren 23an hasi ziren lanean hondeamakinak, eta ez dira geratuko 2019ko urri ingurura arte. Aperribaik atzo jakinarazi zuenez, lanak aurreikusi bezala doaz. Astelehenean hasiko dira hegoaldeko harmaila eraikitzen. Obren abagune erabakigarria, dena den, datorren udan izango da. Atzerapenik ezean, maiatz eta abuztu artean zelaia jaitsi, atletismoko pistak kendu, eta harmailak gerturatuko dituzte.

Aperribairen zuzendaritzak ez zuen nahi orduantxe kluba hauteskundeen zurrunbiloan murgilduta egotea, eta horregatik aurreratu ditu:«Obra guztietan egoten dira zailtasunak, eta, behin horiek martxan egonda, uste genuen ez zela zalantzetarako garaia, baizik eta proiektua indartzekoa eta hari bultzada bat ematekoa. Ez genuen nahi hauteskundeak obren erdian izatea. Egokiagoa iruditzen zitzaigun horiek iraun bitartean administrazio kontseilu bera egotea». Ondo hausnartutako erabakia dela azaldu zuen: «Udan sakon aztertu genuen, eta, obren hasiera bide onetik doala ziurtatu ostean, pausoa eman dugu».

Ez daki beste hautagaitzaren bat egongo den. «Ez egotea gustatuko litzaiguke, Realaren egonkortasuna lehenetsi baitugu erabaki honekin. Baina edozein hautagaitza zilegi litzateke». Aurreko bozetan —2013an egin ziren— ez zen beste inor aurkeztu, eta Aperribairen zuzendaritzak akziodunen %97ren babesa jaso zuen.

100 milioiren diru sarrerak

Anoetaren eraberritzetik harago, zuzentzen duen administrazio kontseiluak duela zortzi urte hasitako proiektuarekin jarraitu nahi duela berretsi zuen: «Indartsu gaude, oso proiektu erakargarri eta polita dugulako Realarentzat, zaleei begira egindakoa, hain zuzen ere».

Kluba sendo eta egonkor ikusten du ekonomia aldetik. Denboraldi honetan, Europa ligan jokatuta, 100 milioi euroren diru sarrerak izango ditu, aurrekoan baino 20 milioi gehiago. Azaldu zuen Europan jokatzen duten Espainiako ligako taldeen artean Reala dela diru sarrera gutxien duena: «Gure aurretik dagoen taldeak 25 milioi euro gehiago ditu diru sarreretan. Horregatik da garrantzitsua Anoetako proiektua. Diru sarrera gehiago edukitzeko aukera emango liguke». Aldiz, 85 milioi euroren gastuak izango ditu klub txuri-urdinak. Gastu horien parte dira Eusebio entrenatzailearen eta Oiartzabal, Odriozola, Navas, Kevin, Bautista, William Jose eta Zurutuza jokalarien kontratu berritzeak.

Horrenbestez, 15,4 miloi euroren irabaziak aurreikusi ditu sasoi honetarako. Zortzigarren urtez jarraian lortuko lituzke mozkinak Realak, eta, horri esker, taldearen ondarea 52,64 milioi eurora igoko litzateke. «Egoera eta datuak onak dira, eta horrek egonkortasuna ematen digu dugun inbertsio proiektu handienarekin jarraitzeko: zelaia eraberritzea». Kontuan izan behar da obrek 47 milioi euroko kostua dutela eta Realak 36 milioi jarriko dituela.

Bestalde, Aperribaik jakinarazi zuen denboraldi honetan ez dituztela igoko bazkideen kuotak, eta ez dela klubari laguntzeko egun erdirik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.