Helene Alberdi

Lan irmoaren ordain gozoa

Aurtengo sasoiari ezin hobeto ekin dio Helene Alberdik. Garaipenak zakuratuta ailegatuko da urteko lehia nagusietara. Bere triatloi «kutunak» izango ditu sasoiko mugarri: Zarauzkoa eta Bilbokoa. Azken hori Distantzia Erdiko Europako Txapelketa izango da aurten.

VILLAR LOPEZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Helene Alberdik (Bilbo, 1991) bikain hasi dutriatloiko sasoia. Aurreko esaldia izan zitekeen azken urteetako laburpenaren abiapuntua, baina baliagarria da aurtengo kronika hasteko ere. Triatloilari bilbotarrak Peñiscolako (Herrialde Katalanak) eta Iruñeko lasterketak irabazi ditu maiatzean, eta ezin hobeto estreinatu du triatloiko denboraldi berria. Nafarroan lortutako garaipenarekin Distantzia Erdiko Espainiako txapeldunaren titulua berretsi du.

Orain artekoen balorazio «ona» egin du Alberdik, baina arreta handiagoa eman die lasterketako sentipenei, sailkapenaren hurrenkerari baino: «Gustura sentitu naiz. Postu onak lortu ditut, baina gehien ase nauena hobetzea izan da».

Alberdiren kasuan, txirrindularitzako zatian aritu da«ahulen» orain arte, baina lortu du alderdi hori hobetzea ere: «Ikusi dut hiru sektoreetan [igerian, bizikletan eta korrika] lehiakorra izan naitekeela, eta emaitza onak eskuratu ditut. Beraz, hasieraren balorazioa positiboa da».

Norbere jardunean egindako bilakaera izan ohi da kirolarien lanaren ordainik gozoena.Izan ere, lasterketetako emaitzak zenbait faktoreren araberakoak izan ohi dira; tartean, parte hartzaileen zerrenda. Ordea, norbere lanak ez du trikimailurik. Alberdi, bai Iruñean, bai Peñiscolan, gorengo mailako kirolarien aurretik geratu da. Esaterako, Judith Corachan kirolari zaildua menderatu zuen Iruñeko txapelketan, bi minutuko aldea aterata: «Orain bi urte lehiatu nintzen harekin azkenekoz. Garai hartan, munduko txapeldunordea zen, eta hamar-hamabost minutura nengoen. Ez nuen lortzen harekin lehiatzea. Horrek asetzen nau gehien, emaitzez harago: besteekin lehia betean aritzeak. Judith [Corachan] Zarautzera dator, eta zaila ikusten dut hura menderatzea. Baina borrokarako banago, eta uste dut ez dizkidala lehengo alde haiek aterako».

Sasoia, bi zatitan

Hain justu, Zarauzko (Gipuzkoa) Triatloia da Alberdiren hurrengo lasterketa nagusia. Bilbotarrak bi zatitan banatu du aurtengo denboraldia. Zarauzko lasterketa izango da lehendabiziko ataleko mugarria, ekainaren 11n.

Lehia horrek berritasun nabarmen bat izango du aurten, txirrindularitzako zatian. Aiako eta Zarauzko kanpineko malden ordez, Elkano auzoko San Blas maldatzarra igoko dute triatloilariek: «Bi ikuspuntu ditut horren inguruan. Nire ezaugarriak kontuan hartuta, ez da ondo etortzen zaidan malda bat. Ordekan hobeto aritzen naiz. Jarraitzaile moduan, ordea, asko gustatzen zait; malda horrek ematen dio epika puntu bat».

Ez alferrik, zenbait tokitan %20ko zatiak baititu San Blaseko aldapak: «Lehen Aiako maldazen, baina oraingoa ez da gutxiago. Gainera, herritik gertuago egonda, jende gehiago egongo da. Ikusgarria izango da».

Alberdik ekainean amaituko du sasoiaren estreinako zatia. Zarauzkoaren ostean ekingo dio bigarrenari. Europako Txapelketa du begiz joa; aurten, gainera, Bilbon jokatuko da, irailean: «Ni izatez bilbotarra naiz, baina Zumaian bizi naiz, eta Zarautzen egiten dut lan [sendagilea da]. Bai Bilbo eta bai Zarautz nire etxeko lasterketak dira, nire lasterketa kutunak», esan du. Alberdi lehen aldiz ariko da Europako txapelketa batean.

Prestaketa aldia haietara begira osatuko du, baina, halere, ez die beste era bateko lasterketei uko egingo. Joan zen larunbatean hasi zen Euskal Herriko Esprint distantziako zirkuitua, Getarian (Gipuzkoa). Parte hartzeko «gogoa» izanagatik, azkenerako ez aritzea hobetsi zuen, prestatzailearen gomendioz.

Dena den, badu triatloi laburretan aritzeko asmoa: «Esprinteko eta olinpiar distantzia lasterketa oso politak dauzkagu Euskal Herrian, eta gustatuko litzaidake haietan parte hartzea. Getarian asmoa nuen, eta azkenerako ezin izan nuen, baina Lekeitiokoan eta Donostiako Onditzen aritzeko asmoa badut». Alberdik esan duenez, distantzia horietako Europako Txapelketetan ez du ikusten bere burua, baina bai Euskal Herrian: «Halako girorik ez dut beste inon ikusi, eta polita da haietaz gozatzea».

Grinari eustea, gako

Alberdik zenbait urte osatu ditu gorengo mailan, eta horretan segitzen du oraindik ere. Gainera, mailari eusteaz gain, lortu du koska etenik gabe igotzea: «Ikusten duzunean hobetzean ari zarela, oraindik tartea duzula, eta helburu berriak agertzen direla, horrek motibatu egiten du».

Haatik, aitortu du askotan zaila dela triatloia bizitzako beste alorrekin uztartzea, baina grinak gain hartzen du halakoetan: «Tira, emaitza onak lortuz gero eta urtetik urte hobetzen bada, erraza da. Nire ustez, zailagoa da hobetu ezinezko puntu batera iristean eta maldan behera hastean hor mantentzea. Oraingoz, niri ez zait hori egokitu, eta olatu aparretan joatean dena errazagoa da». Alberdi olatuak hartzen bakarrik ez, ubera luzea uzten ari da euskal triatloian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.