Lagun izatearen indarra

Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernikarrak elkarrekin ari dira bidea egiten zesta-puntan. Igandean, euren ibilbideko finalik bereziena jokatuko dute etxean: Winter Seriesena.

Xabi Barandika eta Unai Lekerika, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuaren aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Dena daukate bikote ederra egiteko: gernikarrak dira biak; eskola berean ikasi zuten; makina bat aldiz jokatu zuten elkarrekin afizionatuetan; egun berean egin zuten estreinakoa profesionaletan, 2015ean, etxean; handik gutxira, elkarrekin hartu zuten hegazkina amets amerikarra bizitzeko, Danian (AEBak); elkarrekin bizi eta jokatu zuten han ia zazpi urtez, frontoia itxi zieten arte; eta elkarrekin itzuli ziren etxera. Hori gutxi ez, eta euren abizenek errima dute: Barandika eta Lekerika.

Izatezko bikotea dira Xabi Barandika (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1990) eta Unai Lekerika (Gernika-Lumo, 1994); elkarrekin ezin hobeto moldatzen den izatezko bikotea. Azkeneko asteetan erakutsi dute etxean, Jai Alai frontoian, Winter Series txapelketaren bigarren aldian. Lan ederra egin dute, eta sari handia jaso: lehen aldiz jokatuko dute finala. Diego Beaskoetxea herrikidea eta Imanol Lopez zumaiarra izango dituzte aurkari igandean (12:00, ETB1).

Segituan utzi dute biek oso argi «ilusio handia» pizten diela finala elkarrekin jokatzeak. «Halako final polita norekin jokatu nahiko nukeen galdetuz gero, ez nuke zalantza egingo: Unairekin beti. Ez dago ezer bereziagorik final hau harekin jokatzea baino», dio Barandikak. «Ibilbide ia osoa egin dugu elkarrekin, eta une asko bizi izan ditugu; niretzat oso garrantzitsua da Xabi. Horregatik, oso polita eta berezia da harekin final hau jokatzea, are gehiago etxean. Ea txapela irabaz dezakegun, dena biribiltzeko», Lekerikak.

Arrakalarik gabeko adiskidetasuna da haiena. «Sekulako harremana dugu: frontoian oso ondo moldatzen gara, nahikoa dugu begirada edo keinu bat elkar ulertzeko; eta frontoitik kanpo ere oso ondo moldatzen gara. Urte pila bat daramatzagu elkarrekin, eta ez dut gogoratzen bion arteko haserrealdirik», azaldu du Barandikak. Lekerikak oso argi du: «Laguntasun horrek egiten gaitu indartsu. Konplizitate handia dugu. Partidan, badakigu besteak zer behar duen une bakoitzean, eta hori funtsezkoa da une zailetan. Horri esker iritsi gara finalera».

Elkarren osagarri

Bi pertsona, eta bi izaera. «Niri gustatzen zait etxean lasai egotea. Unai, ordea, beti dabil planak egiten». Baina bi izaera horiek ezin hobeto egiten dute bat frontoian. «Ez dakigu erdizka jokatzen; beti aritu behar dugu bete-betean. Oso lehiakorrak gara», esan du Barandikak. «Ni Xabi baino urduriagoa naiz, baina kantxan, oso lasai aritzen naiz; badakit une bakoitzean nola jokatu behar den. Finean, batek ez duena besteak du; elkarren osagarri gara».

Etengabe hitz egiten dute elkarrekin, eta etengabe animatzen dute elkar. «Orain mikrofonoak daudenez, gehiago igartzen da, baina guk beti hitz egin dugu asko. Gustatzen zaigu elkar animatzea; motibazio handiagoz aritzen gara», esan du Barandikak.

Bikotekideaz galdetuta, laudorioak baino ez dituzte. «Jendeak Unairen inguruan gehien nabarmentzen duena da sekulako eskuma duela, eta horrekin min handia egiten duela. Ni ados nago horrekin, baina, nire ustez, haren onena defentsa da; inor ez da hura baino hobea: beti dago bere tokian, pilota asko sartzen du, eta itzel bota. Nik beti esaten diot pilota bat gehiago jotzera inork ez diola irabaziko. Haren jarrera beti da bat gehiago jotzera. Eta hori funtsezkoa da. Horregatik diot onena dela».

Laudorioak batek, eta laudorioak besteak. «Nire ustez, fisikoki, ez dago Xabiren parekorik; pilotaririk gogorrena da. Defentsa ere oso ona du: pilota asko sartzen ditu, eta pilotakada on asko eman. Gainera, azken bizpahiru urteetatik hona aurrerapausoa eman du errematean; ondo amaitzen du tantoa. Gero eta osoagoa da».

Finala polita izatea nahi dute

Finalean daude, baina autokritika egin dute. «Oso ondo hasi ginen, txapeldunei irabazita: Erkiagari eta Zabalari. Baina hurrengo bi partidetan ez ginen ondo aritu. Thomasi [Urrutia] eta Aimarri irabazi genien, eta Olharanen eta Basqueren aurka galdu. Hilabete eta erdi egon ginen zain sailkatuko ginen jakin gabe, baina, halere, gogor entrenatu ginen. Zorionez, sailkatu egin ginen, eta finalerdira konfiantza handiz iritsi ginen. Aukera genuen finala jokatzeko, eta aprobetxatu egin genuen», azaldu du Lekerikak.

«Gu sasoi betean gaude, baina haiek ere bai», nabarmendu du Barandikak. Berehala aipatu dute Imanol Lopez. «Haren aurkako partida guztiak dira gogorrak; oso indartsua da, pilota asko sartzen du, gutxi huts egin, eta nahi duen tokian jartzen du pilota; gainera, daukan errebesarekin, eta Gernikan, frontoi luzea dela, atzean sartzen ditu aurkariak. Pilota biziekin min egiten saiatu behar gara», dio Lekerikak. «Haiek gailendu nahiko dute, eta gu hiru koadro atzerago izan. Bete-betean aritu beharko dugu defentsan, eta aukera duenean, Unaik min egin beharko du eskumarekin; nik, berriz, ezin dut barkatu».

Biek nahi dute finala «ederra» izatea. «Ikusleek merezi dute txapelketako partidarik politena izatea», esan du Barandikak. «Giro itzela dago; jendeak animatu egiten gaitu kalean; oso polita da txapelketa hau lortzen ari dena. Eta finala falta da! 2.000 ikusletik gora; hiru gernikar kantxan, Diegoren agurra... Sekulakoa izango da», dio Lekerikak, ziur.

Barandikak «arantza atera» nahi du igandean. «Inoiz ez dut irabazi txapel bat Gernikan. Ea lor dezakedan. Oso berezia izango da lehengusuaren agurrean jokatzea. Diegok txapela irabazita utzi nahiko du, baina nik ere txapela nahi dut». Asmo horretan, laguna izango du berriz ondoan: «Ni Gernikan irabazitakoa naiz [Grand Slama, 2021ean], baina Xabi ez. Ea lagun diezaiokedan irabazten. Poz hori eman nahi diot; merezi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.