Ladis Galarzak ez du jarraituko binakako txapelketan. Asegarce ez dago gustura hark egindakoarekin, eta txapelketa bukatu arte Ibai Zabalak beteko du haren tokia Oinatz Bengoetxearen alboan. Arautegiak onartzen duen erabaki bat da, eta enpresek bigarrenez erabili dutena —aurrenekoa iaz izan zen, Aritz Lasak Sebastian Gonzalezek tokia hartu zuenean—. Erabakia ez da ezustekoa izan; Galarza ez da batere fin ibili txapelketan, eta herenegun, Tolosan, antzematen zen konfiantzaz larri dabilela.
Binakako txapelketak onartzen ditu horrelako aldaketak, eta arautegia argigarria da: «Bere kirol maila, enpresaren jakintza eta ulermen leialaren arabera eskatu ahal dena, erakusten ari ez den pilotaria, enpresa bereko beste pilotari batek ordezkatu ahal izango du». Ladis Galarza aukeratzean arriskatu egin zuen Asegarcek, eta apustua ez zaio ondo irten. Hemendik aurrera ezingo du beste inoren ordez jokatu, eta Zabala ere ezingo da beste pilotari baten ordezko izan. Bestalde, Zabala ez da izango asteburu honetan jokatuko duen ordezko bakarra. Jakina zen Andoni Aretxabaletak ez zuela jokatuko larunbatean; ez, ordea, zein ariko zen haren ordez. Azkenean, Aritz Beginok jokatuko du Aimar Olaizolarekin.
Ladis Galarzak ez du jarraituko binakakoan, eta Ibai Zabalak ordezkatuko du
Asegarcek uste du ez dela ari behar den mailan; larunbatean, Begino ariko da Aretxabaletaren ordez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu