«Lagatzeak gehiago motibatzen nau segitzeak baino»

Mikel Labakak erretiroa hartu du, 33 urte betetzear dagoela eta hamar urtean puntan aritu ondoren

Erredakzioa
Donostia
2013ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Denbora zeraman erretiroa hartzeko asmoari bueltaka, eta, azkenean, eman du pausoa. Mikel Labakak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1980) futbolari izateari uztea erabaki du. Jokalariak berak baieztatu dio berria Uztarria-ri. «Lagatzeak gehiago motibatzen nau segitzeak baino, eta utzi egin dut». «Alderdi denak aztertu» ostean hartu du erabakia. «Azkeneko bi denboraldiak Rayon egin ditut, eta atzenekoan jada buruan banuenlagatzeko ideia. Denboraldia bukatu eta Madrildik etorri nintzenean, %99an erabakita neukan, baina hemen, herrian, familiarekin gehiago hitz eginez eta abar, behin betiko erabakia hartu berri dut».

«Garai onean» hartu du erretiroa. «Ondo utzi dudala uste dut: abuztuan 33 urte beteko ditut, baina sasoian nago oraindik, beste kirol batzuk egiteko moduan naiz, futbolarekin ezdut gogaituta amaitu. Gustura bukatu dut. Hauxe nuen momentua».

«Etxean asentatzeko gogoa» du, eta ez du baztertu aurrerantzean futbolarekin lotura izatea. Entrenatzaile tituluen artetik hirutik bi dauzka. «Baina, ikusiko dugu». Oraingoz, beste zeregin batzuei emango die lehentasuna: alabekin egoteari, ingelesa ikasten sakontzeari, Azpeitian egoteari…

Labakak Lagun Onak-en, Realeko harrobiko taldeetan, Real Unionen, Murtzia Hirian, Realean eta Rayon jokatu du. Espainiako Lehen Mailan 111 partida jokatu ditu, Realarekin 88 eta Rayorekin 23. Bost gol sartu ditu, lau Realarekin eta bat Rayorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.