Zelaian ez ezik, bulegoetan erefin ari da lanean Reala, eta abian duen proiektuari eusteko pauso garrantzitsua eman zuen atzo. Besteak beste, Eusebio Sacristan entrenatzaileak taldeko aulkian jarraituko baitu beste bi denboraldiz. Sasoi honen amaieran bukatzen zitzaion kontratua, baina Donostiako klubarekin akordio bat egin ondoren, gutxienez 2019ko ekainaren 30era arte zuzenduko ditu txuri-urdinak. «Oso pozik nago, eta eskertuta. Oso gustura nago klubean, eta ilusio handia dut etorkizunari begira. Zoriontsu naiz hemen jarraituko dudalako. Kluba eta zaleak ematen ari zaizkidana lanarekin ordainduko dut; ea pozen bat eman diezaiekedan. Oso pozik gaude egiten ari garen lanagatik, baina umil jarraitu behar dugu, sasoiaren amaieran nahi ditugun fruituak jasotzeko», adierazi zuen, poza ezin ezkutatuta.
Realak fruituak jasoko dituen edo ez sasoi amaieran ikusiko da, baina dudarik ez dago Eusebio dela Realaren proiektuari jarraipena emateko entrenatzaile aproposena. Zenbakiek ez diote gezurrik. 2015eko azaroan David Moyes ordezkatu zuenetik, espainiarrak 58 bider zuzendu du taldea, eta balantzea positiboa da: 26 garaipen, 11 berdinketa eta 21 porrot. Zenbakien gainetik, ordea, bistakoa da joko atsegina bezain eraginkorra eman dizkiola taldeari. Alegia, haren ideiek bat egiten dutela Realeko jokalarien ezaugarriekin, eta alderantziz. Horregatik, kontratua berritzea albiste ona da Jokin Aperribai Realeko presidentearentzat. «Eusebio lehen egunetik egokitu zen klubera eta gure filosofiara. Oreka dago kirol arloan, taldea ondo ari da, emaitzak onak lortzen. Egun bikaina da Realarentzat».
Eusebiok egoera kaskarrean hartu zuen Reala, iragan sasoian. Hamaseigarren postuan zegoen, eta, behetik gora eginda, bederatzigarren amaitu zuen denboraldia. Sasoi honetan, nahierara diseinatu ahal izan du taldea, eta denboraldi-aurrean lan egokia egin ondoren, distiratsu doazkio kontuak. Sailkapen nagusian bosgarren dira txuri-urdinak, 41 punturekin; baina jokoari esker jaso ditu loreak. Presioa goian egin, baloiari tratu ona eman eta erasoan eraginkortasuna azalduta, onbidean dira txuri-urdinak. «Kalitatezko jokalariak ditut, konpromiso handikoak, eta lanak errazten dizkidate. Zaleak ere lagun ditugu partida denetan».
Harrobiari garrantzia
Umiltasuna oinarri hartuta, bide berean segitzea du helburu Eusebiok, eta hazten jarraitzea. Horretarako, harrobiko jokalariak ere gertutik jarraitzen ditu. «Klub honetan oso garrantzitsuak dira jokalari gazteak, eta harrobia indartzen segituko dugu. Indarra, energia eta ilusioa kutsatzen dizkigute». Eusebioren eskutik, Oiartzabal lehen taldean egonkortu da, eta lau gaztek egin dute debuta: Odriozolak, Bautistak, Kevinek eta Zubeldiak.
Lan bikainari saria
Eusebio Sacristanek beste bi denboraldirako berritu du lan hitzarmena Realarekin, eta aulkian jarraituko du gutxienez 2019ko ekainera arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu