Olinpiar Jokoak

Lagunen eskutik Parisera

Miren Lazkano piraguista donostiarrak Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortu zuen lehen aldiz joan den asteburuan, Pauen (Okzitania). Beste bi gipuzkoar izango ditu ondoan Parisen, taldekideak biak: Maialen Chourraut eta Pau Etxaniz.

MIREN LAZKANO
Miren Lazkano, Donostian, Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortu ostean. ANDONI CANELLADA / FOKU
inaut matauko rada
Donostia
2024ko apirilaren 11
05:00
Entzun

Parisen egingo du debuta Olinpiar Jokoetan Miren Lazkano piraguistak (Donostia, 1997), 27 urte bete berri. Joan diren bi asteburuetan jokatutako Espainiako Kopek eman diote sailkapena donostiarrari, egindako sei jaitsierak batuta azkarrena izan baita beherakoan eslalomeko kanoarekin.

Jokoetarako sailkatzea ez du sorpresaz hartu Lazkanok, ondo prestatu baititu txapelketak urte osoan. Gainera, badaki zer den irabaztea, 2021. urtean Europako txapelduna izan baitzen kategoria berean. Hala ere, duela bi asteburu jokatutako Espainiako Kopan, La Seu d’Urgellen (Katalunia), bi jaitsiera kaskar egin zituen, «penalizazio askokoak». Hiru jaitsiera egin zituen bertan: sei segundoko zigorra izan zuen lehenengoan, hamarrekoa bigarrenean, eta bikoa hirugarrenean. «Denbora azkarrak neuzkan, baina penalizazio handiak ere bai. Hortaz, banekien bigarren asteburuan oso ondo egin behar nituela gauzak» azaldu du donostiarrak.

Bazirudien Nuria Vilarrublak, ordura arte lan onena egin zuenak, segurua zuela Parisko txartela lortzea. Pauen, baina, Lazkanok buelta eman zien La Seu d’Urgellen lortutako emaitzei, eta, azkenean, Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortu zuen. Izan ere, bi asteburuetan guztira egindako sei jaitsieretatik lau denbora onenak hartu zizkioten kontuan. «Garbi nuen zer egin behar nuen, zer landu eta zer arretaz begiratu. Emaitzarekin obsesionatu gabe ibili nintzen, eta, urratsez urrats, sailkatzea lortu dut».

«Denboraldia ez da luzatzen, eta ez da oso ezberdina izango. Orain arte landu ditugun gauzak lantzen jarraituko dugu; soilik fokua aldatu da».

MIREN LAZKANOEslalomeko piraguista

Paristik gertu jokatuko dira eslalom kanoako eta kayakeko Olinpiar Jokoak, Vaires-Sur-Marne ur estadioan, uztailaren amaieran. Lazkano lehiatua da bertan, iaz Munduko Kopa bat jokatu baitzen bertan. Hala ere, kanala pixka bat aldatuko dute, baina jokoen aurretik entrenatzera eta pista ezagutzera joango dira bertara. Onartu du duela bi hilabete galdetu izan baliote etorkizuna beldurrez ikusten zuela esango zukeela, baina orain ilusioz ikusten du, behin txartela lortuta.

Urte gorabeheratsuak

Denboraldiko egutegia joan den igandera arte zuten zehaztua, azken hilabeteetako jarduna guztiz mugatzen zutelako Espainiako Kopek: Olinpiar Jokoak bai ala ez. Ba, baiezkoa atera da, eta uztailaren amaieran sasoi onenean egoteko prestatuko dira. Bidean beste tarteko helburu batzuk ere izango ditu Lazkanok, hiru Munduko Kopa eta Europako Txapelketa Eslovenian, esaterako. Hala ere, tarteko txapelketa horietan ez du helburu zehatzik jarrita; beti bezala, behin joanda, lan ona egitea.

Hala ere, asko ere ez dute aldatuko lan egiteko era: «Denboraldia ez da luzatzen, eta ez da oso ezberdina izango. Azken finean, orain arte landu ditugun gauzak lantzen jarraituko dugu; soilik fokua aldatu da».

Eslalomeko kanoa indibidualean 2021ean lortu zuen bere ibilbideko garaipen nagusia piraguista donostiarrak: Europako Txapelketa irabaztea. Zilarrezko eta brontzezko dominak ere baditu taldekako eslalomean, bai Europa mailan, bai mundu mailan. Kategoria apalagoetan ere baditu dominak. 2021etik honako bidea, egia da, ez da guztiz gozoa izan, baina uste du ez etsi izana dela gakoa: «Gaizki joan zaidanean, ez dut etsi; momentu onak izan ditut, baina ez hainbestetan. Europako Txapelketa irabazi nuen 2021ean, eta hurrengo urteak ez ziren batere onak izan, eta aguantatzea ez da erreza, baina ez etsitzea da gakoa».

Taldekidez inguratuta

Parisera ez du bakarrik egingo bidaia Lazkanok. Izan ere, beste bi gipuzkoarrek lortu dute Olinpiar Jokoetarako sailkatzea: Maialen Chourrautek eta Pau Etxanizek, eslalomeko kayakean biek ala biek. Lurralde berekoak izateaz gain, taldekideak ere badira, Donostiako Atletiko taldekoak baitira. Etxanizentzat ere lehen Olinpiar Jokoak izango dira; ez, ordea, Chourrautentzat: bosgarren olinpiar zita du lasartearrak, eta Euskal Herriko historiako olinpiar kirolari handienetako bat da. Hiru domina ditu, azken hiru jokoetan lortutakoak; kolore bakoitzetik bat. Haiekin batera izango da Miquel Trave kataluniarra, C1 kategorian lortu baitzuen jokoetarako sailkatzea.

Deigarria da, gainera, hiru kirolari horiena, eslalomeko piraguismoa praktikatzeko lekurik gertu ez dagoen lurralde batekoak baitira. Pauera joaten dira astero entrenatzera. Uste du hori izan daitekeela arrakastaren gakoetako bat, egunero kanal batean entrenatu ezin direnez, bertara joatean gogo handiagoz joaten direlako. Hala ere, onartu du gogorra dela astean bi edo hiru bider bidaiak egin behar izatea baldintza onetan entrenatu ahal izateko.

«Ez da piraguismoa bakarrik bizitzen; azkenean, denbora asko pasatzen dugu kanpoan, kontzentrazio txiki asko egiten baititugu, eta beste gauza batzuk bizitzen ditugu, bizikidetza eta talde lana, esaterako». Gehienak txikiak zirela hasi zirela adierazi du Lazkanok, eta garai horietan helduagoek erakutsi zietena orain belaunaldi gazteei transmititzen saiatzen direla. «Ni txikitan hasi nintzenean, ez zitzaidan piraguismoa gustatzen, baina hain giro ona dagoenez, geratu egin nintzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.