Axier Arteaga, Jon Erasun eta Jon Ander Peña pilotariek gaztetxoak zirenetik jokatu dute elkarrekin. Hirurak dira gipuzkoarrak. Lasarte-Orian, Zizurkilen eta Tolosan jaioak dira, hurrenez hurren, eta adina ere bertsua daukate. Gainera, enpresa berean jokatzen dute, Asegarcen. Horrenbestez, larunbatean jokatuko duten bigarren mailako binakako txapelketaren finala, lagunen arteko final bat izango da. Ruben Salaverri errioxarra izango da partidako beste pilotaria. Lekua ere aski ezagunena hirurentzat, Tolosako Beotibar pilotalekua. Han entrenatu ohi dute hirurek. Gipuzkoako pilota izaten ari den loraldiaren isla izango da etziko partida.
Elastiko gorriarekin ariko dira Arteaga II.a eta Erasun; urdinarekin, berriz, Peña II.a eta Salaberri. Atzo egin zuten pilota aukeraketaBeotibarren bertan, eta konforme geratu ziren otarrean aurkitutakoarekin. «Pilota exijenteak ziren guztiak, eta mugitzeko ondo egon beharko dugu. Baina bi bikoteak pozik egoteko moduan gaude», esan zuen Peña II.ak. Dena den, bada alderik aukeratutako piloten artean. «Gure pilotek frontisetik irteera gutxiago dute, eta dezente ibiltzen dira lurrean. Haienek bote handiagoa dute», azaldu zuen Erasunek.
Aukeratutako pilotetatik harago, Salaverriren eskuetan zegoen ikusmina. Minez egon da txapelketa osoan, eta hainbat aldiz ordezkatu behar izan dute. Atzo, ordea, zalantza guztiak uxatu zituen. «Nahiko bolada txarra pasatu dut eskuekin. Baina azken bi asteetan gogor entrenatu naiz, eta bete-betean nago» Hala, «aukera gisa» ikusten du finala. «Ziurrenik, aurkariak gu baino hobeto daude. Oso bikote ziurra, sendoa eta gogorra da. Erasunek ez ditu pilotak nola hala galtzen, eta Arteagak ederki amaitzen ditu tantoak. Baina gure aukerak baliatu behar ditugu». Horretarako, Peña II.ak ezinbestekotzat jo zuen atzean dominatzea. «Hala eginez gero, aurrean aukera asko izango ditugu. Gure indarguneak baliatu behar ditugu, oldarkor jokatu eta pilotari altuera eta abiadura eman».
Txapelketako «garairik onenean» daudela onartu zuen Arteaga II.ak «Gu faboritotzat jotzea gauza ona da. Seinale irabazteko aukerekin ikusten gaituztela. Baina horretan pentsatu gabe, guk gure partida egin behar dugu, eta kantxan erakutsi zergatik garen faborito». Norgehiagoka «gogorra» espero du Erasunek. «Saiatu behar dugu jokoa atzean kargatzen,Arteagak tantoa amaitzeko aukera izateko». Giroaz gozatzeko irrikaz daude laurak. Urduri egon ez arren, aste berezia izaten ari dela onartu zuten. Herrikide asko espero dituzte etzi Beotibarko harmailetan.
Asegarceko teknikari Ruben Belokik «ilusio handiko finala» espero du. «Lehen aldiz iritsi dira halako final batera, eta gogo handiz daude». Partida irekia aurreikusi du, eta gakoa aurreko koadroetan egongo dela uste du, baita Salaverrik eskuak ondo edukitzean ere. Lau finalistetatik hiru Gipuzkoakoak izateak herrialde horretako harrobian gauzak «ondo» egiten ari direla erakusten du, Belokiren esanetan.
Lagunen arteko finala
Arteaga II.a-Erasun eta Peña II.a-Salaverri konforme geratu dira saskian topatu dituzten pilotekin. Final gogorra eta irekia espero dute etzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu