Frantziako Tourra

Laineza ez da beti kalterako

Nairo Quintanak Movistarren estreinako garaipena eskuratu du aurtengo Tourrean. Galibierren gora jo du erasoa kolonbiarrak, eta aise iritsi da helmugara. Estutu du Alaphilippek, eta bizirik da lidergoan

Nairo Quintana Movistarreko txirrindularia, besoak igota, atzoko garaipena ospatzen. Bere kirol ibilbidean hirugarrena du Frantziako Tourrean. YOAN VALAT / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Harrotasunaren eta harrokeriaren arteko muga lausoa da batzuetan. Bigarrenetik asko du lainezak, baina, tarteka, pizgarri ere izan daiteke. Norbere buruarengan sinesteak, zerbaitetarako gai sentitzeak, lotsagabetu egin dezake bat, urrun irudika zitezkeen helburuak lortzeraino. Lainezatze horrek gehiago du harrotasunetik harrokeriatik baino.

Hori gertatu zitzaien atzo zenbait txirrindulariri Frantziako Tourreko 18. etapan. Ordura arte erakutsitakoak eta beren balioa berretsi beharrak lainezatu egin zituen, eta ondo atera zitzaien jokaldia. Nairo Quintana (Movistar)eta Julien Alaphilippe (Deceuninck) izan ziren haietako bi. Tourreko etapa nagusia irabazi egin zuen Quintanak; elastiko horiarekin jarraituko du Alaphilippek.

Kolonbiarrak isilik-edo igaro ditu Tourreko lehendabiziko hiru asteak. Otzan aritu da, bere maila onenetik urrun, eta bere taldekide Mikel Landa eta Alejandro Valverderen itzalpean. Atzora arte. Vars, Izoard eta Galibier igo zituzten etapan sasoi onean dagoela erakutsi zuen Quintanak; noiz, eta bere taldearen jokabideak, beste behin, zeresana eman zuen egunean.

Galibierren jo zuen kolpea Quintanak. Aurrez, eguneko ihesaldi nagusian sartu eskalatzailea, eta orduantxe ezarri zituen bere garaipenaren oinarriak. Tropeltxo handia osatu zuten ihesaldian, eta halaxe heldu zioten Izoarden oinetara iritsi artean. Orduan, Greg Van Avermaet (CCC) eta Julien Bernard (Trek-Segafredo) jarri ziren lasterketaburu, Quintanaren taldetxoa atzetik zutela, minutu eta erdi eskasera.

Izoard igotzen hasi zirenean zortzi minutu pasaren aldea zuen taldetxoak tropelarekin. Bitxia gertatu zen orduan; ihesaldian zegoen Quintana, baina Movistarrek etenik gabe jarraitzen zuen tropeletik tiraka, eta aldeak nabarmen murriztea lortu. Bazirudien taldearen zuzendariek Landaren aldeko apustua egin zutela.

Izoarden gora, baina, agerian geratu zen ez zela Landaren eguna, eta beste taldekide bat hasi zen haren lekua hartu nahian: Valverde.

Bien bitartean, jarraitzaileen talde murritzean ugaritzen ari ziren mugimenduak. Aurrera egin nahian zebiltzanak, erritmoari jarraitu ezinik atzean geratzen ari zirenak... Haien guztian artean, eroso zegoen Quintana. Fresko zituen oinak, eta bere aukeretan sinetsita gainditzen zituen kilometroak. Laineztuta zegoen.

Argi utzi zuen hori Galibierreko igoeran. Han jo zuen garaipena eskuratzeko erasoa. Hautsita zegoen aurreko taldea, eta bere gaitasuna aprobetxatu zuen 26. kilometroren faltan ihes egiteko.

Hari jarraitzen saiatu ziren Romain Bardet (AG2R) eta Alexei Lutsenko (Astana). Alferrikako saialdia izan zen. Bardetek estutu arren erreleborik eman gabe aritu zen Lutsenko, eta, haien aurretik, Quintanak aldeak areagotzea lortu zuen.

Horiaren ehiza antzua

Kolonbiarraren etapa garaipena unean-unean argiagoa zela, sailkapen nagusiko dantza hasi zen tropelean. Beste kolonbiar batek ez zuen aukera galdu; Galibierren gora erasoa jo zuen Egan Bernalek (Ineos), eta aise utzi zuen atzean faboritoen taldea. Bernalen jokaldiak sailkapenean izan zezakeen eraginaren jakitun, hari erantzuten saiatu zen Deceuninck, Alaphilippe liderraren taldea, baina 22 urteko kolonbiarra aldeak handitzen ari zen etenik gabe.

Liderrak berak salbatuzuen elastiko horia. Bernalen jokaldiarekin bat, Geraint Thomasek (Ineos) eta Thibaut Pinotek(Groupama-FDJ) lehen bost sailkatuen arteko saltsari gatz pixka bat botatzea erabaki zuten, eta Galibierren gora sufritu egin zuen Alaphilippek. Hainbeste, ezin izan baitzion bere aurkarien erritmoari eutsi, eta zenbait segundoren galera izan zuen mendatearen gainean.

Espejismo hutsa izan zen. Maldek beheranzko norabidea hartu orduko, galdutako tartea berreskuratzen hasi zen txirrindulari frantziarra, eta berehalakoan jarri zen Thomas, Pinot, Landa eta enparauen parean. Ez hori bakarrik; jakinik haiengandik tira egin behar zuela, atsedenerako astirik ez zuen hartu. Ez zuen jokaldi eskasa egin; unean uneko sailkapen nagusian aldeak murrizten ari zitzaion Bernal, eta bazekien Alpeetako bi etapa falta zirelarik arriskutsua izan zitekeela hori. Ez da horraino heldu orain elastiko horiarengatik ez lehiatzeko.

«Alpeetan kolpeak jasotzeko prest nago», esan zuen herenegun Alaphilippek. Atzo jaso zuen lehendabizikoa, baina ondo neutralizatu zuen. Bi geratzen zaizkio. Berdin eginda, merezitako lainezarekin iritsiko da Parisera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.