Arrauna. Hondarribia

Lan onaren fruituak biltzen

Gustura daude Orbañanos, Aldai eta Puertas beren taldeen udako lanarekin. Hondarribia bigarrena da Eusko Label ligan, Isuntza ere bai KAE 1en, eta Hondarribia B asko hobetzen ari da

Aitor Manterola Garate.
Hondarribia
2018ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Abuztuak hamargarrena du gaur, eta estropada handiak badatozela esan nahi du horrek. Bi nabarmentzen dira besteen gainetik: Zarauzko Estropada Eusko Label ligan, eta Kontxako Bandera. Mikel Orbañanos gustura dago Hondarribia egiten ari den lanarekin liga nagusian: «Oso pozik gaude egiten ari garenarekin. Hutsune garrantzitsuak izan genituen denboraldi honetarako, eta aurkariak, aldiz, indartu egin dira. Kezka bagenuen behera pixka bat ez ote genuen egingo. Baina puntan gabiltza, eta gustura egoteko modukoa da». Arraunlarien lanari eman dio aparteko garrantzia: «Beraien lanari esker da hau dena, ilusio eta gogo handia jartzen ari baitira, etaudan erakusten ari garen hau guztia horren emaitza da».

Bi bandera irabazi ditu Eusko Label ligan, eta baita Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak ere: «Dinamika onean gaude, eta hemendik aurrera ere horrela jarraitu nahi dugu». Badaki taldea sasoiko helduko dela denboraldiko une garrantzitsu honetara: «Ziur naiz Kontxako Banderara sasoi onean iritsiko garela, baina badakit ere aurkariek badutela hobetzeko tartea oraindik». Donostiako estropada aipatuta, gauzak datozen bezala hartuko dituztela aurreratu du: «Guk gurea ondo egiten saiatu behar dugu, gure esku dagoen guztiari ondo heldu. Gero, gure mende ez dagoen beste guztiari ez diogu kasurik egin behar. Ez dugu burua asko galduko Kontxa dela eta. Datorrena datorrela, etortzen den bezala hartuko dugu. Hori bai, sekulako ilusioarekin gaude».

Osertz Aldai ere pozik da Isuntza egiten ari den lanarekin. Bigarren dira KAE 1 ligan, eta lau bandera dituzte irabaziak, azken hirurak segidan: «Pausoz pauso joatea zen gure asmoa, eta lehendabizi ohorezko txandan finkatu nahi genuen. Bigarren postuan finkatu egin gara, baina badakigu ezin dugula hutsik egin falta diren lau estropadetan, arriskua baitago edozein unetan puntu asko galtzeko lanak behar bezala egiten ez baditugu».

Ez du ukatu Eusko Label ligako azken biei begira ari dela, Isuntzak igoera kanporaketarako sailkatzeko aukera baitu: «Ezagutzen ditut, eta gauzak dauden bezala, behetik gora doalako, uste dut Tiran aurkari zailagoa izan daitekeela kanporaketan». Orbañanosek zer nahiko lukeen esan du: «Polita litzateke Isuntza igotzea, oroitzapen onak baititut ligaren hasieran elkarren lehian egindako urteena».

Puntu, bandera eta helburu horietatik aparte dabil Asier Puertas Hondarribiko bigarren taldean, KAE 2 ligan. Seigarren dira, eta egindakoarekin pozik dago entrenatzailea: «Asko hobetu dugu udan. Lan on batzuk ere egin ditugu tartean, eta pozgarria da hobekuntza ikustea. Ea gai garen larunbatean etxean lan ona egiteko. Arraunlarientzat ere polita da ikustea ondo lehiatzen dabiltzala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.