Lagunak, aurkari

Mikel Olaetxeak eta Iñaki Artolak elkarren aurka jokatuko dute bihar, Tolosan, lau t'erdikoaren final-zortzirenetan. Lagun zaharrak badira ere, kontrario bilakatuko dira, eta dena emango dute irabazteko.

Mikel Olaetxea eta Iñaki Artola, lurrean eserita, atzo, Beotibar pilotalekuan. FACUNDO ARRIZABALAGA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Tolosa
2015eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Biak dira enpresakideak, biak Tolosaldea ibarrekoak eta biak errotik euskaldunak. Gazteak izanagatik, lagun zaharrak dira Mikel Olaetxea (Lizartza, Gipuzkoa, 1985) eta Iñaki Artola (Alegia, Gipuzkoa, 1994). Profesionaletan debuta aspaldi egin zuen Olaetxeak; orain urte eta erdi besterik ez Artolak. Halere, nahiko denbora izan dute bien laguntasuna indartzeko. «Oso lagunak gara. Ordu asko egiten ditugu elkarrekin», aitortu du Artolak. Halere, laguntasun hori alde batera utzi beharko dute bihar, lau t'erdiko final-zortzirenetako partida elkarren aurka jokatuko baitute, Tolosako Beotibarren. Hain zuzen ere, atzo hautatu zituzten pilotak, eta biak ere kontent geratu ziren. «Bakoitzak bere gustukoak apartatu ditu. Nik, motelagoak, eta berak, biziagoak», zehaztu zuen Olaetxeak.

Saskian egongo diren pilotei dagokienez aitzakiarik ez da izango, beraz. Ezta frontoiaren inguruan ere. Tolosatik launa kilometrotara bizi dira bata zein bestea, eta etxeko ohea bezain ongi ezagutzen dute Beotibar. «Tolosako pilota eskolan urteak eman nituen profesionaletara iritsi baino lehen, eta orain ere hemen entrenatzen naiz ia beti. Horrez gain, hainbat haurren entrenatzaile aritzen naiz pilotaleku honetan bertan», azaldu du Olaetxeak. Artola ere ez dago inbidiatan egoteko moduan. «Hamasei urtez geroztik orain arte Beotibarretik atera gabe nabil. Makina bat entrenamendu egin dut Olaetxearekin! Ekaitz Saralegirekin batera, harengandik ikasi dut gehien. Pilotalekua eta aurkaria ongi baino hobeto ezagutzen ditut».

Eta hori zer da, ona edo txarra? Artolak garbi du erantzuna. «Gure artean ez dago sekreturik. Oso pilotari arriskutsua da Olaetxea, eta edonori irabazteko gai da, iaz erakutsi zuen bezala. Arrazoi ezberdinak tarteko, biok izango dugu presioa, eta ongien eramaten duenak irabaziko du». Olaetxea ados dago. «Niretzat ohorea da Artolaren aurka jokatzea. Uste dut etorkizunean izar handi bat izango dela, eta nik esan ahalko dut: hara, horren aurka jokatu nuen nik!». Eta irabaziz gero, harrotasun handiagoz esango du. «Hori oso zaila izango da. Oraingoz lasai nago. Presioa izango dut, pilotalekuan ezagun asko izango dudalako, baina ez irabaztera derrigortuta nagoelako». Izan ere, ekainean amaituko zaio kontratua lizartzarrari. «Lau t'erdian edozein lan egiten dudala ere, uste dut bide motza geratzen zaidala profesionaletan». Artolak asko sumatuko luke haren falta. «Bai, pentsa! Tertuliakide eta lagun galantaren falta sumatuko nuke».

Makina bat ordu elkarrekin

Besteak beste, aurtengo udan tokatu zaie elkarrekin autoan bidaiatu beharra, eta pilotaren une ederrenetakoak horiek direla uste du Artolak. «Lagunekin konfiantza halako momentuetan egiten da. Guk ederki pasatzen dugu». Entrenamendu fisikoetan ere ongi pasatzen dutela aitortu du Olaetxeak. «Artolak eta biok, gainera, gazteleraz justuan egiten dugu, eta elkarri adarra jotzeko aitzakia badugu beti». Gai horren harira, erabaki bat hartu beharrean gertatu zen Artola, gainera. «Berak esan zidan: Aizak, Iñaki: hi eroso sentitzen al haiz telebistan gazteleraz hizketan? Eta ezetz esan nion. Halaxe hasi ginen adierazpen guztiak euskaraz egiten. Horretan ere irakasle izan dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.