ETXETOREN GEROA, KOLOKAN
Baionako lehen duda entrenatzailea da. Inork ez du segurtaturik jarraipena. «Kontratupean nago hurrengo sasoirako. Hori da oraingoz dakidan gauza bakarra», zehaztu du Vincent Etxetok, gaur egun kirol zuzendari lanak betetzen dituenak. Dewald Senekal haren laguntzailea, esaterako, Grenoblera doa, eta ikusteko dago Nicolas Morlaes beste laguntzaileak jarraituko duen.Etxetoren postua oso egoera txarrean dago. Taldea haren ordezko bila ari da. Elkarrizketak hasiak dira Pierre Berbizier Frantziako eta Italiako selekzioetako hautatzaile ohiarekin, Berbizier berak baieztatu duenez. Frantziarrak kirol zuzendari postua hartuko luke. Orduan, zer gertatuko litzateke Etxetorekin? Taldean jarraituko lukeela diote batzuek, gibeleko entrenatzaile gisa. Etorkizun iluna du, hala ere, Etxetok Baionan. Teknikaririk gabe, kostata prestatuko dute taxuz hurrengo sasoia.
PRESIDENTETZA, KILI-KOLO
Berbizierek, baina, baiezkoa eman aurretik, eskura izanen dituen baliabideen berri ukan nahi du. Francis Salagoiti eta Christian Deveze presidenteen lana da hori. Alta, bi presidenteen postua ere kili-kolo dabil. Joan den astean, Baionako administrazio kontseiluko zaintza taldea bildu zen. Orduan, bi presidenteen kargua ez etetea erabaki zen. Galderek airean diraute, hala ere.Izan ere, kontseilu horretanAB Lagunak akziodun talde bera bileretako kide izatea onartu zen. AB Lagunaken hainbat kide esanguratsu daude. Horien buru Jean Grenet Baionako auzapez ohia da. Jakina da Grenet eta Salagoitiren arteko harremanak ez direla batere onak. Auzapez ohiaren hitzetan, «klubera ordena jartzera» etorri da AB Lagunak. Ikusteke dago talde horrek Salagoiti eta Devezen karguei buruz izango duen jarrera, jakinik taldeko kapitalaren % 45 ordezkatzen duela.
BATERATZEAREN MAMUA
Horiek aski ez, eta AB Lagunak taldearen etorrerak beste susmo batzuk piztu ditu. Taldeko akziodun diren zaleak biltzen dituen Socios AB elkarteak iturri misteriotsuko dokumentu bat zabaldu du. Bertan, AB Lagunak taldearen ustezko plan bat zehazten da: Baionako administrazio kontseiluan sartu, boterea hartu, eta Miarritzerekin bateratzea gauzatzea.AB Lagunak taldea 2015ean sortu zen, Manuel Merin Baionako presidente zenean. Helburua taldeko kapitala kontrolatzea zen, Alain Afflelouren akzioak erosiz, geroago Miarritzerekin bateratzea gauzatzeko gisan. Bateratzeak huts egin ondoren, Merinek kargua utzi zuen, baina akziodun taldeak berean jarraitu du. Hori bai, talde gisa ez da Baionako administrazio kontseiluko kide izan. AB Lagunaken azken asteetan izandako aldaketek, tartean Grenet taldeko kide sartu izana, Miarritzerekin bateratzea berpizteko susmoak eragin ditu Socios AB elkartean.
Oraingoz, susmo hutsak dira, eta AB Lagunakek bateratze asmoak gezurtatu ditu. Miarritzek ere berehala gezurtatu ditu asmo horiek. Giroa, ordea, ez da izan litekeen onena Baionako zuzendaritza organoetan. Ikusi beharko da Jean Greneten etorrera horrek ondoriorik izanen ote duen Baionako presidentetzan. Baldintza horietan, ez da aise Berbizierrek galdetutako baliabideei buruzko argipenak ematea.
TOP14A, TOP16?
Horiek guztiak gutxi ez, eta azken egunetan beste hipotesi bat aireratu da: hurrengo sasoian Frantziako Lehen Mailan 14 talde izan beharrean 16 talde izatea. Iragan astean Parisen egindako bilkura batean, Frantziako Errugbi Ligak aukera hori zabaldu zuen. Hor ere, zalantzak dira nagusi. 12 urte dira 16 taldeko Lehen Maila 14 taldeko bilakatu zela. Geroztik, erregularki aipatu izan da berriz ere 16 talde ukaiteko aukera.Oraingoan, Top14a Top16 bihurtuko balitz, Baionak bere postua salbatua izanen luke elitean. Izan ere, kasu horretan, jaitsierarik ez litzateke izanen sasoi honen bukaeran, eta Bigarren Mailatik bi talde igoko lirateke.
Galderak galdera, ilun eta lanbrotsu ageri da Baionako etorkizuna. Hurrengo egun eta asteetan galtzak bete lan izanen ditu zuzendaritzak taldearen geroa itxuratzeko eta argitzeko. Ikusi beharko da saltsa horretatik nola aterako den talde xuri-urdina.