Bi hilabete eskas geratzen dira ACBko liga erregularra bukatzeko, eta onenen ligan egon nahi duten taldeak tentsioa sumatzen hasiak dira, dagoeneko. Lagun Aro da horietako bat, eta Fuenlabrada bestea. Joan den astean donostiarrak salbu zeuden, eta aste honetan Madrilgo taldeak kendu dio sari hori, Lagun Arok Gasteizen galdu ostean. Gipuzkoarrek zazpi garaipen dituzte, espainiarrek baino bat gutxiago, puntu aldea Sito Alonsoren taldearentzat, eta biak orpoz orpo ibiliko dira liga bukatu bitartean.
Etxeko partidak irabaztea funtsezkoa izango da, eta, ikuspuntu horretatik, asteburua aproposa da Lagun Arorentzat. Kanarias hartuko du bihar (19:15), eta Fuenlabradak etzi jokatuko du Bilbon. 11 garaipen batu behar dira gutxienez, eta horrek esan nahi du Lagun Arok zortzitik lau irabazi beharko lituzkeela. Gutxienez, nahiz eta berdinketa kontuekin puntu aldean abantaila txiki bat daukan. Egutegi zital samarra du, eta irabazteko modukoak direnak aurrera ateratzeak salbazioa eman diezaioke. Kanarias da horietako bat, Cajasol eta Obradoiro bezala, biak Illunben (apirilaren 13an eta 28an).
Zailagoak dira etxetik kanpo jokatu beharrekoak: CAI Zaragoza, Valentzia eta Kanaria Handia. Hiru horietatik bakarren bat irabazi beharko dute, gehiago ez badira, are zailagoak baitira ligako azken bi norgehiagokak, talde aberatsenen aurka: Bartzelona etxean, eta, azkena, Real Madrilen kantxan. Jaitsiera bi horiek jokatu aurretik saihesten bada, askoz hobe.
Lagun Aro ondo dago. Azken sei partidetatik lau irabazi ditu, eta, ziurrenik, zuloan dauden taldeen artean bera da indartsuena. Kanarias dagoeneko ez dago zuloan. Azken bi partidak irabazi ditu, eta horri esker 11 garaipen ditu, nahikoak komeriarik ez pasatzeko. Ricardo Uriz nafarrak jokatzen du talde horretan, eta bikain ari da. Haren taldekide asko ere ondo ari dira: Jakim Donaldson, Blagota Sekulic, Fotios Lampropulos eta Ricardo Guillen. Kanpoko lerroan ere dinamita dezente daukate Tenerifekoek: Nicolas Richotti, Saul Blanco eta Levi Rost estatubatuarra.
Donostiarrei dagokienez, Guille Rubio, Ekene Ibekwe eta Dani Diezek aurrerapausoa eman zuten Gasteizen, Qyntel Woodsen hutsunea estaltzeko. Estatubatuarrak beroketa saioa egin zuen Gasteizen, eta, ondo bidean, jokatzeko moduan egongo da. Haren, eta beste jokalari guztien beharra edukiko du Sito Alonsok, Kanariasek etxetik urrun duen estatistika kaskarrak itxaropen apur bat ematen badu ere: hamahiru partida jokatu ditu, eta hiru bakarrik irabazi.
Lagun Arok etxean irabazi beharra du, Kanariasen aurka
Donostiako taldeak jaitsiera utz dezake, bihar irabazi eta Fuenlabradak etzi Bilbon galduz gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu