Jon Odriozola. Euskadi-Murias taldeko kirol zuzendaria

«Laguntza izanda, 2020ko Tourrean egon liteke Murias»

Vueltan loria dastatu ondotik, Jon Odriozolak uste du «ziklo bat» amaitu dela Muriasentzat. Aurrera begira, garbi du erronka: Tourrean etapa bat irabaztea. Horra iristeko, babesa eskatu du.

enaut agirrebengoa
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
«Ni, egia esanda, sekula ez naiz horrenbeste hunkitu. Ume txikiak bezala egon ginen negarrez». Hala oroitzen du Jon Odriozola Euskadi-Muriaseko kirol zuzendariak (Oñati, Gipuzkoa, 1970) joan den irailaren 7an, Espainiako Vueltako hamahirugarren etapan, Oscar Rodriguez taldeko txirrindulari nafarrak lortutako garaipen historikoa. Lehen itzuli handia zen Euskal Herriko taldearentzat, eta, Odriozolaren aburuz, «onenen pare» jardun dira. «Egunero saiatu gara zeresana ematen, eta Oscar Rodriguezen garaipenak ginga jarri dio talde guztiak egindako lan onari». Lorturikoaren ostean, «eragileen berotasuna eta inplikazioa» nabaritzea espero du, 2015ean abiatutako proiektuak «hazten» jarrai dezan.

Ia bi aste pasatu dira Oscar Rodriguezek Camperonako helmugan besoak altxatu zituenetik. Esnatu zarete ametsetik?

Izugarria da Vueltan lorturikoa. Jendea oso identifikatuta sentitu da taldearekin, meritu handia baitugu. Denboraldi oso ona osatu dugu, eta egindako lanaren saria daEspainiako Vueltan etapa bat irabaztea. Ni jendearen gertutasunarekin gelditzen naiz; hori zen bilatu beharrekoa. Euskaltel-Euskadi taldearen garai onenak bizi izan nituen zuzendari gisa, eta uste dut orduan egindakoa ia-ia gainditu egin dela orain, egoera oso ezberdina baita.

Euskal Herriko txirrindularitzazaleek erreferentziazko talde baten beharra zutela sentitu duzue?

Dudarik gabe. Eta ez bakarrik hemengo zaleek, beste leku askotan ere sekulako babesa jaso baitugu. Andaluziako Itzulian, esaterako, «aupa Euskadi!» oihukatzen ziguten zaleek. Eta, hemen, garbi dago bazegoela beharra. Bizkaiko etapa [Espainiako Vueltako hamazazpigarrena], adibidez, zoragarria izan zen. Egindako lanaren aitortza kolpean jaso dugu. Dena batera iritsi da.

Orain lau urte proiektua abiatzean, posible ikusten zenuten epe ertainean halako egoeran izatea?

Amets bat zen, baina helburua ere bai. Helburuak oso goian jartzean, ematen du ezinezkoa dela betetzea. Ordea, gauzak ongi egin ditugu, inplikazio handiz, eta irmotasunez sinistu dugu proiektu honetan. Hala jardunez gero, helburuak bete egiten dira. Gainera, leialak izan gatzaizkio gure filosofiari: aukera eman diogu jende gazteari, egutegi on batekin. Hori ondo islatzen du Oscar Rodriguezen garaipenak. Sinesgarritasuna eman dio lau urte hauetan egin dugun lanari.

Oscar Rodriguezen balentriak itzalpean uzten du ia guztia, baina, etapa irabazi ez bazenute ere, pozik egoteko moduan izango zineten Vueltan eginiko lanarekin. Izan ere, zeresan handia eman duzue.

Bai, irabazi aurretik ere maila oso ona ari ginen ematen. Ez gara soilik tropelak baimendutako ihesaldietan sartu; ia egunero izan gara borrokan. Jon Aberasturirekin zorte txarra izan dugu: erorketa batekin hasi zen, eta bere egoera zaila zen, taldea zain zegoelako [azkenean, Caja Ruralen ariko da datorren sasoian]. Baina horri ere buelta eman diogu. Protagonismo handia izan dugu errepidean.

Mikel Bizkarrak hamazazpigarren egin du sailkapen nagusian, eta hamargarren izan zarete taldekako sailkapenean. Bada zerbait.

Horrek taldea nola ibili den adierazten du. World Tourreko hainbat talderen aurretik bukatu dugu, eta Kontinental Profesional mailako onenak izan gara. Pentsa, Skyk zazpi segundo besterik ez digu atera taldeen sailkapenean. Eta Mikelek egindakoak ere meritu handia du, onenekin aritu baita lehian. Egunero saiatu gara zeresana ematen, eta Oscar Rodriguezen garaipenak ginga jarri dio talde guztiak egindako lan onari. Oso ondo prestatutako etapa bat zen, eta jende oso onaren kontra irabazi genuen.

Beraz, gorriz zenuten azpimarratua Camperonan amaitu zen etapa?

Orain erraza da esatea, baina bai. Gure asmoa Oscar ihesaldian sartzea zen. Ibilbidea oso ondo ezagutzen genuen. Camperonakoa oso igoera aproposa da harentzat, baina zaila zen garaipena lortzea, kontuan hartuta zer mailatako jendea sartu zen ihesaldian. Ordea, oso ondo neurtu zuen igoera. Ahalik eta gehien lasaitzen saiatu ginen, bagenekielako gakoa amaiera zela. Eta horri Oscarren talentua gehitu behar zaio. Horren guztiaren ondorioz irabazi genuen.

Nola bizi izan zenuten auto barruan?

Oso hunkigarria izan zen. Hainbeste buruhauste izan eta hainbeste lan egin ondoren, ikaragarria izan zen halako zerbait lortzea. Ni, egia esanda, sekula ez naiz horrenbeste hunkitu. Ume txikiak bezala egon ginen negarrez auto barruan. Halako lasaitasun bat ere sentitu genuen. Arlo pertsonalean, amets bat betetzea bezala izan zen. Sekulakoa da Kontinental Profesional mailara igo eta lehen urtean lortzea halako zerbait.

Vueltako bigarren atseden egunean iragarri zenuten Kontinental Profesional mailan jarraituko duzuela beste urtebetez. Lehendik ere garbi zenuten, edo Vueltan lorturikoak animatu zaituzte pausoa ematera?

Gauzak garbi genituen, Vueltan edozer gertatuta ere. Prentsaurrekora garaipena lortu aurretik deitu genuen. Guk hitz gutxirekin eta lan askorekin erakutsi dugu posible dela Euskal Herriko talde bat eta Euskadi marka elitera eramatea. Denbora gutxian eta baliabide urriekin lortu dugu hori. Orain, nabaritu egin behar da eragileen berotasuna eta inplikazioa. Honi jarraipena emateko, inguruko marka, enpresa eta instituzioen babesa behar du Muriasek. Derrigorrean hasi behar dugu erabakitzen halako proiektu batek merezi duen edo ez, lortutakoa kontuan izanda.

Ematen du datorren urtean babesle berri bat izango duzuela. Negoziazioak zenbateraino daude aurreratuta?

Hori litzateke benetako saria. Egia esanda, gauza asko aurreratuta daude, baina itxi egin behar dira. Berehala itxiko dugu denok hala nahi badugu. Uste dut behingoz alde batera utzi behar direla iraganeko kontuak, eta denon artean aurrera begiratu, proiektu honek helburu handiagoak izan ditzan. Garbi dago zein den erronka berria: Frantziako Tourrera itzuli, eta bertan etapa bat irabaztea. Vueltan World Tourreko taldeekin parez pare lehiatu ondoren, sinesgarritasuna badugu aukera hori lantzeko. Pauso handia eman dugu, baina are handiagoa eman nahi dugu orain. Jendeak hori eskatzen du, eta uste dut egin dugula zailena jada.

Epe zehatzen bat aipa dezakezu?

Laguntza jasoz gero, 2020ko Frantziako Tourrean egon liteke Murias; betiere, garbi izanda zer zailtasun duen horrek. Hori lantzeko, ahalik eta azkarren lotu behar dira gauzak. Gure lana ez da datorren urtera begira, baizik eta bizpahiru urtera begira, eta laguntza eta inplikazioa orain behar ditugu.

Eusko Jaurlaritzari proposamen irmoa egin diozue Euskadi 2020 proiektuan parte har dezan. Erantzunik jaso duzue?

Horretan gabiltza. Nazioartean, Euskadi markak etekin handia atera du guri esker. Eusko Jaurlaritzak horretara bideratutako aurrekontu saila dauka; beraz, hor laguntza batzuk izan behar ditugu. Eta ez du zertan babesle gisa izan. Orain arteko guztia bakarrik egin dugu, baina orain, jada, ezin dugu.

Maila nagusira, World Tourrera, igotzea esku artean duzuen aukera bat da, edo nahiago duzue Kontinental Profesional gisa jarraitu?

Erraza da World Tourra aipatzea, eta nik nahi dut talde hau World Tour mailakoa izatea; baina badakit, aurrera begira, eta gauzak ongi egiteko, gutxienez hiruzpalau urtez Kontinental Profesional mailan aritu behar dugula, lehenago Kontinental mailan aritu ginen bezala. Cofidis eredu ona da. Tourrerako eta Vueltarako gonbidapenak jasotzen saiatu behar dugu, eta Italiako Girorako ere bai agian.

Emaitza aldetik, ez da erraza izango denboraldi honetan lortutakoa berdintzea, Vueltako garaipenetik haratago, aurten gauzak borobil atera baitzaizkizue.

Sasoi bikaina izan da. Bederatzi garaipen lortu ditugu orain arte, eta taldea urte guztian izan da lehiakorra. Aurrera begira, izaera horri eutsi behar diogu. Erreferente bihurtu gara euskaldun guztiontzat, baita beste zale askorentzat ere, ikusi baita inplikazioz, ilusioz eta fedez lan eginda lortu ditugula gauzak.

Bestalde, zer moduz joan da lehen urtea Bizkaia-Durangorekin batera?

Zaila izan da. Agurtzane Elorriagak sekulako lana egin du, eta Murias ahalik eta gehien laguntzen saiatu da. Ordea, Murias hor ere ezin daiteke bakarrik egon. Guretzat, garrantzitsua zen emakumezkoen talde bat izatea, edo hitzarmena lortzea, baina hor ere behar dira beste laguntza batzuk. Exijentzia guztiak ezin ditugu gure gain hartu.

Iaz BERRIAn esan zenuen jada «ziklo txiki bat» betea zenuela Muriasen. Arlo pertsonalean, nola ikusten duzu zure etorkizuna? Proiektua gidatzen jarraitzeko asmoa duzu?

Egia esan, gauza bera diot orain: ziklo bat bete dudala sentitzen dut. Nik, eta agian enpresak ere bai, uste dugu gure helburua eta gure lana bete ditugula lau urte hauetan lortutakoaren ostean. Orain beste ziklo bati ekin behar badiogu, beste helburu batzuk jarri behar dira. Nagusia Tourrean etapa bat irabaztea izan behar da. Jarraitzeko zalantzak izan ditut, exijentzia oso handia delako, baina neure burua prest ikusten dut ziklo berrian proiektuaren gidari izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.