Madrilen dago Iñigo Peña piraguista (Zumaia, Gipuzkoa, 1991). Arratsaldeko entrenamendua amaitu berri du. Gustura nabari zaio. «Egia esan, urrian, espektatiba askorik gabe ekin nion olinpiar aro berriari. Baina, orain, oso gustura ari naiz, pixkanaka taldekide eta distantzia berrira egokitzen».
Zer moduz ekin diozu olinpiar aro berriari?
Aro desberdina izango da, azken hiru zikloetan K2ko 1.000 metrokoan lehiatu bainaiz. Baina, zoritxarrez, 1.000 metrokoa kendu egin dute olinpiar programatik, eta 500 metrokora aldatu behar izan dut. Gainera, Paco Cubelosekin aritu beharrean Lazaro Lopezekin ari naiz.
Pena eman dizu 1.000 metrokoa kendu izanak?
Aldaketa aspaldi ikusten genuen. 2020. urtearen amaieran jada esan ziguten 1.000 metrokoa kendu egingo zutela, eta pixkanaka joan gara mentalizatzen. Baina hasieran kolpea izan zen. Pena eman zidan, berriro ere hutsetik hasi behar nuelako, eta banekielako bidea gogorra izango zela. Dena den, hasi ginenetik motibatuta, pozik eta ilusioz nago.
Zer moduz egokitzen ari zara distantzia berrira?
Pixkanaka bagoaz neurria hartzen. Espektatiba baxuekin hasi nintzen, presiorik gabe eta zalantza askorekin. Izan ere, banekien distantzia motzetan maila handia dagoela Espainiako selekzioan, eta aurrean muturra sartzea zaila izango zela. Lazarorekin irabazi egin genuen Espainiako Federazioak antolatutako hautaprobetan. Baina, gero, Munduko Kopara joan ginen, eta ikusi genuen maila oso altua dela, eta oraindik hobetu egin behar dugula aurrean egoteko. Horretan ari gara. Astia eta tartea dugu hori lortzeko. Lehiakorrak izatera iritsiko gara. Hasi ginenean sinatuko nuke orain gauden lekuan egotea.
Distantzia motzagoa izanda, zein izan da aldaketa nagusia?
Entrenamenduak, adibidez, oso diferenteak dira. Kontuan izan 1.000 metroko probak hiru minutu pasatxoko ahalegina eskatzen zigula, eta 500 metrokoak, minutu eta erdi pasatxokoa. Hori kontuan hartuta, lehen erresistentzia asko lantzen genuen, eta entrenamendu luzeak egiten genituen uretan. Orain, berriz, entrenamenduak motzagoak dira, abiadura gehiago lantzen da. Entrenamendu diferenteak dira, politak, disfrutatzen nabil. Nahiz eta, esan bezala, lehen Munduko Kopan lortu genituen emaitzak ez ziren onak izan.
Entrenamenduak, beraz, dinamikoagoak al dira?
Bai, hori da. Esango nuke ez direla horren monotonoak. 2000. urtetik neraman buru belarri 1.000 metrokorako entrenatzen. Esan bezala, ordu asko ziren uretan, eta ohitu egiten zara. Baina gogorra da. Orain ere ordu asko ematen ditut uretan, baina serieak motzagoak dira, eta atsedenaldiak, luzeagoak.
Eta uretatik kanpoko lana ere oso diferentea da?
Bai. Gimnasioan lan gehiago egiten dugu, giharrak lantzeko. Gorputzean ari naiz jada hori antzematen, bi kilo hartu baititut. 1.000 metrokoan ari nintzenean 91 kilo pisatzen nuen; orain, berriz, 93 kilo.
Olinpiar ziklo hau oso motza da, bi urte barru izango baitira Parisko Jokoak. Nahikoa denbora da distantziara behar bezala egokitzeko?
Halabeharrez. Datorren urteanPariserako sailkapena izango dugu jokoan abuztuko Munduko Txapelketan. Ari gara pixkanaka, eta, bilakaera honekin jarraituz gero, sailkatzeko aukera asko ditugu. Baina ezin dugu lo hartu, eta lanean jarraitu behar dugu. Ikusi da mundu osoan gure proba dela gogorrena, olinpiar programan egin dituzten aldaketak tarteko. Lehen, 1.000 metrokoa eta 200 metrokoa zeuden. 200 metrokoa kendu, eta 1.000 metrokoa 500era murriztu dute. Ondorioz, distantzia guztietakoak hor elkartu gara. Beraz, izugarrizko lehia dago. Munduko Kopan parte hartzaile gehien izan zituen proba izan zen. Ia 60 ontzi aritu ginen lehian, K1ean baino gehiago, eta hori ez da oso ohikoa. Beraz, sailkatzea oso garesti egongo da. Baina, aldi berean, ikusi genuen final handitik 5-6 ehunenekotara gaudela, eta zertxobait hobetuta postu asko egingo ditugula gora. B finalean laugarren izanda, hamahirugarren izan ginen. Ehuneneko horiek hobetuta bosgarren postu inguruan ibiliko ginateke. Neure buruari ere erakutsi diot proba honetan ere aurrean ibil naitekeela, eta alde horretatik oso pozik nago. Sentipen onak ditut. Atzeko tokian arraun egiten jarraitzen dut. Eroso nago hor.
Tarte eta asti hori izatea ere motibazio bat izango da, ezta?
Bai, hori da. 1.000 metrokoan maila oso altuan geunden, eta ehuneneko bakar bat hobetzea oso zaila zen. Orain, kontrakoa. Lazaro oso gaztea da, eta distantzia hau perfektua da harentzat. 200 metrokoan aritzen zen, eta uste dut distantzia hori motz geratu zitzaiola. Hasieratik bikain ari da. Nik eskarmentua dut, eta hobetzen ere ari naiz. Piragua ondo doa.
Eta zuen arteko egokitzapena zer moduz doa? Izan ere, urte asko zeneramatzan Cubelosekin.
Oso ondo. Pertsona oso lasaia, umila eta langilea da, eta alde horretatik ez dut kexarik. Gustura gaude elkarrekin lanean. Harentzat ere dena berria da. Duela aste batzuk jokatu genuen Munduko Kopa bere lehen proba izan zen maila nagusian, orain arte 23 urtez azpiko probetan aritu baita lehiatzen, eta oso ondo aritu da. Biak ari gara neurria hartzen.
Piraguista moduan zein ezaugarri nabarmenduko zenituzke harengandik?
Oso indartsua dela, eta ondo aplikatzen duela ezaugarri hori ontziaren mesedetan. Oso azkar ikasten du. Gainera, mugarria oso altu jarri du.
Taldekidez aldatzea ere ondo dator gauza berriak ikasteko?
Bai. Azken batean kirolari bakoitzak bere jarduteko modua du, eta ondokoarengandik asko ikasten dut. Gainera, Pacorekin ere saiatuko naiz lehiatzen jarraitzen. Hura orain K1ean ari da. Aipatu bezala, 1.000 metrokoa olinpiar programatik kendu egin dute, baina ez Munduko Txapelketatik eta Europako Txapelketatik. Gainera, hautaprobetan irabazi egin genuen. Oso aberasgarria da biekin lehiatzen ibili ahal izatea.
Biko moduan zeintzuk dira zuen indarguneak? Eta zer duzue hobetzeko?
Hobetu behar duguna argi dago irteera dela, lehen 75-80 metroak. Nire kasuan, 1.000 metrokotik etorrita, abiadura puntu hori gehiago landu behar dut. Indargunea, berriz, erdiko erritmoa da. Nahiz eta irteeran denbora apur bat galdu, erdialdetik aurrera ondo berreskuratzen dugu desabantaila. Oso indartsu goaz erdiko txanpa horretan.
Piragua ere aldatu duzue. Gustura?
Bai. Modeloa berdina da. Aldatu duguna neurria da. Izan ere, Lazarok Pacok baino ia 10 kilo gehiago pisatzen ditu. Lehen L bat erabiltzen genuen, eta orain XL bat. Baina ez dut alderik nabaritu.
Tokioren osteko etenetik bueltan, alde psikologikoa egin zaizu gogorrena?
Egia esan, ez. Hiru hilabeteko oporrak egin nituen, eta deskonektatzeko eta indartsu bueltatzeko balio izan zidan. Gainera, esan bezala emaitzak eta bilakaera nik esperotakoa baino hobeak izan direnez, oso animatuta nago. Fisikoki ere ondo nago.
Pariserako bidean beste mugarriren bat jarri diozue zeuen buruari?
Uda hau oso garrantzitsua da, abuztuan Kanadan Munduko Txapelketa jokatuko baita, eta aurretik, uztailaren 14an berriz ere hautaprobak baititugu txapelketa horri begira. Irabazi egin beharko dugu bertan egoteko. Baikor naiz, beste ontziari bai lehen hautaproban, baita Munduko Kopan ere irabazi egin geniolako. Baina egun horretan etxeko lanak egin beharko ditugu, eta gure onena eman, aldea ehuneneko gutxikoa baita. Hori izango da lehen mugarria Parisera begira, eta bigarrena, Kanadan onenekin egoteko hobetu behar ditugun 6-7 ehuneneko horiek hobetzea. Kanadan egote hutsa arrakasta handia litzateke.
Hobeto irtetean egongo da horretarako gakoa?
Ez guztiz, baina neurri batean bai. Hor hiru bat ehuneneko hobetzen baditugu, uste dut bestea erdiko zatian hobetu dezakegula, eta azken txanpan errematea eman. Lanketa horretan ari gara.
Zer egiten ari zarete horretarako?
Gimnasioan lan handia egiten, eta irteerak asko lantzen. Erresistentzia bat jartzen diogu ontziari, indar gehiago egiteko.
Parisen inguruan asko pentsatzen duzu, edo oraindik urruti ikusten duzu?
Oraindik urruti ikusten dut. Tokiorako lehen hiru urteak oso azkar pasatu ziren, baina, gero, pandemiagatik eta izandako atzerapenagatik, oso luzeak eta astunak egin zitzaizkidan. Egingo ote ziren zalantza ere hor zegoen, eta murrizketa askorekin entrenatu ginen. Beraz, ez dut nahi zurrunbilo horretan murgildu. Luze gabeko helburuak eta mugarriak jarri nahi dizkiot neure buruari. Dena berria izatea asko laguntzen ari zait horretan.
Federaziotik zer esan dizuete egiten ari zareten lanaz?
Hasieran esan ziguten lasai hartzeko, ez ginela aurrean egongo, eta 2-3 urte beharko genituela aurrean egoteko. Baina guk ez dugu denbora hori. Burugogorrak gara, eta asko harritu egingo ziren eman dugun mailarekin.
Iñigo Peña. Piraguista
«Lan saioak diferenteak dira distantzia honetan, baina gozatzen ari naiz»
Urrian ekin zion Iñigo Peñak Parisko Olinpiar Jokoei begirako aldiari. Berrikuntzaz betetako bolada izango da, distantzia eta taldekidea aldatuko baititu. Abuztuko Munduko Txapelketan egoteko aukera edukiko du jokoan uztailean. Baikor dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu