Entrenamendua amaitu berritan Gaska kiroldegiko harmailetan eseri da Maria Erauntzetamurgil IDK-ko jokalaria (Donostia, 1998). Azken bi partidetan ez du jokatu, orkatilan arazoak dituelako. Azu Muguruza teknikariak ez du aurreko deialdietan sartu, gaur bere onena eman dezan, ez jaisteko borroka batean direla jokatuko baitute IDK-k eta Araskik derbia Donostian (12:00). Beste bi euskal taldeek ere partida dute: Ardoik Ferrol jasoko du (12:00) eta Gernikak, Joventut (12:30).
Aste batzuk dira IDKra itzuli zarela. Zer moduz?
Pozik, polita baita etxera itzultzea. Baina, aldi berean, apur bat zailak izan dira aste hauek. Orkatilako lesio batekin etorri nintzen, eta kostatzen ari zait multzoaren egunerokora egokitzea. Baina espero dut falta diren partidetan nire onena ematea.
Etxera bueltatzeko garaia zela aipatu zenuen aurkezpenean. Zer dela eta?
Pertsona eta kirolari naizen aldetik, itzultzeko beharra nuen. Etxekoekin egon nahi nuen, eta jokatzeko aukera askorik ez eduki ostean, berriro ere jokalari sentitu. Gutxi jokatzea gogorra da. Banekien bai entrenatzaileak eta bai presidenteak nigan konfiantza zutela, eta hori garrantzitsua zen niretzat. Gainera, taldea ligan egoera zailean dagoela kontuan hartuta, ez nuen bitan pentsatu. Nire bizitzako taldea laguntzera etorri nahi nuen.
Ensinon, Estudiantesen eta Valentzian jokatu duzu, eta, besteak beste, Euroligan aritu zara. Baina esaerak dioen moduan: etxean bezala inon ez?
Argi dago senideekin eta lagunenekin egotea bezalakorik ez dagoela. Baina kanpoan ere oso esperientzia politak bizi izan ditut, eta zoriontsu izan naiz saskibaloian jokatzen. Nork daki etorkizunean halako esperientzia gehiago iritsiko ote diren. Baina, orain, arreta osoa hemen dut, eta ilusio handiz nago. Horregatik sinatu dut denboraldi honetarako eta beste birako. Gozatu eta disfrutatu egin nahi dut IDK-ko jokalari izanda.
Kanpoan bizitakotik zer nabarmentzen duzu?
Etxetik ateratzen nintzen lehen aldia zen, eta esperientzia honek lagundu dit neure burua hobeto eta gehiago ezagutzen. Kirol ikuspegitik, berriz, eskarmentu handiagoa hartu dut, eta aukera eman dit egunerokoa jokalari eta kirolari moduan izugarriak diren pertsonekin partekatzeko.
Joan zinenetik zertan hobetu duzu?
Uste dut mentalki aurrerapauso bat eman dudala, eta kontzienteago naizela jokoaz. Horrekin batera, nortasunaren aldetik konfiantza handiagoa daukat multzoari nire iritzia eman eta ekarpenak egiteko.
«Uste dut kanpoan egon naizen urteetan aurrerapauso bat eman dudala mentalki, eta kontzienteago naizela jokoaz»
Valentzian jokatu eta gero, zeure buruarekin eta taldekideekin duzun exijentzia handiagoa da?
Ziurrenik, bai. Uste dut goi mailako kirolari guztiek eskatzen diogula asko geure buruari. Baina aukera izan dut goi mailako kirolariek egunerokoa nola kudeatzen duten ikusteko, eta hori ere oso presente dut.
Donostia utzi zenuenean uste zenuen noizbait Valentzian edo halako talde batean jokatuko zenuela?
Ez, inondik inora ez. Gogoan dut hemen jokatu nuen azken denboraldian kirol trebatzaile bat nuela, eta, nire ametsa zein zen galdetzen zidanean, esaten niola Euroligako talde batean jokatzea zela. Baina ez nuen posible ikusten. Egia esan, ederra izan da aukera hori izatea; asko gozatu dut, batez ere oso modu naturalean gertatu delako, eta egin dudan lanaren fruitua izan delako.
Nola topatu dituzu taldea eta kluba?
Gauza batzuk ez dira aldatu, baina uste dut beste batzuetan aurrerapauso handiak eman direla. Adibidez, Amma zentroarekin arlo fisikoa lantzeko egiten ari diren lana nabarmenduko nuke, gaur egun arlo hori erabakigarria baita. Bestalde, goizetan ere jaurtiketa eta bakarkako teknika gehiago lantzen da. Oso gustuko ditudan bi gauza dira, eta jokalarioi asko laguntzen digu hobetzen.
Klubak zertan hobetu beharko lukeen esan beharko bazenie Carmen eta Azu Muguruzari, zer esango zenieke?
Zaila da, azken batean Valentziak ACB ligan ari den talde bat duelako atzean. Baina nik uste dut, jokalarien kalitatetik harago, Valentziak duen gauzarik onena azpiegiturak direla. Horretan hemen bada zer hobetua. Aspaldiko kontua da.
Kirol arloan, aipatu duzun moduan, taldea egoera zailean dago. Garaipen bakarrera dituzue jaisteko postuak. Nola ikusten da kontua barrutik?
Egoera zaila da. Sei partida falta zaizkigu liga amaitzeko, eta aurkarien emaitzen menpe egon nahi ez badugu, gutxienez hiru irabazi beharko ditugu. Abantaila bat dugu: aurkari zuzenen kontrako partidak, Araskiren kontrako igandekoa [gaurkoa] eta Ardoiren aurkakoa, etxean jokatzen ditugula. Horrekin batera, kanpoan, La Seu de Urgellen eta Ensioren aurka, irabaz dezakegu, gauzak ondo eginez gero. Egoera zaila da, baina ez dugu zama gisa hartu behar, baizik eta erronkatzat, eta hura lortzeko bete-betean aritu. Helburuak izan behar du azken jardunaldira salbatuta iristea, Lugon Ensinoren aurka dena jokoan izatea oso gogorra izango bailitzateke. Hango zaleek asko estutzen dute eta.
Nola ikusten duzu kategoria ez galtzeko lehia?
Zaila da aurreikuspen bat egitea. Izan ere, azken jardunaldietan beti ezustekoak izaten dira. Ardoi nahiko atzean geratu da, eta, gero, Celta, Araski eta gu gaude. Guk gauza txar bat daukagu: puntuen alde txarra dugula. Hori dela eta, garaipenen bat gehiago lortu beharko dugu. Baina baikor naiz.
«Araski ere gorabehera asko ari da izaten, eta lortu behar dugu haiek zalantza egin eta eroso ez egotea»
Helburua lortzeko, zertan hobetu behar duzue?
Taldea bolada txarrean egon da denboraldi osoan, eta, halakoetan, edozein gorabeheraren aurrean, multzoak zalantza egiten du, edo amore ematen du zertxobait. Mentalki are gogorrago aritu behar dugu geratzen diren partidetan. Etxean ere, nahiz eta hiru partida baino ez izan, ohikoa izan dugun sendotasuna berreskuratu behar dugu.
Zein itxura hartzen diozu gaurko Araskiren kontrako neurketari? Zein izan daiteke garaipena lortzeko gakoa?
Haiek ere gorabehera asko dituzten taldea dira, eta lortu behar dugu haiek zalantza egin eta eroso ez egotea. Horrekin batera, sasoi onenean dauden jokalariak gertutik zaindu behar ditugu: Lisowa-Mbaka eta Mununga, batez ere. Lehen helburuak irabaztea izan behar du, eta abantaila lortzea, hau da, puntuen aldea hobetzea, han 24 puntuz galdu baikenuen.
Europarako sailkatu zen azken aldian ere, taldeak sufritu egin zuen ligan. Zergatik? Oraindik aurrerapauso bat ematea falta zaio?
Europan jokatzeak gauza asko eskatzen ditu. Batetik, talde handiagoa behar duzu, jokalari gehiagorekin, eta hor asko pentsatu behar duzu, jokalari bakoitzari rol bat emateko. Bestetik, bidaiak, hiru egunetik behin jokatu... Fisikoki eta mentalki oso gogorra da. Eta ohitu egin behar duzu.