Euskal Herriko Itzulia. PASIO BATEN ATZETIK Imanol Erbiti Taldea.

Laguntasunak ez du mugarik

Tourrean, Vueltan, iparraldeko klasikoetan... Europako bazter guztietan ibilitakoak dira, beraien kutunaren egutegian Euskal Herrian jokatzen diren probak salbuespena baitira. Oraindik orain, aurreko asteburuan Flandrian egon ziren.

Iragan asteburuan Flandriako Tourrera joan ziren Imanol Erbiti Taldeko kideak. Erdikoa da Agirrezabal. IMANOL ERBITI TALDEA.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Ez itzazue bilatu Itzuliko bide bazterretan. Edo bai, txirrindularitzazale amorratu multzoa direlako eta lasterketak zuzenean ikustea gustuko dutelako. Hori bai, ezingo dute euren kutuna animatu, Imanol Erbitik (Movistar) ez duelako inoiz parte hartu Euskal Herriko Itzulian. «Imanolekin kilometroak egin behar ditugu, ez dago besterik», bota du, umoreko, Aitor Agirrezabalek (Hiriberri, Nafarroa, 1988), Erbitiren lagun taldeko kideak, baina penarik gabe. «Donostiako Klasikoan izan dugu hura ikusteko aukera, baina, bestela, beti kanpoan: Flandrian, Paris-Roubaixen, Tourmaleten Tourrean, Luz Ardidenen, Asturiasen bizpahirutan Vueltan, Navacerradan, Bola del Mundon...».

Lagun taldearen GPSan agertzen den helbide zerrenda ia amaiezina da, Erbitik profesionaletan eginiko hamahiru urteko bidearen arrastoa. Lagun taldea Erbitiren txikitako lagunek osatzen dute, Hiriberriko kuadrillak. «Lehen ere beste modu batera mugitzen ginen, baina profesionaletan hasi zenetik ondo baliatu dugu bazterrak ezagutzeko. Opor egunak baliatzen ditugu horretarako», zehaztu du Agirrezabalek.

Erbitiren atzetik ibiltzeak, baina, furgoneta barruan egin beharreko ordu eta kilometro kopurua handitzen du. Urtero behin gutxienez jotzen dute atzerrira, normalean iparralderantz. «Itzuliko pena hor dugu, Nafarroan egiten den World Tour lasterketa bakarra delako, baina Imanolek oso gustuko ditu klasikoak, eta nik zale gisa ere gustukoago ditut. Iparraldeko klasikoak urteko tarterik politena dira, eta handia da lagun bat han ikustea».

Klasiko asko jokatzen dira, baina Erbitiren lagunek badituzte euren kutunak: «Flandriako Tourra eta Paris-Roubaix». Iragan asteburuan, esaterako, han ibili ziren. Agirrezabalek bi arrazoi on ditu bi proba horiekiko debozioa azaltzeko. Lehenbizi, giroa: «Txirrindularitzazale orori esango nioke behin gutxienez hara joateko. Flandrian jai nazionala ospatzen dute: karpak, musika.... Txirrindularitza bizitzeko beste modu bat da. Hemen, jende pila bat pilatzen da errepidean, baina han, festa antolatzen dute txirrindularitzaren inguruan».

Joateko arrazoi ona da hori, baina bigarrena era ez da gutxiagorako: «Han, Imanol aske ikusteko aukera dugu. Tourrean eta Vueltan liderrentzat lanean aritu behar izaten du, eta agian, akaso, ihesaldiren bat hartzen du [Vueltan bi etapa irabazitakoa da]. Klasikoetan, berriz, bere kasa ibiltzeko aukera izaten du, eta han gozatzen du gehien». Baita ondo ibili ere; 2016an, esaterako, Erbiti zazpigarren izan zen Flandriako Tourrean, eta bederatzigarren Paris-Roubaixen.

Izan ere, Erbiti luxuzko morroi izateagatik baita ezaguna tropelean, beti Movistarreko oilarren bizkartzain. Agirrezabalen ustez, lagunak barneratuegi du langile rol hori, eta anekdota polita du horren harira: «Imanolek asko eskertzen du gure babesa, eta beti saiatzen da gu laguntzen. 2016an, esaterako, Vueltan, Aubisquera joan ginen. Etapa oso gogorra izan zen, eta sekulako beroa zegoen. Azken kilometroetan geunden, eta ikusi egin gintuen. Behin bukatuta, beherako bidea autoz egin beharrean, bizikletaz egin zuen, eta ura, freskagarriak eta antzekoak ekarri zizkigun. Berak guri! Guretzat ere talde lanean. Egun horretan esan nion: 'Imanol, umilegia zara'».

Garai batean, lagun taldeko kideak bizikleta martxaren bat antolatzeko aukera aztertzen aritu ziren, multzo handi samarra direlako. Baina, oraingoz, hura animatu besterik ez dute egiten. Tira, eta urteroko bazkari legea antolatu. «Denboraldi amaieran egiten dugu, Hiriberrin bertan, eta 40 lagun inguru elkartzen gara, giro oso onean». Erbitik txirrindulari gutxik adinako metodiko ospea du. Xehetasun guztietan interes handia jartzen duen horietakoa da. Egun horretan, baina, salbuespena egiten du: «Jatuna da Imanol, urte osoan gehiegi zaintzen, eta ondo merezia du bere buruari omenaldi txiki bat egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.