Lagunartekoa bainoago, lagunen arteko finala

Finalerdiak aise irabazi ostean, garai bikainean iritsi dira Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga Lau eta Erdiko Emakume Master Cup Txapelketako finalera. Larunbatean jokatuko da finala, Zornotzan.

Bi finalistak, atzo goizean, Zornotzako pilotalekuan egindako aurkezpenean. EMAKUME MASTER CUP.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Larunbatean beste final bat jokatuko dute elkarren kontra Amaia Aldaik (Dima, Bizkaia, 2000) eta Olatz Arrizabalagak (Gautegiz Arteaga, Bizkaia, 1997), Zornotzan (Bizkaia). Lau eta Erdiko Emakume Master Cupeko finalean neurtuko dituzte indarrak oraingoan, eta garai bikainean iritsi dira biak ala biak. Izan ere, nagusitasunez irabazi zituzten finalerdietako partidak iragan asteburuan, eta biek dute txapel beltza helburu.

Zornotzan bertan aurkeztu zuten finala atzo, eta bi pilotariak ilusioz gainezka daude. Bien arabera txapelketa «oso ona» egin dute, eta urtean zehar erakutsi dute gainerakoak baino «koxka bat gorago» daudela. «Fisikoki, teknikoki eta taktikoki» oso ondo heltzen dela aipatu zuen Aldaik, egungo txapeldunak, eta «lasai» dagoela onartu du: «Txapelketa hasi aurretik presioa neukan urte guztia kamiseta gorria jantzita pasatu dudalako, baina finalera helduta presio guztia joan zait».

Arrizabalagak «fresko» ikusi du bere burua txapelketa hasieratik. Bi pilotariek finaletara iristeko «presioa» daukatela uste du, eta finalerdietako partida jokatu aurretik hori nabaritu zuen. Behin finalera iritsita, ordea, «lasaiago» dagoela dio.

Aurkariak izateaz gain, oso lagunak dira bi pilotariak. Elkarrekin entrenatzen dute, eta ondo baino hobeto ezagutzen dituzte elkarren indarguneak. Final ugari jokatu dituzte elkarren kontra, eta finalik «justuena» dela aitortu du Arrizabalagak: «Lan asko egin dugu biok, eta horren isla da finala». Jokatu duen finalik «garrantzitsuena» dela adierazi du Aldaik, eta, emaitza dena delakoa dela ere, «disfrutatu» egingo dutela berretsi du.

Elkar hainbeste ezagutzea, ordea, aldekoa bezain kontrakoa izan daiteke askotan. Aldaik «positiboa» dela uste du, badakitelako elkarrekin nola jokatu behar duten partida aurrera ateratzeko. Arrizabalaga, aldiz, ez dago hain ziur: «Aurkaria ezagutzeko laguntzen du, baina alde txarrak ere baditu. Xehetasun txikietan erabakiko da finala».

Bi pilotariek aise irabazi zituzten finalerdiak. Aldaik 22-8 irabazi zion Miriam Arrillagari, eta Arrizabalagak 22-2 hartu zuen mendean Enara Gaminde. Arrizabalagaren iritziz horrelako emaitzek finalera begira «konfiantzarekin iristeko» laguntzen dute, baina aitortu du erraz irabazteak «partida gogorrak» jokatzeko ohitura falta dakarrela. Aldaik ere ontzat dauka finalerdietako emaitza: «Psikologikoki asko laguntzen du final batera horrela heltzeak».

Lau eta Erdiko azken txapelduna izanik, Aldai da txapela eramateko faboritoa, eta Arrizabalagak ere hala uste du. Elastiko gorria jartzea «aparteko presioa» dela nabarmendu du, eta horrek finalean eragin dezakeela uste du Arrizabalagak, nahiz eta ez duen zertan. Aldaik, ordea, ez du faborito izateaz ezer jakin nahi: «Neurketa orekatua izango da, biak oso une onean gaudelako, eta ezin da esan faboritorik dagoenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.